Urola Bailarako hainbat herrriren eredua jarraituz, Azkoitiari ere iritsi zaio Bai Euskarari Ziurtagiria aurkezteko garaia. Azpeitia, Zestoa eta Zarautzen dagoeneko zabalduta dago Bai Euskarari Ziurtagiria eta oraingoan Azkoitiari egokitu zaio txanda.
Uztailean Azkoitiko Udalak eta Kontseiluak lankidetza hitzarmena sinatu zuten eta ordutik hona, hainbat ekimen abiatu dute herriko Udalak eta euskalgintzak. Prozesu hau gidatzen ari den Azkoitiko Euskara Batzordearen lana azpimarratu nahi dut. Zinez, lan bikaina egiten ari zarete, azpimarratu du Xabier Mendigurenek, Kontseiluko idazkari nagusiak.
Aurkezpenean Azkoitian Bai Euskarari Ziurtagiria proiektua martxan jartzeko argibideak eman dira. Hasteko, Kontseiluko ordezkariak, Bai Euskarari Ziurtagiria zer den azaldu du eta jarraian, Azkoitiko Euskararen Udal Kontseiluko teknikaria, ziurtagiridunek jasoko duten aholkularitzaz aritu da. Etengabeko harremana mantentzea ezinbestekoa iruditzen zaiola aipatu du teknikariak: Bai Euskarari Akordioa Herrietan prozesu irekia izanik, elkarlanean oinarritzen delako.
Elkarlan horren fruitu izan dira, besteak beste, azken hilabeteetako ekimen ugariak. Herriko Andramarixetan bertan, gogoeta saioaz gainera, Bai Euskarari horma-irudia egin zuten gaztetxoek. Abuztuan ere, berripaper bat bidali zuten etxe guztietara eta bukatzeko, azken asteetan burututako eragite kanpaina. Duela hiru aste hasi zen moskeo kanpaina hau. Herriko kaleetan jarri zuten lehenengo kartelak hodei beltzez betetako zeru iluna erakusten zuen. Bigarrenari aldiz, astebete geroago jarri zutenari, elementu berria gehitu zioten: Bai Euskarari lemaren logoa den eguzkia. Eguzki irribarretsu horrek hodeiak erratzaz garbitzen zituen bigarren kartel honetan eta hirugarrenean, oraintxe bertan Azkoitiko kaleetan ikus dezakegun horretan, zeru oskarbia ageri da, Orain bai leloarekin.
Udaletik, Jose Luis Arrizabalaga, Kultura zinegotzia, izan da aurkezpenean eta elkarlanaren ideia azpimarratu nahi izan du batez ere. Bai Euskarari Ziurtagiria euskararen normalizazioaren mesederako dela iruditzen zaigu eta, horregatik, aurretik generaman lan ildoan txertatzea erabaki dugu, gaineratu du Arrizabalagak. Ondoren, euskalgintzaren kide den Miren Alberdik hartu du hitza, Kultura zinegotziaren ildo beretik jarraituz gainera. Auzolana onuragarria da euskararen egoera hobetzeko, denok batera lan egiten badugu emaitzak hobeak izango direlako, adierazi du Alberdik.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren beste ikuspegi bat jasotzeko asmoz, Ziurtagiria duen Sarea Informatikako Idurre Zabaleta ere aritu da aurkezpenean. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin bat egiteko gonbidapena egin du Zabaletak. Erakunde, enpresa edo saltoki bakoitzak bere mailan eta erritmoan, baina beti ere euskarari bide eginez gero, gaineratu du.
Kontuan hartzekoa da, dagoeneko 1.340 erakunde, elkarte eta enpresek eskuratu dutela Bai Euskarari Ziurtagiria. Xabier Mendigurenek ziurtagiridun horiek guztiak gogoratu nahi izan ditu eta ziurtagiridun berriak aurrera egitera bultzatu ditu. Euskal Herri osoan zabaltzen ari da Bai Euskarari Ziurtagiria eta jada, askoz ere gehiago izatea nahi dugu, adierazi du. Bukatzeko, Bai Euskarari Ziurtagiriari buruz aritu da, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea nahiko genuke, bera baita euskararen normalizazioan emaniko urratsen ikurra.
Erantzun
Sartu