Lea-Artibai eskualdeko 16 eragilek etorkin berriak euskal mundura erakartzeko eta euskararen kalitatearen transmisioa sustatzeko egitasmoekiko konpromisoak hartuko dituzte, ekainaren 21ean, asteazkenarekin.
Markinako Uhagon kulturgunean 16 eragilek Etorkin berriak euskal mundura erakartzeko egitasmoa eta Euskararen transmisioaren kalitatea sustatzeko egitasmoekiko hartutako konpromisoak sinatuko dituzte.
Iaz egitasmoen diseinu lanetan Lea-Artibaiko 25 eragilek parte hartu zuten eta orain guztien artean proposatuak izan diren lan ildo eta ekintzak aurrera eramateko konpromisoa hartuko dute sinadura ekitaldian.
Behin konpromiso zehatzak hartuta, ikasturte berrian, 2006ko irailetik 2007ko ekainera bitartean, eragile bakoitzak aukeratutako ekintzak bultzatuko ditu. Horrez gain, eragileen arteko elkarlana eta koordinazioa gauzatzeko ikasturtean zehar hiru bilera egingo dira.
Esan bezala, sinadura ekitaldia asteazkenean izango da arratsaldeko 19:00etan Markinako Uhagon Kulturgunean. Bertan egitasmoekiko konpromisoak sinatuko dituzten irakaskuntza, kultura, kirola, hedabideak, sindikatuak, etorkinen elkarteak eta euskalgintza arlokoek parte hartuko dute, guztira 16 eragile.
Sinadura ekitaldiaren aurkezpena proiektua garatzeko kontratutako Ahize-AEK Hizkuntza Aholkularitzaren laguntzaz, ekimenaren bultzatzaile eta antolatzaile den Lea ArtiBAI Euskarari Kultur Elkarteak egingo du. Patxi Juaristi soziologo eta UPV-EHUko irakaslea izango da aurkezle gonbidatua.
Hauek dira bi egitasmoekiko konpromisoak sinatuko dituzten eragileak: Ondarroako Arrantza eskola, Ondarroako Radixu Irratia, Hitza, Etxebarriko Kantariak Elkartea, Etxebarriko Etx Kultur Elkartea, Lea-Artibaiko LAB sindikatua, Lea-Artibaiko Aek, Ondarroa, Markina eta Lekeitioko HHI-EPA, Markinako Uhagon kultur elkartea, Ondarroako Kresala kultur elkartea, Ondarroako Zubi-zahar ikastola, Ondarroako Senegaldarren Elkartea, Markinako Batetaratze Guraso elkartea, Lea-Artibai Euskarari kultur elkartea
Erantzun
Sartu