Amurrion Bai Euskarari Ziurtagiriarekin elkarlanean
2006-11-21 10:11
Gaur Amurriok beste urrats bat eman du euskararen aldeko prozesuan. Azken 3 urteetan Bai Euskarari Akordioa egitasmoan parte hartu ostean, lankidetza hitzarmena sinatu dute Amurrioko udalak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak.
Kontseiluak hitzarmen honen bidez, Bai Euskarari Akordioan egiten ari diren lana indartuko dela aipatu du. Enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek beren erakundeetan hizkuntzaren normalizazioa erdiesteko neurri eraginkorrak hartu eta betetzen ari direla adierazten du, azaldu du Xabier Mendigurenek. Izan ere, Bai Euskarari Ziurtagiria entitate hauek egiten duten ahaleginaren aitortza dela azpimarratu du eta Amurriok 40 Bai Euskarari Ziurtagiri eskuratu ditu aurten. Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez egiten duten esfortzua kreditatuko du Kontseiluak, herritarrek jakin dezaten entitate horiek betetzen duten erantzukizun soziala, aditzera eman du idazkari nagusiak.
Amurrion euskararen alde lan egiteko egitasmo ugari jarri dira martxan. Lan honen adibide garbia da aurtengo herriko jaietan aurkeztutako Amurrion Euskaraz Barraz barra! kanpaina. Proiektu honen bidez, Amurrioko tabernari, txosna eta jai koadrilek euskararen erabilera sustatzeko dinamika burutu zuten jaietan zehar. Egitasmo berri hau aurkezteko prentsaurrekoa eskaini eta gero, kanpainaren leloa zuten 65.000 edalontzi eta 200 kamiseta banatu zituzten doan herritarren artean.
Gaurdaino 1350 entitatek baino gehiagok eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osoan. Aurreko astean Gasteizen izan ginen hitzarmena sinatzen eta hurrengoan, Leitzan eta Azkoitian izango gara, gogorarazi du Mendigurenek. Bukatzeko, aurrerantzean ere izan dezazuela lan polit honetan jarduteko gogoa eta kemena, aipatu du. Izan ere, hitzarmen honekin proiektua hasi besterik ez da egin.
Erantzunak kargatzen...