Teknologia albisteak

Space Invaders, 30 urte gurekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2008-10-31 : 09:10

Japoniako Taito etxeak merkaturatu zituen 1978. Space Invaders makinak. Ez ziren txanpon bidezko zutikako lehen bideojokoak, baina arrakasta globala lortu zuen lehena bai. Duela 30 urte izan zen hori.

Orduan, armairu baten tamainako altzari batzuk behar ziren honetara jokatzeko. Gaur egunean, Flash aplikazio arrunt batean funtzionatzen duen simulatzaile bat edonon itsatsi daiteke, Internetera konektatutako edozein nabigatzailerekin ikusi, adibidez blog euskaldun honetan.

Ordenagailuen memorian kontsumitzen den indarra ere alderatu daiteke, gaurko simulatzaileek zein erraz egiten duten, eta orduan nola zebiltzan arcade haiek. Hori ikusteko balio du datu honek: Jokoaren mekanika gogoratzen duzue, gero eta inbaditzaile gutxiago geratu, orduan eta azkarrago zebilela. Kontua da hori ez zela joko-estrategia biribiltzeko truke azkar bat, baizik eta prozesatze denboraren ondorioa. Inbaditzaile askok aldi berean mugitu behar zutenean, makinak guztien mugimendua koordinatzeko denbora gehiago behar zuen. Haiek gutxitu ahala, azkarrago zebilen, berez!

Bideojoko modernoen genealogia joko harekin hasi zen, eta beste joera batzuk ere bai, hala nola invaders bihurri eta pixelatuak paretetan jartzeko ohitura hala nola Bilbon, Donostian, edo Indian Ganges sakratuaren ondoan.

Bilboko kale-invader bat Karramarroren argazkian.

Aurrekariak

Noski, Space Invaders baino lehenago ere izan ziren aurrekariak.

Horietarik lehena, komertzialki banatu ez zen arren, urtemuga batekin gogoratu daiteke orain, ze 1958.ean sortu zen (duela 50 urte): Tennis For Two jokoa.

Tenis joko haren eta Space Invadersen garaiaren artean, 1972an garatu zen Atari etxearen Pong jokoa dugu. Pong-en simulazioa badago gaur Interneten, noski.

Erantzun

Sartu