2006ko maiatzaren 4a, Buenos Aires, Argentina. Munduko Hezkuntza Foroa, munduko txoko ezberdinetatik etorritako hezkuntza esperientzia zein errealitate anitzen elkargune bilakatu zen. Eta bertan izan ginen euskaldunak ere, Euskal Herriaren hezkuntza errealitatea ezagutzera emanez.
Hiru egunez unibertsitate argentinarraren alboko areto erraldoia munduko txoko ezberdinetatik etorritako hezkuntza esperientzia zein errealitate anitzen elkargune bilakatu zen. Guztien ahotan gertutik bizi ditugun errealitate eta esperientziak izan arren, guztion helburua bakarra izan zen: norberaren errealitate zehatza ezagutarazi eta gainerakoetatik ekarpenak eskuratu, hezkuntzaren alorrean munduko herri ezberdinen arteko hartu emanak sendotzeko asmoz.
Eta bertan izan ginen euskaldunak ere, Euskal Herriaren hezkuntza errealitatea ezagutzera emanez eta mundu luze zabaleko gainerako herrialdeetatik irakaspen ezberdinak jasotzeko gogo handiz. Euskal Herriak asko du ikasteko eta egiteko oraindik alor honetan, baina ezbairik gabe, ekarpen ugari bezain sendoak egiteko tenorean dago. Urte luzeetako esperientzia zein ekimenei esker, herri bezala hezkuntzaren alorrean ditugun behar zein gabeziak egunez egun eraikitzen goaz, Euskal Herriari herri gisa dagokion eta merezi duen Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzen ari gara. Hor ditugu ikastolak, euskal unibertsitate baten sorreran harturiko determinazioa, herri ekimenez sorturiko ikasguneak, ikasle mugimenduak eginiko borrokak, euskal curriculumaren eraikuntza, euskal eskola publiko berri baten aldeko egitasmoak... Guztiak ere, herri ekimenaren bidez euskal herritarrek eginiko lan eskerga handiari eta zenbait eremuetatik harturiko erabakiei esker garatu direnak eta egun errealitate bilakatu direnak.
Bestalde, ez dira makalak izan estatu zein Europako marko ezberdinetatik jaso ditugun eta gaur egunean jasotzen ditugun inposaketak. Inposaketa hauetariko batzuk Europako markua gainditu eta mundu mailako ezarpenak dira, bai, baina beste asko estatuek euren kasa egiten dituzte helburu bakarrarekin: Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Nazionala izateko duen eskubidea ukatzea eta, era berean, euskal herritarren hezkuntza eskubideen urraketa etengabean jardun. Zentzu honetan ere, badugu munduari zer esan eta zer ekarpen egin. Izan ere, euskal herritarrek oso argi dugu hezkuntzak herri baten garapenean duen garrantzia eta, bide horretan, euskal herritarron hezkuntza eskubideen defentsan hamaika ekimen zein aldarrikapen gauzatu ditugu, egunez egun gure eskubideen jabe egitea ahalbideratu digutenak.
Bide horretan, kokatu behar dugu Euskal Herriak munduari egin diezaiokeen ekarpenik nagusiena: euskal herritarren determinazioari esker, herri ekimenaren bidez eginiko hezkuntza eskubideen defentsa eta eskubide horiek garatzeari begira buruturiko egitasmo ezberdinak. Herri baten eraikuntza prozesuan herritarren inplikazioa eta parte hartzea funtsezkoa da herritik herriarentzat garatu nahi badugu Hezkuntza Sistema Nazionala.
Euskal Herria, ordea, ez da bere zilborrari soilik begiratzen dion errealitatea eta beharrezkoak ditu beste herrialdeekin, hezkuntzaren alorrean ere, harreman iraunkorrak eraikitzea eta esperientzia ezberdinetatik ikasi ditzakeen ekarpen anitzei bide emango dien zubi iraunkorrak ahalbideratzea. Latinoamerikan kokatu zen Munduko Hezkuntza Foroa gune aproposa izan zen horri guztiari hasiera emateko.
Hezkuntza herri baten garapenerako oinarrizko zutabea dela mundu mailan barreiatzen eta aintzat hartzen den baieztapen bat dela ondorioztatzeko parada izan genuen. Hezkuntzaren bidez belaunaldi berriek euren kultura, historia, hizkuntza, etabarren transmisioa ziurtatu nahiz barneratzen dute eta beronen garapena ahalbideratzeko beharrezko mekanismoak eskuratzen dituzte, herri baten biziraupenerako halabeharrezko faktore dena. Hezkuntza, ordea, prozesu orokor baten baitan kokatzen da, jaiotzen garen unetik bizi garen denbora guztira hedatzen dena. Zentzu honetan, hezkuntzarekiko izan beharreko ardura ez da soilik hezkuntza alorrean lanean dabiltzan sektore zehatzei atxikitzen. Hezkuntza herri oso baten garapenerako bitartekoa den neurrian, berarekiko ardura hezkuntza komunitate osora hedatzen da eta herritar guztien erantzukizuna bilakatzen da.
Baina zer nolakoa izan behar du hezkuntzak? Argentinan eginiko Hezkuntza Foroan argi eta garbi ondorioztatu zen, Euskal Herrian aspaldidanik aldarrikatzen ari garen ildotik, hezkuntzak herritarra eta doakoa izan behar duela. Herritarra, batetik, partehartze demokratikoa bermatu eta, arestian esan bezala, hezkuntza komunitate osoaren nahiz herritarren ardura izan behar duelako; herri baten garapena ahalbideratzeko tresna izan behar du. Doakoa, bestetik, hezkuntza herritarren eskubidea delako eta, beraz, hezkuntzarako eskubidea bermatu behar duelako; herritar guztien eskubideak bermatzen dituen hezkuntza izango da publikoa (eta beraz herritarra eta doakoa).
Beraz, milaka kilometrotara egon arren, herri ezberdinetan ematen diren hezkuntza aldarrikapen zein urratsak aniztasunez jantzirik badaude ere, komunean puntu ugari dituzte. Herri bakoitza bere errealitate propiotik abiatu behar du bere hezkuntza sistema eraiki nahiz egunez egun garatzeko. Munduko txoko ezberdinetan historio ezberdinak errepikatzen direla baieztatu dezakegun neurrian, ordea, hezkuntza afera berberak ditugun herrien arteko lankidetza indartu behar dugu eta herri ekimenaren bidez aurrera pausu sendoak eman. Euskal Herriari dagokionean, nazioarte mailako lankidetza indartzearekin batera, herritarren nahiz hezkuntza komunitatearen arteko lankidetza indartu behar dugu eta herri bezala dagozkigun hezkuntza eskubideen garapenean elkarlana bultzatu. Herri ekimenaren bidez emaniko aurrera pausuak atzeraezin bilakatu daitezen, herri gisa jardun behar dugu Euskal Herrian nahiz Mundu luze zabalean. Euskal Herritik Munduari ekarpenak egiteko tenorean gaude eta era berean, Mundutik Euskal Herrira ekarpenak bideratu behar ditugu. Argentinan behin baino gehiagotan entzun bezala, eta Euskal Herrian urte luzeetako aldarrikapena izan den bezala, Herri bat, hezkuntza propio bat leloa berreskuratu nahi izan dugu gure kontakizun laburrari amaiera emateko.
Galder Gonzalez (UPVko Ikasle Kontseiluko presidentea)
Edurne Larrañaga (Euskal Herriak Bere Eskolako kidea)
Erantzun
Sartu