Egitura, helburu eta ezaugarri berberekin, baina berrituta datoz Bizkaiko Eskualdeetako Txapelketak. Udazkeneko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan bertan ere bada nobedaderik. Euskaldunatik BECra pasatuko da aurten finala.
Urte birik behin ospatzen da Bizkaiko Bertsolari txapelketa. Tradizioari eutsi arren, etengabe aldatzen doa. Aurreko urteetako egitura bera, ezaugarri berberak eta helburu berberak izango ditu aurtengoak ere, baina ez du berritasunik faltako.
Hasteko finala Euskaldunan barik BECen izango da. Euskalduna txiki geratu da eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak ez du inor kanpoan utzi gura. BEC betetzea barik, bertsozale guztiei finalean egoteko aukera ematea da helburua.
Hori udagoienean izango da, baina orain, maiatzean Eskualdeetako Txapelketak dira protagonista. Bizkaiko zazpi eskualdeetan izango dira (Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterria, Ipar-Uribe eta Lea-Artibai) eta besteak beste belaunaldi aldaketa izango dute protagonista. Hamazortzi, hemeretzi urte inguruko hainbat gaztek eman dute izena eta horietako batzuek, gainera, Bizkaiko zein Euskal Herriko Eskolarteko txapelketetan ere maila ona erakutsi dute. Bertso eskoletan eta irakaskuntza arautuan egindako lanaren fruitua da hori. Enkarterrietan lehenengoz sei bertsolari izango dira finalean, gainera.
Bizkaiko Txapelketarako sailkatzeko baliogarriak dira Eskualdeetako Txapelketak eta lehenengoa datorren domekan, maiatzaren 4an, izango da Gautegiz Arteagan. Busturialdeko final horretan sei bertsolarik abestuko dute. Xabier Enbeita, Ander Elortegi, Amaia Uribe, Jon Rementeria, Julen Erezuma eta Iker Belaustegik.
Saio horren berri eta gainontzeko guztien berri www.eskualdeka.biz webgunean ematea da Elkartearen asmoa. Bertan argazki zein audio grabazioak ere izango dira. Pausu bat gehiago ere eman gura izan du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak aurten eta bideoz ere grabatuko dira saioak. Aipatu bideoak www.bertsoplaza.tv webgunean izango dira ikusgai.
Erantzun
Sartu