Teknologia albisteak
1

Menu eta kartak euskaraz jartzeko bihurgailua

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel Etxebeste Mendarte - Donostiako Euskararen Udal Patronatua
2008-06-10 : 16:06

Menu bihurgailua taberna, jatetxe zein edozein etxetako menuak eta kartak gaztelaniatik automatikoki euskaratzeko tresna informatikoa da. Tresna hau Donostiako Euskararen Udal Patronatuak ostalari eta merkatarientzat sortu zuen merkatari.net atarian dago, eta ostalari eta sukaldariek gehien erabiltzen dituzten plater eta menu izenak euskaratzeko gai da.

Egitasmo berria da, ez baitzegoen orain arte menuak eta plater izenak gaztelaniatik euskarara ekartzeko internet bidezko tresnarik.

Bihurgailuaren aurkezpena eta prentsaurrekoa ekainaren 10ean egin da Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan. Ekitaldian Ainhoa Beola, Hizkuntza Normalkuntza zinegotziak, ondokoa adierazi du: Menu bihurgailua baliabide eraginkorra izan daiteke euskararen presentzia handitzeko Donostiako ostalarien eta tabernarien menuen eskaintzatan zein taberna eta jatetxeetako hizkuntza paisaian. Horrez gain, gastronomiari loturiko zenbait hitzen erabilera normalizatzeko lagungarria izango da.

Dijitalidadea S.L enpresak sortu duen menu bihurgailuak hainbat iturri erabiltzen ditu corpusa osatzeko: merkatari.net atarian dagoen Euskara Platerean saileko hiztegia eta menuen bilduma, Leioako Ostalaritza Eskolako gastronomiavasca.net eta sukaldea.com web guneetako fondoak... Guztira, 1057 termino eta horien eratorriak biltzen ditu. Termino edo sarrera horiek multzo funtzionaletan banatuta daude, hau da, esaldia osatzeko osagaiek duten portaera berezitua aintzat hartuta banatu dira:

  • Osagai nagusiak: txuleta, karramarroa
  • Hitz anitzeko terminoak: baratxuri hotsa, zizka-mizkak aukeran
  • Adjektiboak: ketua, krematsua, etxekoa
  • Aditzak: gozatua, irin-arrautzeztatua
  • Jakien zatiak: Saiheskia, hanka, muina
  • Prestaera moduak: Entsalada, ogitartekoa
  • Gehigarriak: olioa, bainilla, maionesa

Menu bihurgailua edonork erabili dezakeen arren, euskaraz jakin edota ulertzen duten ostalari eta tabernariei zuzenduta dago bereziki. Euskara ezagutzen ez dutenek erabiliz gero, komeni da tresnak proposatutakoa euskaraz dakien norbaitek berrikustea. Menu bihurgailua menu eta jaki ugari gaztelaniatik euskarara itzultzen duen arren, tresna mugatua da, zailtasuna areagotzen den heinean erantzuna jasotzeko aukera txikiagoa da.

Merkatari.net, ostalari eta merkatarien zerbitzura

Lehen aipatu bezala, menu bihurgailua merkatari.net atariaren barruan dago. Euskararen Udal Patronatuak www.merkatari.net sortu zuen ostalari eta merkatariek euskararen gainean dituzten informazio beharrak ase eta ahalik eta zerbitzu osatuena eskaintzeko. Bertan patronatuaren diru laguntzen gaineko informazioa ematen da (euskara ikasteko, kanpo errotulazioa euskaraz edo ele bietan jartzeko diru laguntzak, e.a).

“Euskaraz idatzi” izeneko atalean euskaraz jarduteko laguntza eskaintzen da eta patronatuak testu laburrak itzuli, zuzendu eta zalantzak argitzen ditu. Horrez gain, sektoreko profesionalek material lagungarria ere aurki dezakete: “Lanerako Idazkiak” liburuxka, hiztegiak eta entziklopediak…

Euskara ikasi nahi dutenentzat informazio zabala ematen da, bereziki Euskararen Udal Patronatuak azken bi urteotan ostalari eta merkatarientzat euskara ikasteko prestatu ohi dituen ikastaro berezituei buruzkoa.

Bestalde Koldo Izagirre idazleak egindako “Euskara Platerean” izeneko atala dago. Hainbat bitxikeri aurki daitezke: gastronomiaren aipamenak euskal idazleen lanetan ( Etxahun, Bilintx,..); gastronomiaren entziklopedia txikia; gastronomiari buruzko gaztelania-euskara hiztegia, errezetak, zenbait jatetxeren menuak euskarara ekarrita…

Azkenik merkatari.net atariak sektoreko profesionalentzat interesgarriak izan daitezkeen berriak ematen ditu albiste buletinean.

Donostiako Euskararen Udal Patronatua ahalegin berezia egiten ari da euskararen erabilera areagotzeko merkataritzan eta ostalaritzan. Egun Donostian, 1.500 ostalaritza establezimendu daude eta aipatu egitasmo eta ekimen guztiak lagungarriak izango dira euskararen presentzia gehitzeko.

Bestalde, Iñaki Illarramendi Gipuzkoako Ostalaritza Enpresarien Elkarteko lehendakariordeak adierazi du “hain tresna azkarra eta erabilerraza gure eguneroko lana egiteko oso lagungarria da, gure kartak eta menuak automatikoki euskaratzeko aukera izango dugu eta. Horrek gure lan eremuan erabateko eraginkortasuna du eta ongi etorria da”.

Erantzunak

Edorta Agirre
2009-04-07 : 12:02

Polita ez ezik, ederra. Eraginkorra. Mesedegarria euskararen estandarizazioan eta unibertsalizazioan, etc. Zerbitzariek erabiliko ote? Bezeroaren eta ostatuaren arteko zubia zerbitzaria da. Agian, krisialdi honek ostalaritzan zerbitzari euskaldunak txertatuko ditu baina, bestela...

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago