Mees eta Sanz jaunari: Ondoko eskutitza idazten dugu, euskal herritarrak garen heinean gure hitza entzutea zilegi dela uste dugulako. Beraz isildu beharreko gutxi eta salatzeko asko dugulako ez gara inoren aurrean mututuko.
Eta euskaraz idatziko dugu, gure hizkuntza delako, batzen gaituena delako, ezaguna zaigulako Mees Jaunaren euskara maila ona dela, eta uste dugulako Sanz Jaunak euskal herritarron hitza entzuteko borondatea balu nork itzuli izango duela. Eta honakoa adierazi nahi dugu:
1.- Sanz Jaunari: Errespetatu euskal herritarrak, bereziki zure Nafarroako unibertsitatean ikasten, irakasten eta lanean ari garenak. Errespetatu gure aldarrikapenak. Gure ahotsa. Lotsagarria da urteetako salaketa eta gero beste alde batera begiratu nahi izatea. Arazoari uko egitea eta nafar ugari espainol hutsez bizi eta ikastera behartzea. Bete nafarron ahotsa. Aldatu egoera jasan ezin hori eta aurre egin arazoari. Eta Meesek salatu gisa zure hitzetan nazka eta amorrua baino ez baitira nabari euskaldunekiko. Euskarazko jardun unibertsitarioa posible da, eta horren adibidea ikusteko guk beste gonbidapen bat egiten dizugu, CAV-era mugitu beharrik gabe. Datorren ikasturtea hasi baino lehen zure hiriburuan, hau da, Irunean uztailean burutzen diren Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroetara baino ez duzu hurbildu beharrik. Eta bertan, Eibarren eta Biarritzen egiten den lez euskaraz jardun, ikasi eta lan egiten duten ikasle eta irakasle unibertsitario pilarekin egingo duzu topo. Ikusi eta ikasi Sanz Jauna, asko duzu eta beraiengandik ikasteko.
2.- Mees Jaunari: Ez iruzurrik egin euskal herritarroi. Universidad del Pais Vasco ez da Unibertsitate euskalduna, ezta elebiduna ere. Ahoa betetzen zaizue elebitasuna bezalako hitzekin, baina onartu UPV unibertsitate diglosikoa dela. Bai diglosikoa, sentitzen dugu horrek zure lana ongi egiten ez duzula esatea inplikatzen badu, baina hala da. Ez egin zuk Sanzek gisa hitzen azpi jokorik eta eman buelta zuen datuei. Onartu zure unibertsitatean ikasten duten ikasleak bataz beste ikasketen herenak gaztelera hutsez burutzera kondenatuak daudela (%70 baino ez baitago euskaldundua, beste %30 espainolez ikasi behar duten seinale, zure datua berrirakurri baino ez dugu egin). Eta hori ez da unibertsitate elebidun baten aldeko apustu egitea, 26 urte luzetan borondatea egon izan balitz Eusko Jaurlaritzatik unibertsitate elebiduna sortzeko, zuk uste honezkero ez zela dirurik egongo ikasgai guztiak euskalduntzeko? Baina hori ez da dena. Euskaraz dauden ikasgai asko euskal irakasleek eta ikerlariek egiten duten lan eskergaren ondorio da, beraz asko eta askoren lan baldintza okerren ordainetan. Eta azkenik ezin esan daiteke, euskaldunok euskaraz bizi garenik UPV-n, zuk esan gisa langile asko euskaldundu badira ere UPV-ko ikasleekin kontaktu zuzena duten langile askok eta askok ez baitakite euskara hitzik ere. Argi dago Sanzek esandakoa ez dela egokia baina ez esan gezurrik zure burua justifikatzeko. Udako ikastaroak antolatu eta zenbat ikastaro eman zenituzten euskaraz? Zein hezkuntzatan ezartzen dira ikasketa berriak? Zein laguntza eskaintzen zaio tesi doktorala euskaraz egin nahi duenari? Mees Jauna segur aski zuk pentsatu duzu Itsuen herrian betokerra errege dela, eta beraz betoker hobe, itsu baino. Baina gu ez gara itsuak, eta ez egin iruzurrik guri.
Hartu benetan euskalduntzeko apustua. Egin apustu benetan euskaldunak atzerritar sentitu ez daitezen zure unibertsitatean. Kontuan izan, unibertsitateko bozka guztiek berdin balio ez dutelako zaudela zu hor lanean. Bozka kopurutan euskararen aldeko oihu ozena egin zutela orain 3 ikasturte zure unibertsitateko ikasle, irakasle eta langileek, ez eman bizkarra bozka guzti horiei, eman beharrezko urratsak. Guk egindakoak ospatuko ditugu eta!
3.- Euskal Herritarroi: gure herriak arazo asko ditu, ez da unibertsitate euskalduna ez edukitzearena gure arazo bakarra, argi dago, baina garrantzitsua da denok ohartaraztea ez dela unibertsitarioen arazoa soilik unibertsitate euskalduna, herritarra eta nazional bat edukitzea, euskaraz, gure herriak behar duen ikerketan eta kalitate goreneko ikasketak emango lituzkeen unibertsitatea. Ez dela soilik gure herrian existitzen diren 7 unibertsitate espainol eta frantsesetan ikasten, irakasten eta lan egiten dutenen arazoa soilik. Guztiok, herri gisa dugun premia da unibertsitate hau, eta orain 40 urte Carlos Santamaria pentsalariak Euskal Unibertsitate izenarekin bataiatu zuen proiektua da. Euskal Unibertsitatea gure eskubidea dela aldarrikatzen du Euskal Herriak bere Eskolak azken 5 urteetan, Udako Euskal Unibertsitateak praktikan irudikatu du udaro burutzen dituen ikastaroetan, sortzen duen testuliburuetan eta bere gradu-ondoko ikasketetan, eta sortzeko prozesuan urrats sendoak eman ditu azken urte guzti hauetan. Eta Nazio Garapen Biltzarrak bere urgentziazko proiektuen artean kokatu du. Guztion beharra da, proiektu hau gure herriaren bizi iraupenerako ezinbestekoa da. Hurrengo ikasturteen burutuko diren urratsetan guztiok tinko sortzera lagundu beharko duguna.
Bestetik garrantzitsua da gure egungo unibertsitateak ezbaian jartzea. Behar dugun eredu unibertsitarioa aldarrikatzea. Hurrengo hilabete eta ikasturteetan aldaketa mordoa burutuko dira unibertsitateetan, baina zein noranzkotan? Nork markatzen du unibertsitateko aldaketa hauek? Euskal herritarrek? Ez ba, Estatuek osatzen duten Europako markoek baizik, Bologna famatuaren bitartez. Guk ahotsik ez dugun markoetan. Hezkuntza Deialdia lau haizetara zabaltzen ari da eztabaidatzeko premia, bat egin dezagun guztiok Inposaketarik ez! Euskal Herriak bere Unibertsitatea aldarrian. Euskal Herriak bere Eskolak horren bidean hainbat mahai inguru egingo ditu azaroaren hasieran, guztiok zaudete partehartzera gonbidatuak eta aldarrikapen horri laguntza emateko atxikimenduak biltzen egongo da hurrengo asteetan.
Adiorik ez guztioi, lanean jarraituko dugu eta zuek egindako lanari jarraipena egingo diogu, ez zalantzarik egin, ez dizuegu gure eskubideekin jolasten utziko. Elkarren berri izaten jarraituko dugulakoan.
Erantzun
Sartu