Teknologia albisteak

Hamaika bertute

Erabiltzailearen aurpegia
Uxue Alberdi - Hamaika bertutetik
2007-01-12 : 12:01

Hamaika Bertuteko kideok bertso-saioak antolatzeko baliabide urriak dituzten antolatzaile potentzialei bertso-saioak antolatzeko aukera eskaini nahi diegu. Hasteko, Hamaika Bertute eguna larunbatean (13) Donostian.

Hamaika Berturen eguna

Hamaika Berturen eguna

Egun honen helburua Hamaika Bertute izenpean antolatu den ekimenari hasiera ematea da, eta, bide batez, bertsoaren bidez eta bertsolariei esker gozatu eta gozaraztea.

10:00: Prentsaurrekoa Bilintx megadendan. Proiektuaren eta webgunearen aurkezpena.

11:00-14:30: Talde-argazkia egingo da lehenik. Gero, hamaiketakoa banatuko zaie bertaratzen diren guztiei. Bertso musikatuak izango dira segidan. Hortik aurrera, bazkaltzeko ordua iritsi arte, bertso triki-poteoa izango da Donostiako alde zaharrean barrena.

14:30-18:00: Bertso-bazkaria Suhazi jatetxean. Ondoren, bertso triki-poteoarekin jarraituko da iluntzera arte.

Oinarriak

Talde honetan bildu garen bertsolari, gai emaile eta abarrak bertsogintzan jarduteko gogotsu gaude. Proiektu hau gogo horri irtenbidea emateko modu bat dela uste dugu. Badira Euskal Herrian gogo hori bera duten bertsolari gehiago; horregatik, irekita dagoen taldea da. Bere filosofiarekin bat egiten duten bertsolariek eta gai-jartzaileek bertan izena emateko aukera dute.

Hamaika bertuteko kideok bertso-saioak antolatzeko baliabide urriak dituzten antolatzaile potentzialei bertso-saioak antolatzeko aukera eskaini nahi diegu: mugimendu sozialak (gaztetxe, gazte asanblada, elkarte...), lagun koadrila, soziedade gastronomiko, auzoetako festa…

Autoeraketa eta autogestioa dira Hamaika bertuten bildu garen kideon oinarriak.

FUNTZIONAMENDUA

Hamaika bertutek telefono mugikor bat dauka. Antolatzaileek bertara deitu beharko dute bertso saioa antolatzeko. Telefonoa hartzeko ardura duena arduratuko da bertsolariak lotzeaz eta antolatzaileari izenak jakinarazteaz.

Bertsolari bakoitzarentzako 25€ko dieta asumituko dute antolatzaileek eta baita bertako gastuak ere (bertso-afari/bazkarietan afaria edo bazkaria, saioko tragoak…).

Hamaika bertuteko partaideek proiektu honen bitartez egiten dituzten saio kopuruaren arteko desorekarik egon ez dadin, antolatzaileak ez ditu bertsolariak aukeratuko. Antolatzaileak aukera izango du gustuko dituen bertsolariak ekartzea proposatzeko, baina Hamaika bertutek erabakiko du saiora joango diren bertsolariak zeintzuk izango diren. Honekin, partaideek antzeko saio kopuru a egitea lortu nahi da.

BALDINTZAK

Saioetan bertsoa duintasunez eskaini nahi dugu eta horretarako honako baldintzak eskatzen ditugu:

  • Saioaren protagonista bertsoa izatea: bertso-afari, bertso-bazkari, jaialdi....
  • Jendea entzuteko prest egotea
  • Saioaren propagandaz antolatzaileak arduratzea.
  • Pertsona bat arduratzea bertsolariei harrera egiteaz. Saioa baino ordu erdi lehenago bilduko da arduraduna bertsolariekin, saioa egingo den lekuan.
  • Megafonia eta bestelako baliabideak eskuratzeaz antolatzaileak arduratzea.

ARDURAK

Hamaika Bertute taldeak baldintza duinak eskatzeaz bat, saio duina eskaintzeko ardura hartzen du: saioan kantatuko duen bertsolari-taldeak maila ematen duela, eta kanturako jarrera gogotsua eramango duela ziurtatzea Hamaika bertuteren ardura izango da.

KONTAKTURAKO BIDEA

Telefonoa 692715744. Helbide elektronikoa: hamaikabertute@gmail.com

Webgunea: www.hamaikabertute.net

Antton Alberdi webgune diseinatzaile elgoibartarrak egin du Hamaika bertuteren webgunea. Besteak beste, www.josunebereziartu.com, www.pantailatxikitik.net eta www.euskalnatura.net webguneak diseinatu ditu biologo gazte honek.

