Teknologia albisteak

A, B, D ereduen ondoren: hizkuntzentzako marko berria euskal eskolan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-03-08 : 16:03

Tontxu Campos EAEko Hezkuntza sailburuak A, B eta D ereduen eskema gaindituko duen ikasketa marko berri bat proposatu du gaur Eusko Legebiltzarrean. Agerpenean azaldu duen txostena, powerpoint mardul bat, sarean dago jada, eta atal batzuk atera ditugu handik.

Ia 230 orri ditu PPT fitxategiak. Hemen eskuratu dezakezu.

Orain arteko ereduen historia egiten du, zer nolako azterketak egin diren, egoera berraztertzeko egindako lanen bilduma... Grafikoz eta datuz osatutako orri ugari, oso dokumentatuak diruditenak.

Berrehun diaporen ondoren, proposamenetan sartzen da, eta Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko marko berritzailea deritzo horri Hezkuntza Sailak.

Eztabaida fase baten ondoren, adostu izanez gero, Eusko Legebiltzarrak hizkuntzak ikasi eta irakasteko EAEko marko berriaren Legea onartuko du.

Oraingoz, proposatzen den markoa honela deskribatzen da (hemendik jarraian, txosteneko atal literal batzuk bildu ditugu):

Eleanitza:

Egungo ereduak testuinguru elebidunean oinarritzen dira. Beraz testuinguru eleanitzaren beharrizanei erantzuten dien marko batera pasatu behar da. Ondorioz, gure hezkuntza-sistema gizarte- eta hizkuntza-egoera berrira moldatu behar da; izan ere, Euskal Herria egoera horretara moldatzen ari da eta dagoeneko egoera hori bizi du. Hizkuntza ofizial bien hizkunta biok komunikatzeko bide izan daitezen eta atzerriko hizkuntza baten edo biren ezagupen nahikoa lortzera bideratua.

Derrigorrezko hezkuntzaren barruan lortu beharreko helburu operatibotzat helburu hauek finkatu beharko lirateke:

  • Gaztelania: B2-DBH/B1-LH
  • Euskara : B2-DBH/B1-LH
  • Ingelesa/frantsesa: B1-DBH

Markoak maila horiek gainditzeko asmoa du, hiritarrak etengabeko hezkuntzako prozesuetan sartzen diren neurrian, beren pertsona- eta gizarte-hezkuntza- edo lanbide-garapenean (hurrengo hezkuntza-testuinguru batzuetan, irakaskuntza formal, informal edo ez formalaren bidez).

Euskara izango da marko berriaren ikas-irakaskuntzaren hizkuntza nagusia. Hau da, euskarak irakas-hizkuntza integratzailea izan behar du. Izan ere, gaurko egoeran (eta aurreikusi daitekeen etorkizunean), gaztelaniarentzat ez da ezer aldatuko, eta praxiak argi eta garbi erakutsi du ikaste-prozesuan euskaran murgiltzea funtsezkoa dela komunikazio-ahalmenak eskuratzeko, ahozkoak zein idatzizkoak; gainera, egiaztatuta dago ikasleak urtean bizitzaren %17 baino ez duela ematen ikastetxe batean ikasten.

Gaztelania, ere, ikas-hizkuntzatzat hartuko da, beraren erregistro formalak behar bezala ezagutzen direla bermatzeko.

Atzerriko hizkuntza/k modu osagarrian landuko dira, atzerriko hizkuntza bera eta atzerriko hizkuntza horrexetan ikasita, proposatutako maila lortzeko, baina hizkuntza ofizialetarako jarritako helburuak murriztu gabe.

Bilbatzailea /Sendoa:

Gernikako Estatutuaren 6. artikuluaren arabera, “Komunitate Autonomoko Erakunde amankomunek Euskal Herriko egoera sozio linguistikoaren ñabardurak kontutan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, beroien ofizialtasuna erregulatuz, eta beroien ezagutza segurtatzeko behar diren neurriak eta medioak erabaki eta baliaraziko dituzte”.

Euskararen erabilpena arauzkotzeko oinarrizko Legearen 17. artikuluaren arabera, Jaurlaritzak neurriak eman behar ditu “elebitasuna” benetakoa izan dadin.

Bestetik, praktikan ezin da hizkuntzak ikasteko eta irakasteko 796 marko izan, hau da, ezin da ikastetxe beste marko izan.

Horretarako, proposatutako helburuak lortze aldera, EAEn hizkuntzak ikasi eta irakasteko markoaren egitura orokorra arautuko dute Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak.

Malgua:

Ikastetxeek hizkuntza-proiektua (eleanitza) diseinatu, eta hezkuntza-proiektuan txertatutako dute, erkidegoko erakundeek zehaztutako markoaren barruan proposatutako helburuak lortzeko. Irakas-hizkuntzatzat hartzen den hizkuntza-kopurua handitu ahal izango da (hizkuntza ofizial bien lehentasuna ahaztu gabe), marko orokorrarekiko; horretarako, kontuan hartuko dira ikasketa-prozesuan lortutako emaitzak, jardute-eremuaren gizarte- eta hizkuntza-ezaugarriak, ikasleen ezaugarriak …

Gizarte-kohesioaren bultzatzaile:

Ikastetxe, herri edo hiri bateko ikasle guztiak antzeko sistema batean eskolaratuko dira, eta ulertu behar da etapa bakoitzeko azken helburuek ikasle guzti-guztiei eragingo dietela, ikasleen hizkuntza-jatorria edo hezkuntza-sisteman sartu ziren unea gorabehera (hizkuntza-marjinazioko prozesurik gertatzeko arriskua ekidin behar da, helburu bateratuei dagokienez).

Erantzun

Sartu