ELEGUNE sortu du Azpeitiko Euskara Patronatuak, Enpresen Hizkuntza-Gestioa Hobetzeko Zentro teknikoa.
Aurrenekoa izango da berriz Azpeitia euskarari bide berriak irekitzen. Eta herriko enpresa guzti-guztiak beharrezkoak dira zeregin horretan.
Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Euskaltzaindiaren, ADEGI enpresari elkartearen eta Azpeitiko Udalaren babesarekin, Euskal Herri osoan aitzindaria izango den ekarpena egingo du Azpeitiak: ELEGUNE.
Euskal Herri osoan 10.000 biztanletik gorako herrien artean, Azpeitia da batez beste euskaldun gehien dituen herria (% 87). Eta herriko enpresetan, gainera, langileen % 90 euskalduna da. Azpeitia izan zen Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia martxan jarri zuen lehenbiziko herria. Euskara Patronatua duen herri bakarrenetakoa da Azpeitia. Euskararen inguruan lan egiten dutenek baliatzen duten erabili.com webgunearen sortzaile eta arduraduna da. Hiru euskaltzain izan dituen herri bakarra da Azpeitia...
Eta, orain, bide berriak irekiko ditu Azpeitiak, enpresetan euskara modu berritzaile batean garatzeko. Berriz ere lehenengoa izango da Azpeitia Eusko Jaurlaritzak arlo sozio-ekonomikoarentzat mamitutako LanHitz egitasmoa garatzen: horretarako sortu da ELEGUNE.
Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuaren bitartez, herriko enpresei hizkuntza-gestiorik egokiena lortzen laguntzeko sortu duen zentro teknikoa.
ELEGUNEk zerbitzu profesionala eta integrala eskaintzen du, eta enpresetan euskarari dagokion tokia eta funtzionaltasuna aurkitzeko, laguntza eta baliabideak esku-eskura jartzea da bere eginkizuna.
Eleaniztuna da enpresaren oraina eta geroa. Enpresek hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen dituzte beren eguneroko lan-harremanetan. Bai enpresa barruan, langileen artean; eta bai kanpora begira, bezeroekin, hornitzaileekin eta erakunde publikoekin.
Horregatik, enpresa guztiek behar dute hizkuntza-gestio egoki bat. Enpresaren komunikazioa hobetzeko, enpresaren interesetan aurrera egiteko.
Hizkukuntza-gestio egoki batek enpresaren hizkuntza bakoitza non, noiz, nola eta zertarako erabili erabaki eta finkatzen du.
Hizkuntzen gestio on batek gizartera hurbiltzen du enpresa. Enpresaren irudia hobetzen du. Etorkizunerako prestatzen du enpresa.
Enpresa bakoitzak bere izaera, egoera eta helburuak ditu. Horregatik da horrelakoa ELEGUNEren zerbitzua:
Enpresak planik egokiena eduki dezan, hauek dira eman beharreko urratsak:
Iritsi da Unea. ELEGUNErekin enpresek aukera ezin hobea dute etorkizunari begira jartzeko: ondorengo urteetan Euskal Herriaren historiako gazteriarik euskaldunena eta prestatuena iritsiko da enpresetara.
ELEGUNEren laguntzarekin errealitate hori aprobetxatzeko eta bere alde jartzeko gai izango diren enpresak indartuta aterako dira. Izan ere, hizkuntza-gestioaren planifikazio egoki batek mesede baino ez baitio ekarriko enpresari.
Orain 20 urte udalek euskara ikasteko aukera eskaini zieten herritarrei udal euskaltegien bitartez, izan ere, orduan beharra horixe baitzen: euskara ikastekoa. Eta orduko behar hari erantzuteko sortu zituzten han-hemenka udal euskaltegiak.
20 urte geroago Azpeitiko Udalak ELEGUNE sortzeko beharra ikusi du: Azpeitiko enpresen egoera soziolinguistikoa ikusita (enpresetan zuzendaritzako kide eta langileen % 90 euskalduna da) azpiegitura tekniko bat sortzea beharrezko ikusi du Azpeitiko Udalak herriko enpresen hizkuntza-gestiorako beharrei erantzuteko.
Gaur egungo enpresentzat, batez ere txiki-ertainentzat, laguntza bide ezin egokiagoa izango da ELEGUNE, den-dena, goitik behera mamituta eta beraien beharretara egokituta emango baitie.
Azpeitiko Udalak dagoeneko aurkeztu die ELEGUNE Azpeitiko 12 enpresa handienei. Enpresa hauen guztien artean 2.100 langile dituzte: Azpeitiko industria arloko langileen % 51. Eta den-denek baietz esan diote ELEGUNEk proposatzen dienari. Hauetxek dira ELEGUNErekin elkarlanean ari eta arituko diren enpresak:
Azpeitiko enpresa guztietara joango da ELEGUNE bere burua aurkeztuz eta bere zerbitzuak eskainiz. Izan ere, ELEGUNE Azpeitiko enpresa guztientzat sortu da, baina, batez ere, enpresa txiki eta ertainentzat, horiek baitituzte zailtasun gehien eta baliabide gutxien hizkuntza-gestioaren planifikazio lanetan hasteko. ELEGUNEk enpresen hizkuntza-gestioa erraztuko du eta enpresa guztiei tresna eta baliabide egokiak esku-eskura jarriko dizkie.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
Erantzun
Sartu