Urtarrilaren 25ean BENITO LERTXUNDIrekin egoteko aukera izanen dugu Iruñean solas lasaian, aspertuan. Bizi denak orhoit ukenen du Benito Iruñera kantatzera etorri ez zenekoa. Nafar Ateneoak eta Iruñeko Udalaren Kultur Alorrak antolatutako ekimen honetan Kike Diez de Ultzurrun kazetariak solasaldia gidatuko du.
Kantagintzak egin du ezaguna; beraz, musikari asko zor dio Benitok. Baina ez da oraingoan kantaria musikagintzari bakarrik lotuko. Supazter goxoko solas lasaiaren antzekoa nahi luke Benitok Iruñean jendearen aurrean egin behar duen agerraldi ez ohiko honetan.
Bere kantuaren nondikoez, geografiekin eta bertan bizi den jendearekin egiten dituen loturez, munduan kokatzeko duen eraz, lagunez, Euskal Herriaz... eta entzuleek galdetu edo jakin nahi dutenaz ariko da Benito solas aspertuan.
Arrunt bitxia da proposamena: kantari bat kantatzera ez datorrena, kantari bat solastera datorrena, hitz egitera, bere publikoaren jakin mina asetzera. Zer zen Ez dok amairu? Zein da bere kanten esanahi gordea? Zergatik maite du horrenbeste Zuberoa? Eta guk... Zuberoa maite ote genuen Benitoren kantak ezagutu baino lehen?
Euskal Musikagintzari buruz jakin nahi zenuena, baina galde egitera ausartzen ez zinena galdetzeko eta eztabaidatzeko aukera izanen duzu Benitok egin behar duen solasaldira agertu eta parte hartzera ausartzen bazara. Benetan, nik dakidalarik, hau ez da inoiz ere egin Iruñean. Beste lekuetan, ez dakit. Baina, inguru hauetan, behintzat, ez.
Anitzetan, kantarien kantak entzuten ditugu eta kantariekin egon nahiko genuke eta hainbat gairi buruz galdetu ere bai... Baina, jakina, eskuarki ez dugu horretarako aukerarik. Oraingoan, aldiz, ez da honela gertatuko. Benitok zer pentsatzen duen, mundua nola ulertzen duen jakin nahi baduzu, etorri Kike Diez de Ultzurrun Sagala kazetariak gidatuko duen solasaldi berezi honetara, ez zara damutuko, ez.
Erantzun
Sartu