PARTAIDEAK

AMAIA AGIRRE; AINHOA AGIRREAZALDEGI; EGOITZ AIZPURU; UXUE ALBERDI; AITOR ALBISTUR; ION ANSA; MIKEL ARRILLAGA; MIREN ARTETXE; OIHANA BARTRA; ESTITXU EIZAGIRRE; IÑIGO EIZAGIRRE; NAHIKARI GABILONDO; BIXENTE GOROSTIDI; IÑAKI GURRUTXAGA; ASIER IBAIBARRIAGA; JOKIN LABAYEN; ANDER LIZARRALDE; IÑIGO MANZISIDOR (MANTXI); ALAIA MARTIN; JON MARTIN; KARMELE MITXELENA; UNAI MUÑOA; ANDONI OTAMENDI; AGIN REZOLA; JOKIN URANGA; ARKAITZ OIARTZABAL (XAMOA); ENERITZ ZABALETA; EGOITZ ZELAIA; JULEN ZELAIETA; FELIX ZUBIA; JULEN ZULAIKA; JON AGIRRESAROBE; BEÑAT UGARTETXEA; JON UNANUE; IBAI GURIDI; GARIKOITZ SARRIUGARTE;

PROIEKTUAREN HISTORIA

Andoni Otamendik proiektuaren historiari buruzko testu pertsonal eta literarioa idatzi du:

Elizondoko Santiago eliza. 2006ko apirilaren 2a. Goizeko hamarretan zegoen jarria hitzordua, oso kristauak ez izan nonbait, eta, 11 alderako osatu genuen taldea.

Laster hartu genuen gure bidea, ordea. Tabernara bildu eta zertara gindoazen zehazten hasi ginen. Talde anitza eta hasiera-hasieratik irekia. Bertsolari gazteak eta ez hain gazteak. Izena egina zutenak eta ez hain ezagunak.

Plazarako saltoa mugarri izaten da bertsolariontzat. Mugarri horren ondoren, kantatu egin nahi izaten du bertsolariak. Plazaz plaza kantari hasten denak ere, gertuago sentitzen dituzten bertsolariekin kantzeari uzten dio.

Autoantolaketaren bidean aurreko urratsak positiboak eta arrakastatsuak ere izan dira zenbait kasutan. Bizkaian “Txapel bete bertso”, Hernaniko bertso-eskolak “sagardotegietako saioak”, Gr-8 bertso bidea… Horietaz gain, bertsolari bakoitzak bere proposamen propioak garatzeko joera hartu azken urteetan: “Zaharrak berri xou”, “bertso tranpak”, “Bertso magia”…

Testuinguru horretan bertsolaritzan aurrera-pauso izango da mugimendu alternatibo hau. Horizontalean baino bertikalidadean gehiago sinisten duena.

Eliza atarian bataiatu zen beraz gure mugimendua. Izen eta guzti, noski. Berez, betelana deitzen diogun esapidea da “11 Bertute”. Guk espazio bat bete eta lana egin nahi dugu. Izan nahi duenaren oinarriak jarri eta bazkaritara joan ginen. Arratsaldean Nafarroako Txapelketako finalera.

Lehenengo bilera hartan zehaztu genituen gure hamar mandamentuak: funtzionamendu asanblearioa, diru kopuru sinbolikoa, irekia…

Udaberri aldera zehaztutako asmo horiek, ordea, udazkenak eta kurtso berriak ematen dituen indarrak behar izan ditu. Ahoz aho zabaltzen joan da eutsi eta tirako dion nukleoa garatu artean. Zarautz, Lasarte, Mallabi… Bilera osteek afaria izaten dute lege. Kideon konplizitateak biderkatu egin ditu gure indarrak. Gizartearen aurrean proposamen serioa egingo dugu. Bertso-bazkari, gaztetxe, auzoko festa edo amonaren urtebetetzean elkarrekin egongo gara.

Historia idazten, hasi baino ez gara egin...

IZENAREN ZERGATIA

Sekula ez da erraza izaten proiektu bati izena jartzea. Izena eta izana bateratuko dituen letra multzoa topatzea lan nekeza izan liteke.

Elizondoko bileran bataiatu genuen proiektua. Milaka proposamenen arteko bat izan zen “Hamaika bertute”. Berehala gustatu zitzaigun gehienoi.

Erabilerari dagokionez, sei silaba ditu Hamaika bertute-k. Pertsona gehienentzat garrantziarik ez duen datu horrek berebiziko garrantzia du bertsolarientzat. Sei silaba ditu neurri txikiko edozein bertsoren lerro errimadunek. Gainera, -ute errima dauka; oso ohikoa da errima hori, “dute” bukatzen diren bertso asko kantatzen direlako. Eta errimatu beharraren beharrez, badira behin eta berriz errepikatzen diren esaldi batzuk. Haietako bat da “hamaika bertute”. Diren eta ez diren bertsolariek kantatu dute inoiz esaldi hori.

Bertsolarien betelanerako esaldia izan ohi da “hamaika bertute”, baina proiektuak ez du bete lana egin nahi; edo bai: hutsuneak betetzeko lana egin nahi du, diru arazoengatik saiorik antolatzen ez duten herrietako hutsunea bete, bertsolari askoren agendatako hutsuneak bete... Baina ez da du bertsolariak betelan moduan erabiliko dituen saioetan parte hartu nahi. Bertsoa protagonista denean soilik hartuko du parte. Betelana baino lan betea egitea du helburu Hamaika bertutek.

Zentzuari dagokionez, berriz, Hamaika bertutek bertute asko esan nahi du. Proiektu honen partaide direnek bertsotan ari direlarik bertute asko dute. Plazaz plaza frogatuko dute hori datozen saiotan.

Hamaika bertute, beraz; 11-b, hamaika bertso.

Erantzun

Sartu