Gaur aurkeztu da Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan Berria egunkariaren Estilo Liburua. Euskarazko idazkuntzarako erreferentzia sendo bat, Euskaldunon Egunkariak atera zuen Estilo Liburuaren 3. edizioei jarraitzen diena.
Formatuan, liburu konpaktutik urtekari tamainakora igaro da, baina funtsean, Egunkariaren Estilo Liburuaren ildoari jarraitzen dio Berria-renak, eguneratuta jakina.
Liburuak Mondragon Unibertsitatean ere izan zuen aurkezpen pribatu bat duela egun batzuk, eta hango ikasle batzuek errepasoa ere eman diote liburuari beren blogetan. Jarraian datorrena Zein da Zein blogean agertutako laburpenetik atera dugu, Liburuak dituen atal nagusien deskribapena:
- Deontologia: garbi jokatzeko jarraibideak daude bertan. Oinarri ideologikoak zehazten ditu, honek ezin du gizarte eredu integratzaileen kontra egin, adierazpen askatasunaren kontra, giza eskubideen kontra...
- Interpretatzeko gakoak: gertaerak ulertu eta interpretatzeko gakoak (sakontasuna eta analisia) kontakizun landuak burutzeko.
- Idazkuntza: hizkuntza eredua agertzen da, norbere estiloa hobetzeko baliabideak, esaldien antolamendua eta testuen egitura eta puntuazioa nolakoa den. Adibidez gauza arraroak sahiestea, arkaismoak...
- Ortotipografia: koherentzia eta argitasuna biltzen du. Zenbakiak nola idazten diren testuinguruaren arabera, letrak nolakoak izan behar diren (letra etzana, azpimarratua...), etab.
- Onomastika: izen bereziak idazteko irizpideak argitzen ditu. Euskal Herriko 4.800 leku izen euskaratuak agertzen dira; arabierazko, grekozko eta zirilikozko izenak nola eman eta munduko herrialdeen informazioa besteak beste. Sigla zerrenda bat ere badago, honetan euskaraz nola eman ingelesezko, frantsesezko eta gaztelaniazko siglak eta hauen esanahia.
- Hiztegia: klixe gogaikarriak, esamoldeak eta kalkoak, sarrera tematikoak eta alderdi entziklopedikoa azaltzen da atal honetan.
Erantzun
Sartu