Gaur hasiko da "Hitzetik Hortzera" saioaren denboraldi berria Euskal Telebistan. Hainbat berrikuntzekin dator bertso saioa oraingo kurtsoan; azpimarragarriena, besteak beste, aurkezle berria eta emisiorako kate berria izango dituela. Aireratu berri den ETB-3 katean izango da saioa ikusgai ostegun gaueko 21:30etik aurrera eta Amaia Uribe izango du gidari. Igandeetan berriz, ohi bezala, ETBko lehenengo katean izango da ikusgai.
Jon Artano izango da Hitzetik Hortzerako zuzendaria eta Izaskun Bernedo arituko da errealizatzaile lanetan. Saioa guztiz itxuraberrituta aurkeztuko da eta eduki berriak izango ditu, zuri-beltzeko bertsoak eta lehiaketa, esate baterako. Bat-bateko bertsoek jarraituko dute, ordea, saioaren ardatza izaten.
Ostegun honetan ikusi ahal izango den lehenengo saioan Oñatiko bertso jaialdira eta Usurbilgo bertso afari batetara gerturatuko dira. Beñat Gaztelumendi, Xabi Paya, Iker Zubeldia, Aitor Mendiluze, Jexux Mari Irazu eta Joxe Agirre aritu ziren Oñatin bertsotan Egoitz Aizpururen esanetara. Usurbilgo Olarrrondo jatetxean, aldiz, Xabier Amuriza eta Joxe Agirre izan ziren protagonista. Bat-bateko bi saio horietaz gainera, Iparraldeko I. Bertsolari Xapelketa hastear den honetan, Iparraldean bertsolaritza zertan den azaltzen duen erreportajea izango da ikusgai.
"Hitzetik Hortzera" programak 20 urte beteko dituela eta, unerik gogoangarrienak erakutsiko dituen atal bat estreinatuko dute eta Lazkao-Txikiren zuri-beltzeko bertso bat gogora ekartzeko aukera ere izango dute ikusleek.
Bizkaiko Txapelketak ere izango du bere tartea saioan. Hain zuzen ere, Amaia Uribe saioko aurkezle berriak Txapelketa honetan parte hartzen duen hirugarren aldia izango da. Bertso munduan oso ohikoa bada ere, Amaiak ez du bertso zaletasuna familiako inorengandik hartu. Izan ere bera bertso munduan murgildu ondoren sortu da zaletasuna bere etxekoen artean.
Bizkaiko Txapelketaz gain, Eskolarteko eta BBKko bertso txapelketetan parte hartu izan du Amaiak. Asko du Jon Lopategi bertsolariari eskertzeko, bera izan baita mundu honen zirrikitu guztiak erakutsi eta bertsogintzan trebatu duena. Ikusentzunezko komunikazio ikasketak burutu ditu Amaiak eta orain arte Euskal Telebistako albistegietan aritu da kazetari gisa. Hemendik aurrera "Hitzetik Hortzera" saioaren gidaritzarekin uztartuko du lan hau.
Erantzun
Sartu