Teknologia albisteak

Eskolak euskaldundu: Katetoen aldarria

Erabiltzailearen aurpegia
Ibai Redondo - Euskal Herriak Bere Eskola
2006-11-14 : 12:11

Eskolak euskalduntzea edo ez, hortxe dago gakoa. Gaur egun eskolak Euskal Herrian ikasleen %38 soilik euskalduntzen du. Hala ere, ikasturtea oso garrantzitsua izango da urrengo urteotan ehuneko horrek gora nabarmen egin dezan, azken urteotako blokeoari buelta emanez.

Ikasturtearen garrantzia instituzioetan

Euskal Herri osoan eskolak euskalduntzearen gaian aurrera egiteko hainbat mugarri izango ditugu.

Urriaren 28 eta 29an Burlatan egin zen Nazio Eztabaidan gaiak garrantzi berezia hartu zuen, beronen gaineko mintegia egin eta osoko bilkuran jorratuko zelarik. Etorkizun hurbilean, hezkuntza prozesuaren bitartez, Euskal Herriko belaunaldi berriak osoki euskalduntzeko proposamen konkretua behar du Euskal Herriak. Helburu hori begitartean pausua bizkortzen hasi ginen Burlatan.

Gaur eguneko instituzio autonomiko zein estataletan ere aldaketetarako joera sumatzen da:

1. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarako Euskararen Erakunde Publikoa “Hizkuntza Politkaren aurreproiektua” prestatzen ari da, abenduaren 21erako onartua izango delarik.
2. Nafarroa Garaia. Badirudi maiatzeko hauteskundeetan nafarroako eskuin españolista gobernutik kanporatua izan daitekeela. Honek gobernu aldaketaz gain, euskararen aurkako politikan aldaketa ekar dezake.
3. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parlamentuan, otsailean hezkuntzako hizkuntz ereduen politika aldatu edo ez erabakiko dute. Ez hori bakarrik, aldaketaren sakontasuna ere jokoan egongo da.

Herritarren hitza

Eskolak euskaldundu behar duela eguna joan eta eguna etorri behin eta berriz aldarrikatzen ari da euskal jendartea: Seaskako irakasle eta gurasoen mobilizazioak; Nafarroan eskola publiko, euskaldun eta kalitatezkoaren aldeko aldarrikapen herritarra; udazkeneko Ikastolen festa arrakastatsuak; ikasle mugimenduak eskola eta unibertsitatea euskalduntzeko egiten duen aldarrikapen etengabea; edo Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainak lortutako 107.768 siñadurak lekuko.

Urteetan zehar herri mugimenduak egindako lan ikaragarria euskara putzu sakon eta ilunetik ateratzen hasteko oso garrantzitsua izan da: ikastolen mugimendua, eskola publiko euskaldunak, helduen euskalduntze eta alfabetatzea, ikasle mugimenduaren aldarrikapen indartsua,...

Lan honek ekarri du politikariak mugitu beharra, goian aipatutako aukera eta mugimenduak ere herri honen garaipenak dira.

Politikarien hitzak

Herritarrek egindako lan handia eta hizkuntz politiken arduradunak mugitzera behartzea poztekoa bada ere kontuz ibili beharra daukagu. Aldaketak makillaje hutsa izan daitezke eta azken asteotan hizkuntza politiketan arduradunak ditugun hainbaten hitzek adi ibiltzearen beharra berriz ere erakusten dute.

Miguel Sanz Nafarroako Lehendakariak “ la normalización del vascuence sería perjudicial para la calidad de la enseñanza” esan berri du, kateto eta hipotenusak euskaraz ikastea alperrikakoa dela gaineratuz. Badirudi euskaraz ikasteak ikaslea kateto izatera kondenatzen duela, baina, Sanz jauna ezagututa gazteleraz ikasteak ere ez du soluziorik ematen.

Eusko Jaurlaritzako hizkuntza eta kulturako arduradunek Patxi Baztarrikak eta Miren Azkaratek pazientzia eta prudentzia eskatu diote behin eta berriz azken asteotan herritarrei. 1982an Euskararen Legea onartu zenetik gaur arte EAJ alderdia Gasteizko Parlamentuan nagusi izan da eta eskolak ikasleen erdia soilik euskalduntzen du hiru herrialde hauetan.. Pazientzia eta prudentzia dosi guztiak agortuak daude. Euskarak behar duena hizkuntza politika berri eta eraginkorra da, euskaldunduko duen eskolaren aldeko neurri konkretu eta eraginkorrak.

Neurriak

Azken hilabete hauetako aldarrikapenetatik haratago, hainbat neurri ere jarri dituzte eragile batzuek mahai gainean Kontseiluak, LAB sindikatuak eta Euskal Herriak Bere Eskolak besteak beste. Planteamendu hauetako batzuk beste batzuk baino sakonagoak dira, baina guztiek ere helburu bera dute eta norabidea baita ere: euskaldunduko duen hezkuntza sistema Euskal Herri osoan.

Euskal Herriak Bere Eskolak 107.768 herritarrek beraien sinaduraren bidez esan zuten bera adierazi nahi die instituzioetako arduradunei: “ikasle guztiei euskalduntze osoa bermatu behar die eskolak” eta horretarako legedi berria eta eraginkorra izan behar da.

Badaezpada, makillaje eta iruzur berriei aurre hartuaz legedi horren zutabe nagusiak izan beharko liratekeenak mahai gaineratu nahi ditugu berriz ere:

1. “Hizkuntza eskubideen adierazpen unibertsala” eta “Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala” aintzat hartu: “pertsona orok dauka bizi den lurraldeko hizkuntza ezagutzeko eskubidea”.
2. Haur guztien euskalduntze osoa izan behar da helburua.
3. Ikasle bakoitzaren hizkuntza ezagutza eta testuinguru soziala kontuan hartu behar du.
4. Euskalduntze integrala bermatzeko murgiltze sisteman oinarritutako planteamendu osoa.
5. Irakasleen prestakuntza eta etengabeko hobekuntzan arreta berezia jartzearekin batera, irakasle eskoletatik erdal adarrek desagertu behar dute..
6. Eskolak euskaldundu ez dituen ehundaka mila herritarrentzat kalte-ordain gisa helduen euskalduntze eta alfabetatzea dohakoa izatea bermatu.

Egindako lan handiak eta herritarrengandik jasotako babesak eman ditu jada fruitu batzuk. Esan bezala, aldaketen atarian egon gaitezke, berriz ere herritarron konpromisoaz arduradun politikoen agendan sartu dugu gaia eta hauek berriz huts eginda ere hor dugu Nazio Eztabaidaren aukera ziur ongi jorratuko duguna.

Alderdi politikoei arduraz jokatzeko eskaria egiten diegu berriz ere, euskalduntze osoa bermatzen ez duen legerik ez dugu inondik inora onartuko. Hurrengo aste eta hilabeteotan zentzu onean pausuak eman daitezen ekimenak antolatuko ditugu eta aukeratzen duten bidea okerra bada aurrez aurre izango gaituzte gu eta horren arduratsu jokatzen ari den dozenaka mila euskal herritar.

Erantzun

Sartu