Teknologia albisteak
1

Un pour tous et tous pour un !

Erabiltzailearen aurpegia
Iñaki Lasa eta Ione Josié - Kontseilua
2008-06-19 : 17:06

Berritz ere frantziar jakobinismoak gure hizkuntzen aitorpenaz abiat eztabaida bertan behera gelditu dadin lortu du. Izan ere, gora-behera askoren ondoren, maiatzaren 7an frantses legebiltzarrean abitu eztabaidari segida eman bazitzaion maiatzaren 22an, Konstituzioaren 1 artikuluaren moldaketa eragingo lukeen aipua onartuz – baina esan beharra dago, herri mugimendua asetzea lortu gabe- atzo, Senatuak atzera bota du kontrako testu bat bozkatuz.

Horretaz, prozedurak zion, aipua Konstituzioan definitiboki jaso baino lehen Senatuak berretsi behar zuela, baina, eztabaidari amaiera eman dio. Azken finean, zarata asko baina lorpen gutxi!

Badirudi, kointzidentzia soilik bada ere, Senatuak eta Frantses Akademiak bat egin dutela, Akademiak Senatuak hartuko zuen deliberoan eragin nahi izan nahi badu ere, testuingurua prestatzen ari zela ematen du. Izan ere, Maiatzaren 22an, Frantses legebiltzarrean, diputatuek hartu erabakia gaitzetsi du Akademiak, Frantziako Konstituzioan hizkuntza gutxituei aipamena egitea, alegia. Herritarren berdintasun irizpideak urratzen dituela esan du, administrazioa edo justiziaren aurrean, tokiko hizkuntza baten erabilera, berdintasun eskubidearen aurka doala azpimarratuz, hau da, aldaketaren ondorioz herritar guztiek ez dutelako eskubide bera administraziora edo justiziara jotzerakoan.

Gogora ekarri behar dugu, 1635ean, Richelieu kardinalak, gutxi batek menperatzen zuen Frantses hizkuntza hedatzeko sortu zuen Frantses Akademia. Kardinal gorriak, prestigio eta zabalkuntza murritza zeukan hizkuntza zabaldu nahi izan zuen, horretarako gainerako hizkuntzen baztertzea ahalbidetuz. Richelieu gaiztoaren ondorengoek, izan senatariak edota Akademiako kideak, haren lana bukatu nahi dute euskara, eta Frantzian hitz egiten diren beste hizkuntzak, desagerraraziz, izan ere, bere sortzailearen izpirituan irakurri behar dira gai honen azken gertakariak.

Frantses iraultzak giza eskubideen deklarazio unibertsala onartu zuen, monarkia absolutua baztertu eta, bere harrotasuna eragiten duten hiru lemak asmatu zituen, prekonstituzionalak direnak: “ Askatasuna, berdintasuna, elkarbizitza” edo frantsesez esanda “Liberté, égalité, fraternité”, hain zuzen ere. Konstituzioa bera baino lehenagokoak diren hiru kontzeptu hauen funtsa aztertu behar genuke, Frantziak harrotasunez adierazten duen moduan aplikatzen dituen egiaztatzeko, eta egia esan, gaur egun gure hizkuntzek jasaten duten egoera diglosikoa kontuan hartzen badugu, erraz izanen zaigu aurkako jarrera duela frogatzea.

Askatasuna, Frantzian denak omen gira aske, alta, gure hizkuntza praktikatzeko, normaltasun osoz erabiltzeko arlo pribatutik kanpo, hau da, administrazioaren aurrean, justizian, alor sozioekonomikoan…ez dugu inongo askatasunik, Konstituzioaren 2. artikuluak, frantsesa dela Errepublikaren hizkuntza legal bakarra adierazten baitu, eta jatorrian, Ingelesaren hedatzearen aurka egiteko sortu bazen, hau da, frantsesa babesteko, gure hizkuntzen kontra egiteko erabili da, eta ordura arte, araurik ez zegoelako, libertate zenbait bagenitu, hala nola, Justizian euskaraz hitz egitekoa, geroztik ukatu egin zaigu. Ez da askatasunik euskaldunontzat ezin badugu gure hizkuntza normaltasunez erabili.

Zer esan Berdintasunaz? Urteetan euskaldunoi etengabeko trabak ezarri zaizkigu ‘identitate nazionalaren’ izenean” Frantziako identitate nazionala gure hizkuntza ezabatuz eraiki nahi izan dutelako. Testuinguru horretan, berdintasunaren izenean diskriminazioa jasan behar izan dugu, eskubide kolektiboen eta gutxiengoen aitorpenaren beharra agerian utziz.

