Hizkuntza-eskubideak urratzea merke
2006-04-06 15:04
Xabier Mendigurenek Behatokiaren zeregina gogoratu du: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak orain dela bost urte bideratu zuen fundazioa da. Behatokia herritarren hizkuntza-eskubideez arduratzen da, arlo publikoan zein pribatuan, eta horiek bermatzera zuzentzen du bere jarduera.
2005eko diagnosi honetan hainbat berrikuntza txertatu ditu Behatokiak erabilgarritasuna irabazteko. Horrela, oraingo honetan diagnosi berezituak egin ditu eremuka; adibidez, justizian, hezkuntzan, herrizaingoan eta abrrean. Modu horretara, sektore bakoitzari buruzko irakurketa xehea egiteko aukera eskaintzan du txostenak, azaldu du zuzendariak, Paul Bilbaok. Bestetik, Behatokiaren aburuz aipagarria da eremu sozio-ekonomikoak hartu duen garrantzia. Herritarrek interes berezia izan dute zerbitzu orokorren urraketetan, hedabideenetan eta profesionaletan, esate baterako.
Berrikuntzen zerrenda amaitzeko, zuzendariak azaldu du espediente berezitu baten behaketa jaso dutela 2005eko azterketan. Horrela, Justizia Administrazioa urterik urte beltzunea zela kontuan harturik, prozedura baten jarraipena hasieratik amaiera arte egin dute, baita epaiketen behaketa lana ere. Horrela, zuzendariaren arabera in situ egiaztatu ahal izan ditugu justizia administrazioaren defentsarako eta babes judizial eraginkorrerako eskubidearen urraketak.
2005 urtean 811 espediente kudeatu dira: 729 kexa, 38 zoriontze, 20 zehaztugabe, 16 kontsulta, 8 prebentzio ekintza. Erabiltzaileei dagokienez, gipuzkoarrak izan dira Behatokira jo duten herritarren %37, Nafarrak %26, Bizkaitarrak %23 eta Arabarrak %14. Hala ere, Behatokiko zuzendariak gogoratu du diagnosia ez dela ikuspegi kuantitatiboaren arabera egiten.
Eskubideak urratzea, merke
Berriro ere 2005eko txostenak adierazten du oinarrizko eskubideen bermerako ekinbiderik hartu ezean, ez dugula inoiz aurrera egingo. Iparraldean, Estatuak oraindik ez du ofizialtasuna aitortzen. Gainera, nazioartean inork ez dio Frantziari horri buruzko kosturik eskatzen.
Bestalde, Paul Bilbaok gogorarazi du Nafarroako Gobernuak berak sortutako erakundeek gomendatzen diotena ere ez duela betetzen: Adibidez, Arartekoak eta Nafarroan legeen zaintzarako erakundeek egiten dizkioten gomendioak
Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez, urteek aurrera egin ahala, naturalizatu egin da legeen urraketa, Behatokiaren aburuz. Horrek administrazioari ondoriorik eragiten ez dionez, inpunitate osoz gertatzen da hori , azaldu du Paul Bilbaok.
Erabili nahi izatea, garesti
Euskara erabili nahi izateak, ordea, kalte larriak eragin dizkie herritarrei. Behatokiko zuzendariak 2005eko txostenean jasotako hainbat adibide eman ditu: bezeroak zerbitzurik ezin jaso, euskarazko eskaerak ez onartu, hilabeteetako atzerapena euskaraz eskatzeagatik... Eta guztietan larriena: euskara erabili nahi duten herritarrekiko bereizkeria. Hala ere, zuzendariak aitortu du zorionez herritarren kontzientziak gora egin duela.
Erantzunak kargatzen...