Badihardugu Euskara Elkarteak euskalkien liburutegia jarri du Interneten, euskalkien inguruko argitalpenen datu-basea. Euskalkien inguruko liburu, bideo, mapa eta artikuluen erreferentziak bilatzeko aukera ematen du, liburuen azalak ere erakusten dira, eta zenbait kasutan, liburua zuzenean kontsultatzeko aukera ere badago.
Badihardugu euskara elkarteak Deba Ibarreko euskalkiaren inguruan dihardu lanean. Elkartearen helburua herri hizkerak jaso, aztertu eta prestigiatzea da, eta helburu hori gauzatzeko hainbat proiektu jarri ditu martxan. Aste honetan aurkeztu du azkena: Euskalkien liburutegia.
Proiektu honen hasierako helburua Deba Ibarrean euskalkian idatzitako lanen eta euskalkiari buruzko lanen datu-basea osatzea zen: idazlea, urtea, gaia, argitaratzailea, lekua... Gure eskualdeko ia herri guztietan aztertu da bertako euskara edo berbeta eta, hortaz, ugari dira gure ibarreko herrietan burututako lanak.
Adibiderako Eibarko euskara edo Bergarako euskara aztertzen dituzten hainbat lan eta ikerketa, edo Antzuolako, Arrasateko eta Ermuko euskara aztertzen dituzten liburuak. Joan zen astean bertan aurkeztu zen Mallabiko euskara deritzona, eta beste hainbat ere bidean dira honezkero, esate baterako, Elgoibarko, Mutrikuko eta Oñatiko berbetak jasotzen dituztenak.
Bailarako liburuen eta lanen bilduma osatuta, Euskal Herri osoan euskalkiaren inguruan kaleratu diren lan eta liburuen datu-basea prestatzen hasi ginen. Horrela sortu da orain aurkezten dugun Euskalkien liburutegia. Barnerako zen tresna, online jarri dugu, euskalkien inguruan zer idatzi den jakin nahi duenak, erreferentzia azkar bat izan dezan. Era honetan, jendeari dialektologiaren inguruko informazioa bilatzeko bidea erraztu gura diogu eta, beharbada, gai honen inguruko interesa piztu edo handitu.
Orain arte, batez ere liburuen erreferentziak sartu dira, baina badira, era berean, mapak, jolasak, CDak, bideoak... era guztietako materiala. Guztira 350 lan baino gehiago, gure hizkuntzaren aberastasunaren eta euskal dialektologiaren joritasunaren erakusgarri. Hemendik aurrerako erronka, aldizkarietan kaleratu diren artikuluen erreferentziak ere gehitzea da.
Gure liburutegi birtualean zenbaitetan liburu, artikulu eta abarrak jaisteko aukera dagoen arren, beti ezingo da horrela izan. Hori ikusirik, eta jendeari bidea erraztu nahian, euskalkien inguruko lanak biltzen hasi ginen eta dagoeneko poliki-poliki liburutegia osatzen ari gara. Lan horiek kontsultatu nahi dituenak Badihardugura etorri besterik ez du.
Erantzun
Sartu