Teknologia albisteak

Konspirazio txinatarrak eta freudkeria espainiarrak

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2007-09-25 : 15:09

Astearte honetan bi film guztiz desberdin eskaini dizkigute Zinemaldiko sail ofizialean: "Siete mesas de billar francés", Gracia Querejeta espainiarrarena, eta "Ceot oi kap gei" edo "Exodus", Pang Ho-Cheung hong-kongdarrarena. Diferenteak bai, baina ez batak ez besteak asebete ez gaituztenak.

Zinema-eskola batean film bat nola egiten den erakutsiko dute, nik uste: gaia, argumentua, aktoreak, trama nagusi eta bigarren mailakoak, elkarrizketa pipertsuak, drama edo komedia edo bien nahasketa, pertsonaien garapena, gatazkaren ebazpena, ekoizpen profesionala eta abar.

Gracia Querejetak ere zinema-eskolaren batean ikasiko zuen zuzendaritza, pentsatzen dut nik, etxean ikusi eta ikasitakoaz gainera. Ikasgai guztiak txukun antzean gaindituko zituen, seguru asko, baina, horra paradoxa, sekula ez du pelikula on bat egin, eta hau ere ez da (aurreko batzuk baino hobea bai); nahiz eta, teorian bederen, goian aipaturiko osagai guztiak bertan egon, emaitzak ez du lortzen nahi eta ezin batetik gora egitea.

Dena dela, harrikada bota eta gero, zeozer kontatu beharko dut ikusitakoaz. Angela-ri (Maribel Verdú) aita hil zaio eta senarrak alde egin, bi gauzak aldi berean, eta, bizitzan zer egin ez dakiela, aitaren billar-negozioa berpiztea erabakiko du. Horretan lagun izango ditu aitaren andregaia, tabernako garbitzaile hondurastarra eta aitaren jokokide ohiak. Arazoak era askotakoak izango dira (pertsonaia bakoitzak du bere historia, eta bakoitza bere horretan interesgarria), baina sakonean aitaren mamuaz libratu beharra izango du Angelak, hura hil beharra. Gracia andereñoak bere aitatxo Eliasekin inoiz egin ezingo duena.

Zer egiten dute neskek elkarrekin komunean?

Tsim polizia da Hong Kong-en, eta egun batean atxilotu batek kontatzen dio emakumeen elkarte sekretu bat dagoela, munduko gizonezko guztiak hiltzeko helburua duena; horregatik igarotzen omen dute neskek hainbeste denbora elkarrekin bainugelan, beren hilketa-planez hitz egiteko eta. Mutil nerabeek egin ohi duten galdera txatxu horrentzako erantzun dibertigarria da, inondik ere.

Tsim-ek, baina, serio hartzen du konspirazio horren teoria, eta ikerketan hasiko da, bere ezkonbizitza arriskuan jartzeraino. Egoera absurdo bat muturreraino eraman nahia? Baliteke. Okerrena da, pelikulan egiazkoa dela emakume kriminalen elkarte hori, eta orduan ikuslea zer pentsatu ez dakiela geratzen da: harrapatu ez dudan metafora bat ari zait planteatzen zuzendaria? Helbururik gabeko jolas bat da dena? Horretarako ez dakit ba pelikula egitea merezi ote zuen.

Erantzun

Sartu