Zuen lapitzetara ! Heldu den maiatzaren 6an, "Hitzaditza" izeneko euskarazko diktaketa iraganen da Baionan. "Hitzaditza" ikastolako betiko diktaketatik urruntzen da ordea, helburu nagusitzat euskaraz idazteko plazerraren ematea baitu. Oraindanik izena eman eta treba zaitez sarearen bidezko diktaketa bati esker !
Euskara idatziari buruzko mesfidantzen usatzea, hori da AEK-k eta Euskal Kultur erakundeak antolatu "Hitzaditza" diktaketaren lehen xedea.
Alabaina, zenbat aldiz ez ote dugun entzun : "sobera zaila da, ez dakit idazten, ez dut ulertzen idatzia delarik...". Ekitaldi honen helburua aurreiritzi horien uxatzea da euskaldun zahar eta berriak idatzitako hitzetara hurbilarazteko.
Bi testu-maila proposatuak izanen dira, bata errexa bestea zailagoa. Izan ere, garrantzitsuena ez da parte hartzaileen euskara maila. Ideia kultura gertakari goxo baten antolatzea da.
Kultura sariak irabazteko
Hitzordua 2006ko maiatzaren 6an finkatua da, larunbatez, 9:30etan Baionako IUT-en (Jean Darrigrand etorbidea, 3). Diktaketaren ondotik, parte hartzaileek idazleekin mintzatzeko parada ukanen dute, zuzenketak egin artean. Emaitzak eguerdi aldean agertuko dira, sari ematearekin. Sariek kulturarekin zerikusia ukanen dute (harpidetzak, liburuak, DVDak, entziklopediak etab.).
Oraindanik treba zaitezkete sarearen bidezko diktaketa bati esker , hiru idazleren testuak entzunez : Jon Casenave, Itxaro Borda eta Harkaitz Cano.
Izenak apirilaren 14a arte eman behar dira formulario elektroniko bat baliatuz, edo Euskal kultur erakundera (00 33.5.59.93.25.25.)edo AEK-ra deituz (00 33.5.59.25.76.09.).
Erantzun
Sartu