Gogoratu nahi dugu, urtetan berdintasunaren aitzakiaz, gure hizkuntzen kontra egin dela, hau da, gure hizkuntzak desagerrarazteko hizkuntza politika bideratu dutela. Bestalde, esan nahi genuke, 2008ko maiatzaren 19an NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak Frantziako Estatuari Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna betetzearen inguruan gomendio berriak egin dituela: Frantziako Estatuak ez ditu Nazio Batuetan onartutako gutxienekoak errespetatzen. Izan ere, NBEko Batzordeak berresten du ‘berdintasun’ printzipioa eta bereizkeria eragiteko debekua ez dela beti egokia giza eskubideen berme eraginkorra segurtatzeko. Hartara, gomendioa egiten du Frantziako Konstituzioak gutxiengoen inguruan duen jarrera berrikusteko, eta ofizialki onar dezatela gutxiengoen taldeak edota kultura-aniztasuna bermatzeko beharra, hala nola, Konstituzioan gutxiengoen edo eskualdeko hizkuntzen aitortza formalik ezarriz. Estatuaren jarrera berrikus dezala eskatu dio Batzordeak, hau da, ezinbestekoa dela gure hizkuntzen aitortza ofiziala. Halaber, Batzordea ohartu da Estatuak ez duela nahiko ahalegin egin gutxiengoen edo eskualdeetako hizkuntzak babestu eta sustatzeko. Are gehiago, aitortza formalik ez izateak hiztunen kopuruaren gainbeherari lagundu egin diola uste du Batzordeak. Oro har, ez da berdintasun egoerarik izanen euskaldunontzat bigarren mailako herritarrak bagara. Euskaldunak menpeko gara “berdintasunaren” herrian.

Eta elkarkidetzaz? Espazio geografiko berbera, bi hizkuntzek betetzen dute frantsesa eta euskara. Hala ere, haien arteko harremana diglosikoa da, alegia, euskarak ez ditu funtzio komunikatibo guztiak betetzen, bere erabilera mugatua da gizarte alor askotan, ingurune geografiko batzuetan eta ez dute herritar guztiek ezagutzen. Nola bultzatu elkarkidetza, hizkuntza bakarra delarik ofiziala eta bestea ukatua, heriotzara kondenatua ? Elkarbizitza zaila da inor menperaturik bizi den bitartean. Euskara bertakoa da, berezkoa, ez da beste inongoa. Erabiltzen duen herritarra ere hemen bizi da eta hori ezin du inork aldatu, bere eskubidea da. Asko dira munduan hizkuntza bat baino gehiago duten nazioak eta aberastasun hori demokratikoki kudeatzen denean elkarbizitza arazorik ez da gertatzen, horrez gain, denek dakigu hizkuntza bat baino gehiago jakiteak zer nolako aberastasuna ekartzen digun.

Ondorioz, historikoki euskaldunoi kendu digutena zor digute orain. Euskara normalizatzea eskubidezkoa da eta horretarako Konstituzioari egin nahi zaion aldaketatik harago joan behar da euskararen estatusa frantsesak duenarekin berdinduz. Estatus egokiaz haratago, babes juridikoa ere behar da eta normalizaziora eramango gaituen hizkuntza-politika eraginkorra. Hitz batez, euskara ofiziala behar da bere lurralde osoan.

Finean, Alexandre Dumas-ren lau Mosketeroek Austriako Ane erreginaren duintasuna eta erresumaren oreka salbatzeko borrokatu baziren, Richelieu Kardinalaren tranpa maltzurretan erori gabe, herri mugimenduak ere, lanean, elkarlanean segituko du, Ane erreginaren bitxien parekoa den euskara berreskuratu eta normalizatzeko! Richelieu-k irabazi badu gaurkoan, ez da behin-betikarako, herri mugimenduak lanean segituko baitu euskararen aitorpena eta normalizazioa ahalbideratu arte! Mosketeroak denok bat, ofizialtasunaren alde!!!

Iñaki Lasa eta Ione Josié
Kontseiluko Ildo politikoko ordezkariak

Erantzunak

Sustatu
2008-06-19 : 19:19

Hona testu eta lotura batzuk. Konstituzioaren lehen artikulua honela gera zedin onartu zuen Asanblea Nazionalak maiatzean:


La France est une République indivisible, laïque, démocratique et sociale. Elle assure l'égalité devant la loi de tous les citoyens sans distinction d'origine, de race ou de religion. Elle respecte toutes les croyances. Son organisation est décentralisée. Les langues régionales appartiennent à son patrimoine national.


Hemen, egun hartako eztabaidaren akta.


Akademia Frantsesak aho batez ekainaren 12an onartutako kontrako deklarazioa hemen.


Senatuak atzera bota zuen atzo Asanblea Nazionalaren erabakia, 213 boto Konstituzioa aldatzearen kontra, 103 alde. Hona kronika bat prentsan.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago