Abenduaren 6a, Konstituzio espainiarraren eguna. Uztailaren 14a, frantziar Errepublikaren eguna. Urriaren 12a, Hispanitatearen eguna eta Guardia Zibilaren eguna. Egun esanguratsuak ezbairik gabe, baina norentzat? Nork du zerbait ospatzeko egun hauetan?
Euskaldunok zer dugu ospatzeko erreferemdumean ezezko borobila eman genion Konstituzioaren aurrean? Nork du zerbait ospatzeko gure eskubideen defentsan atzerapausua suposatu zuen frantziar Errepublikaren aldarrikapen egunean? Nork du ezer ospatzeko Amerikaren konkista eta genozidioari ekin zitzaion egunaren urteurrenean? Euskal herritarrok ez, bederen. Egun esanguratsuak, baina, tamalez, ez dira bakarrak egun Euskal Herrian indarrean dagoen eta indarrez betearazten den egutegia aztertzen badugu.
Egutegi batek zerbait teknikoa dela uste dezake batek baino gehiagok; uste hori, ordea, ez da erreala. Izan ere, egutegi bat antolaketa jakin baten parte da, nazio antolaketa eta egituraketa jakin baten parte. Egutegia udaletxeen, lantegien, ikastetxeen, instituzioen, denda txikien etabarren eguneroko antolaketa arautzen du eta mugarri bilakatzen dira. Baina ez hori bakarrik! Estatuek indarrean jartzen dituzten egutegien bidez, balore, ohitura, ezagutza-sistema . jakin batzuk transmititzen dira belaunaldiz belaunaldi eta etorkizunean berproduzitzen dira.
Herri baten biziraupen nahiz garapenean hezkuntza esparruak duen garrantzia aintzat harturik eta berau kolektibitate baten ezagutza-sistema belaunaldiz belaunaldi transmititzeko zein eraldatzeko bitartekoa dela jakinik, eragina bikoitza da: batetik, euskal herritarrok Hezkuntza Sistema Nazional propioa antolatu eta egituratzeko dugun eskubidea urratzen du eta bestetik, arrotzak zaizkigun eta gure hezkuntza eskubideen urratzaile direnen baloreak berproduzitzeko bitarteko bilakatzen da.
Beraz, ondorioa sinplea da: Euskal Herriak ez du egutegi propiorik eta, beraz, handiek ezartzen dizkiotenak onartzera kondenaturik dago. Edo ez? Ikasle mugimenduak urteak daramatza jai egun arrotzen aurrean Euskal Eskola Nazionala irudikatzen Herri Eskolen bidez, langile mugimenduak urteak daramatza Euskal Herria ardatz izango duen lan-egutegi baten aldeko lanean, gero eta gehiago dira Euskal Herri luze zabalean euren ateak arrotzak zaizkigun egun hauetan normaltasun osoz zabaltzen dituzten ikastetxeak...
Azken urteetan aurrera pausu handiak eman dira hezkuntzaren esparruan Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean. Berezkoa, gurea eta euskalduna izango den Egutegia, ordea, oraindik orain apustuen artean kokatu behar dugun pieza da. Gaurkoan, egutegi propio bat izateak Hezkuntzaren antolaketan eta egituraketan duen garrantzia mahai gaineratu nahi dugu; izan ere, jai egun bat edo bestea ezartzeak eskolaren programazio osoan du eragina (eskola orduak, ebaluazio datak, oporraldiak...). Gaur egun, Euskal Herrian dauden ikastetxeen egutegi -antolaketa espainiar zein frantziar estatuetan indarrean daudenak dira, Euskal Herriaren berezko antolaketa, izaera, kultura etabarrei inongo zirrikitorik utzi gabe eta gure hezkuntza eskubideen urraketa etengabea suposatzen duten legedi, gerrate, ekinbideak... ospatzera behartuz.
Euskal Herritarrok badugu gure izaera eta sustraiei jarraiki harrotasunez ospatzeko egunak (udako solstizioaren Eguna, Euskara eta Nafarroaren Eguna, Aberri Eguna...) baina baita jendarte eredu justuago baten alde ospatu beharreko jai egunak ere (Emakumearen Nazioarteko Eguna, Nazioarteko Langileen Eguna...). Jai egun hauen araberako egutegia da Euskal Herrian egunez egun eraikitzen ari garen Hezkuntza Sistema Nazionalak bermatu beharko duena eta, era berean, egungo ikastetxeetan praktikan gauzatzen joan beharko duguna.
Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean, euskal eskolak euskal egutegi propio bat izatea ezinbestekoa da, hezkuntzaren antolaketa zein egituraketa euskal herritarren behar zein eskubideei loturik. Euskal Herriak erabaki behar du zer ospatu eta zein balore transmititu behar dituen. Hezkuntzaren esparruan lanean dihardugun irakasle, ikasle, guraso, langile nahiz herritar ugarik aspaldian hartu genuen erabakia: jai egun inposatuen gainetik, Euskal Herriak Bere Eskola behar du. Gure beharra, nahia eta eskubidea delako; egunez egun eraikitzen ari garelako; eta herri ekimenez atzeraezinak diren urratsak emanez, eraikiko dugulako!!
Erantzun
Sartu