Behatokiko zuzendariak Irlandako Galwayn eman du Euskal Herrian gertatzen diren hizkuntza-eskubideen urraketen berri, hain zuzen ere justizia eremuan gertatzen direnei buruzkoa. Ekainaren 14-17 bitartean hizkuntza-legeriari buruzko Nazioarteko Akademiak (International Academy of Linguistic Law) erakundeak Galwayko Unibertsitatean antolatutako nazioarteko biltzarrean da Behatokiko zuzendaria, Paul Bilbao. Bertan ehunetik gora aditu bildu dira hizkuntza-legeriari eta hizkuntza-eskubideei buruz eztabaidatzeko.
Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak, hitzaldia eman eta txosten berezi bat aurkeztu du gaur, hain zuzen ere, Hizkuntza-eskubideak justizia administrazioan Euskal Herrian gaiaz. Hitzaldi horren bidez, Bilbaok berretsi egin du urteko txostenetan jaso izandakoa, alegia, justizia-administrazioa urterik urte errepikatzen den beltzunea da hizkuntza-eskubideen urraketei dagokienez.
Horrela, Behatokiko zuzendariak justizia-administrazioaren aurrean herritarrek duten indefentsio egoera larriak azaldu ditu. Gaur emandako hitzaldian, hiru adibide zehatzen berri eman die parte hartzaileei: Baionako epaitegian hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeagatik herritarrak negar-gasekin eta ostikoka kaleratu izana, Asier Basabe herritarrari auto istripu baten lekuko bezala euskaraz deklaratu nahi izateagatik kartzela zigorra ezarri izana eta 2005eko txostenean landutako espedienteareen behaketa.
Behin eta berriro esan dugu hizkuntza-eskubideak ez ezik, babes judizial eraginkorrerako eskubidea zein defentsa-eskubidea bera ere urratzen dituztela Espainiako eta Frantziako Justizia Administrazioek, eta azken urteotan jasotakoa azaldu nahi izan dugu hizkuntza-eskubideen eremuko aditu hauen guztien aurrean, gaineratu du Bilbaok.
Horrela, herritar euskaldunek pairatzen duten bereizkeriaren berri zuzena helarazi die Bilbaok eta parte-hartzaile guztiei horri buruzko txosten bana helarazi: Egoera hau onartzerik ez dago, Justizia Administrazioak hartzen ari diren erabakien aurrean nazioarteko babesa ezinbestekoa da". Izan ere, harridura handia erakutsi dute parte-hartzaileek Bilbaok euskaldunoi justiziarekin euskaraz egitea zein garesti ateratzen zaien azaldu dienean.
Bide batez, eta bidaia aprobetxatuz, Behatokiko zuzendaria Irlandako mendebaldean gaelikoaren alde lan egiten duten zenbait erakundetako arduradunekin ere bilerak egin ditu, lankidetza harremanak finkatzeko asmoarekin.
Erantzun
Sartu