Elkarteetan eragiteko Kontseiluak abian jarritako norbanako konpromisoen kanpaina arrakastatsua ari da izaten. Norbanako ugarik bete dute jada Kontseiluak posta arruntez nahiz internet bidez zabaldutako testa, eta dagoeneko zenbait elkarte hasi dira euskararen aldeko neurriak hartzen.
Norbanako konpromisoak
2005etik dihardu Kontseiluak norbanako-konpromisoen kanpainak burutzen. Orduan, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeari begira, Kontseiluak hizkuntza-eskubideak nire konpromisoa kanpaina abiatu zuen, eta ehunka lagunek sinatu zuten konpromiso-orria. Esandako kanpaina horrek nire konpromisoa ~ denon konpromisoa zuen leloa eta izenburuak adierazi bezala, helburu argia zuen: hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa lortzeko nork bere konpromisoa beste batzuen konpromisoarekin batzea, horrela, guztien indarrak baturik euskararen normalizazioaren aldeko olatuak eraginez.
Urteotan Kontseiluak hainbat konpromiso bultzatu ditu: fakturak euskaraz eskatzeko, telefonoa euskaratzeko, propaganda euskaraz jasotzeko eta abar. Horietako hainbat kasutan, gainera, emaitzak lortu dira.
Zein da zure elkartean euskararen egoera?
Oraingoan ere, norbanakoen eskutik elkarteetan eragitea da Kontseiluak hautatutako bidea. Izan ere, Euskal Herrian mota guztietako milaka elkarte dago, eta horietako askotan, euskararen egoera ez da batere ona. Elkarte asko ditugu gure artean, baina are gehiago dira, elkarte horien bazkide eta kideak. Horiei, norbanakoei, herritarrei, eskatu nahi diegu euskararen alde egin dezatela, adierazi dute Kontseiluko ordezkariek.
Kontseiluak bide bat baino gehiago hautatu ditu kanpaina berri hau norbanakoei aurkezteko. Hasteko, test bat prestatu du norbanakoak bere elkartean euskararen egoera zein den azter dezan. Milaka eskuorri banatu dira testarekin, baita postaz igorri ere. Eskuorria banatzeaz gainera, formatu elektronikoan ere erabiliko dute (http://www.kontseilua.org/euskarria/inkesta.cfm), kanpaina interneten bidez zabalduz. Norbanako konpromisoetan parte hartu ohi duten ehunka lagunei testa eta proposamena helarazteaz gain, ehunka elkartetan ere kanpainaren inguruko informazioa jasoko dute, elkarteen kideei parte hartzeko gonbitarekin. Horretaz gain, Kontseiluak herritar guztiei kanpainaren berri eman nahi die, guztioi baitagokigu normalizazioaren eragileak izatea.
Ahalik eta publiko zabalenera heltzeko helburuarekin, hainbat komunikabidek ere egitasmo honekin bat egin dute eta elkarteetako euskararen egoera neurtzeko testa argitaratuko dute. Hala nola, BERRIA, AIZU, ARGIA, GALTZAUNDI, GUAIXE, ANBOTO ASTEKARIA, EUSKALTZALE, eta NABARRERIA taldearen ALDAPA, AUZOLAN, IBAIALDE, DONIBANE, OSTOKI argitalpenek kolaboratu dute proiektuarekin.
Kontseiluko ordezkariek behin testa eginda, herritarrei jarraitu beharreko hurrengo urratsa emateko gonbitea egin diete. Nork bere elkartean euskararen presentzia bermatzeko proposamenak egitea nahi dugu, azaldu dute. Kartelak, kontuak egiteko liburuxkak, oharrak, bazkideentzako gutunak
hainbat elementu euskaratu daitezke elkarte batean.
Elkarteren batek euskararen aldeko neurriak hartzeko orduan zalantzak balitu, Kontseiluarekin harremanetan jar liteke. Izan ere, aipatutako testa prestatzeaz gain, Kontseilua elkarteetan eragiteko beste kanpaina batean parte hartzen ari da momentuan, Tolosaldean hasi berri den Egin txokoa euskarari txokoan. Ekimenaren helburua Tolosaldeko elkarte gastronomikoetan euskararen erabilera sustatzea da eta, horretarako, hurrengo hilabeteetan luzatuko diren hainbat ekintza prestatu dituzte. Kontseiluaren eta Tolosaldeko euskalgintzaren parte-hartzeaz gainera, egitasmoak Tolosaldeko 13 udalen babesa jaso du. Guztien artean lortuko dugu gure elkarteetan euskarak geroz eta presentzia handiagoa izatea, bere garapen osoa lortzeraino, azaldu dute Kontseiluko ordezkariek.
Erantzun
Sartu