2006. urte honetan, historian lehen aldiz, 3 milioiko biztanleriaren muga gainditu dugu Euskal Herrian. Estatistika institutu ofizialek eskainitako datuen arabera (Datuak behin-behinekoak dira. Iturria: biztanleria erroldak eta zentsuak INE eta INSEE) 3.005.670 pertsona bizi gara bertan.
1960. urte arte, biztanleriaren hazkunde iraunkorra eman da Euskal Herrian; XIX. mende amaieratik urte horretara arte miloi bat pertsona gehiago bizi zen egungo Euskal Herrian, 1.982.995.
Baina hazkunderik esanguratsuena urte horretatik aurrera gertatzen da; 60. hamarkadan, milioi erdi biztanletan handitzen da Euskal Herriko biztanleria, eta 1970. urtean jadanik 2.565.377 dira. Hazkunde honen atzean biztanleriaren bizi-baldintzen hobekuntza, bizi-itxaropenaren luzatzea, 50-60 hamarkaden inguruan ezagutu genuen baby-booma, eta batez ere, Euskal Herriaren garapen industrialaren ondorioz jasandako immigrazio prozesua daude.
Ondoren, 1981. urte arte goranzko joera mantendu egin bazen ere, urte horretatik aurrera, hazkunde itzel hori eten egiten da; jaiotza kopuruak jaitsi egiten dira, immigrazio uholdea eten egiten da, Euskal Herritik kanpo doazen herritarrak datozenak baino gehiago izatera pasatzen dira
Baina, 2000. urtetik aurrera biztanleriak berriz ere goranzko tendentzia hartu duela esan dezakegu, ez 50. 60. eta 70. hamarkadetan bezain indartsu agian, baina hartua du goranzko joera. Hazkunde horretan, noski, zerikusi zuzena dute azken urteetan jasotako etorkin berriek.
Proportzioak herrialdeka
3 miloi biztanle horietatik gehienak Bizkaian bizi dira, zehazki biztanleen herena baino gehiago (%37,9) herrialde horretan bizi da. Ondoren, bostetik bana inguru bizi da Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian (%23,0 eta %20,0 hurrenez hurren). Biztanle dezente gutxiago bizi dira gainontzeko 4 herrialdeetan; Araban %10,1, Lapurdin %7,6 eta, batez ere, Nafarroa Beherean %1,0 eta Zuberoan %0,5.
Azkenik, aipatu behar dugu, herrialdeen barnean ere bilakaera ez dela homogeneoa izan; zonalde batzuk gehiago hustu dira eta beste batzuk gutxiago. Adibidez, 1981. urtetik 2001. urte bitartean biztanleria galdu dute Zuberoako eskualde guztiak, eta Nafarroa Behereko gehienak. Gipuzkoan ere eskualde guztiek biztanleria galdu dute, Urola Kostak izan ezik.
Bizkaian eskualde gehienek biztanleria galdu dute ere, Plentzia-Mungiak eta Durangaldeak salbu. Arabako eskualdeek, berriz, biztanleria irabazi egin dute, Trebiñuko konderriak eta Arabako mendialdeak izan ezik. Nafarroa Garaian, ere, Iparraldeak eta Estellerriak biztanleria galdu duten bitartean, hegoaldeak eta, batez ere, Iruñeko eskualdeak eta Tuteraldeakoak, biztanleria irabazi dute. Azkenik, Lapurdi da herrialde bakarra non eskualde guztiek biztanleria irabazi duten.
Oharra: albiste hau osorik ikusi nahi izanez gero infografia ta guzti jo gure webgunera www.gaindegia.org.
Erantzun
Sartu