Hasi da Donostiako Zinemaldia, 54. aldia duena. Gaur gauean ospatuko da inaugurazio-gala, ohi bezala ETBk emango duena, baita Espainiako telebista publikoko La2 kateak ere, baina goizetik hasi dira zale eta kazetarientzako emanaldiak, eta gaurko munduaren berri ematen duten bi film ikusi ditugu: "Ghosts" eta "Babel", aldi berean Zinemaldi honen mugen metaforatzat balio dutenak.
Nick Broomfield zuzendari britainiarrak aktore txinatarrekin egindako filma da "Ghosts" (Mamuak). Izan ere, ingelesak eta txinatarrak estuki lotzen dituen gertakari batean dago oinarritua pelikula: 2004ko otsailaren 5ean, hogeita hiru etorkin ilegal txinatar hil ziren Ingalaterra Iparraldeko kostan itsaski biltzen ari zirela itota.
Heriotza horretatik abiatuta, filmak atzera egin eta Ai Qin emakume gaztearen epopeia kontatzen digu, Txinatik abiatu zenetik zoritxarreko istripua gertatu arte. Ai Qin du izena protagonistaren rola egiten duen aktoreak ere, eta horrek berak azpimarratu egiten du filmaren balio dokumental eta salaketazkoa.
Beste zenbait film eta errepotajetan ikusi izan dugun bidegabekeria-sorta eskainiko zaigu hemen ere: emigratu nahi duenaren bizitza latza jatorrizko herrialdean; hango mafien diru-gosea etorkizun hobe baten itxaropenez daudenen lepotik gizentzeko; bidaiaren beraren kondizio latzak, iritsitakoan aurkituko duten panorama beltza...
Filmaren balioa hori guztia iruditan txukun ematea da, baina haren muga ere hortxe dago: ez baitu dokumental baten egiantz bete-beteko eta zirraragarri hori, batetik, eta ez baitu fikzio lan baten indar dramatikoa erdiesten, bestetik.
Winterbottom-en "In this world" eder hura gogorarazi dio askori; aurreko urteetan gai berberaz hemen bertan ikusitako hainbat film aipa liteke; eta aurten ere ziklo oso bat eskainiko zaie zinemaldian emigranteei. Modako gaia dela pentsa liteke akaso; ezinbestean modako.
Zabaltegi sailean Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikarraren azken lana ikusi dugu: "Babel", aurtengo Cannes-ko jaialdian gehien goraipatu den filma. Gaurko estreinaldi pareak ederki erakusten du Donostiako Zinemaldiaren nahi eta ezina: munduan egiten diren filmik onenak ekarri nahi lituzkete, baina haien arduradunek nahiago beste jaialdi batzuk: Cannes, Berlin, Venezia, Toronto... Han-hemen topatzen dituzten pelikula interesgarri samarrekin konformatu behar, eta bataz besteko mailatik gora egon daitezela itxaron.
Hori ez da inoren errua ordea, eta gatozen "Babel" honetara. Egungo zinemaren joeretako bat da puzzle erako lanak jostea: Tarantinok ipini zuen boladan, eta Iñarritu bera ere ez da makala patchwork horietan. Guillermo Arriaga bere betiko gidoilariaren lan zoragarriak hiru gertaleku guztiz desberdin dituzten istorioak proposatzen dizkigu: AEB eta Mexiko arteko muga, Marokoko mendialdi mortu bat, eta Japoniako hiriburu jendetsu bat, errifle baten bidez lotuak hirurak.
Ez dugu argumentua agertuko, baina bai aipatu txalotzeko moduko filma dela: tragedia txiki eta handi sail bat kontatuz doakigu zuzendaria, erritmo pausatuak dramatismo errazari ihes egiten diola (142 minutu irauten du), eta aktoreen lana ere (ospetsu nahiz ezezagunena) Hollywoodeko gehiegikeriarik gabe iristen zaigu. Hitz batez: ederra.
Erantzun
Sartu