Teknologia albisteak

Mitxel Kaltzakorta: prosa komunikagarriago egiten

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - HUHEZI
2008-02-05 : 15:02

Horrela deitzen da Mitxel Kaltzakorta HUHEZIko irakaslearen azken liburua: Prosa komunikagarriago egiten. Zenbait proposamen (1), eta Udako Euskal Unibertsitateak argitaratu berri du, Hizkuntzalaritza sailean. Liburuaren egileak hainbat proposamen egiten ditu hor euskal prosa arintzeko, komunikagarriago egiteko, eta adibide eta ariketa asko ekarri ditu, erakusteko zelan konpondu esaldien atzerakarga.

Alderatuz gero edozein albo-hizkuntzarekin, euskara ajez eta gaitzez josita dago, eta, askotan, nekez irakurtzen ditugu euskarazko testuak, alperreko kargaz antolatzen ditugu-eta. Hortik abiatzen da Mitxel Kaltzakorta liburu honetan. Eta arazo hori konpontzeko, atzerakarga deritzon ordena informatibo okerra, egileak aztertuko ditu artikuluetako hasiera-perpausak, lehen perpausak, aldizkari-egunkarietatik hartutakoak.

Egilearen proposamena

Eta zein da egilearen proposamena atzerakarga konpontzeko, esaldiak irakurterrazagoak egiteko? Hauxe: “Informazio-gune batek (izena edo aditza) osagarri bat badauka aurrean alperrik kokatuta, testuinguruak eskatu barik, eta hori dela-eta, behar baino nekezago irakurtzen bada perpausa, zergatik ez erabili osagarri hori gune atzean, eta horrela irakurketa egin errazagoa, arinagoa?”. Problema hau ez da gramatikala, informatiboa baino. Adibide bat:

  • Neure burua ondo jagon ezik, [gehienez hiru urteko bizia daukadala] esan dit medikuak.
  • Medikuak esan dit gehienez hiru urteko bizia daukadala, neure burua ondo jagon ezik.

Atzerakargak arintzeko, egileak erabiltzen ditu baliabide bat baino gehiago: ahozkoak (batez ere eta juntagailua) eta baita jantziagoak ere (zein… bait-/-(e)n, non… bait/(e)n, ezen… -(e)la).

Liburua

Sarrera eta bibliografiaz gain, liburuak bi atal nagusi ditu: unitateak (teoria, adibideak eta ariketak) eta soluzioak. Bai unitateek eta bai soluzioek 15na atal dituzte. Lan interesgarria kazetaritzan eta komunikazioan dabiltzan guztientzat, egileak ehunka adibide erabiltzen baititu erakusteko zelan idatzi argi, garbi eta arin.

Mitxel Kaltzakorta

Lekeition jaio zen, eta urte asko darama euskara irakasten: Zubi Zahar ikastolan, Ondarroan, Santo Tomas Lizeoan, Donostian, eta, aspalditik, HUHEZIn, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Artikulu asko argitaratu ditu galdegaiaren inguruan Uztaro, Zutabe eta beste aldizkari espezializatuetan.

Erantzun

Sartu