Teknologia albisteak

Lea Ibarra bultzatzeko webgune berria

Erabiltzailearen aurpegia
Lekukom - Lekukom
2006-03-28 : 09:03

Gaurtik aurrera erabilgarri dago Lea Ibarra ibilbidearen gaineko webgunea. Lea Ibarra mankomunitateak, Amoroto, Aulestia, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibar batzen dituen eskualdeak, gaur inauguratu du Lea ibaiaren ertzetik bost herriak batuko dituen ibilbidearen bigarren zatia.

Marierrotan hasi (Mendexa) eta Abitaraino (Amoroto) doa inauguratu berri den ibilbide zatia. Lea ibarraren padura eta hango basoak zeharkatzen dira, Euskal Herrian ondoen gordetzen den ibaiaren aberastasunarekin gozatzeko aukera parebakoa. Webgunean ibilbidearen berri jasotzearekin batear, astero proiektuarekin lotutako albiteekin berrituko dute.

LEA IBILBIDEAk, Lea ibaiaren arroan, zehar Lea Ibarreko Mankomunitatea osotzen duten bost herriak zeharkatzen ditu: Munitibar, Gizaburuaga, Aulestia, Amoroto eta Mendexa. Bostek aspaldiko proiektua egi bihurtuta ikusiko dute ibilbide berriarekin: eskualdeko herritarrek eguneroko hartu-emanetarako erabilgarri izango dute eta, aldi berean, eskualdea hobeto ezagutzeko nahia dutenek, oinez egiteko ibilbide aberatsa izango dute.

Ez da ibilbide hutsa. Azpimarratzekoak dira eskualdearen kohesioan duen funtzioa, erakargarritasun turistikoa, komunikaziorako bide dela, etorkizuneko ekimenetarako ardatz, eskualde propio baten identitate eta ondareen berreskurapena ahalbidetzeko tresna bihurtzeko izan dezakeen gaitasuna.

Ezaugarri teknikoak

Lea Ibilbidea antzinako bideari jarraituta eta berria zabalduz egin da. Leku batzuetan arinagotik egon den bidezidorra finkatu da. Gainontzean, lurzorurako drainatze geruza bat erabili da (10 zentimetroko lodiera duena), hondar gorrixkaz osotuta. Lurzoru mota hau oinez egiteko atsegina da eta paisaiarekin bat egiten du.

Ibilbidearen luzera, guztira, 22,3 Km.koa da. Martxoaren 27an inauguratu denak, aldiz, 6,7 Km. ditu. Izan ere, eraikitze aldiak hiru dira. Lehenengoa, jada amaituta, 2005ean egin zen eta 7,335 Km ditu. Lea Ibilbidearen egokitzapen osoa 2007. urtean amaituko da, eta beste 8,204 Km. atonduko dira.

Natur balioak eta ondare arkitektonikoak

Ibilbidea Lea errekaren sigi-saga dabil. Bisitariak paisaia aberatsa, fauna eta flora anitza eta, batez ere, Lea Ibarra eskualdearen historian esanguratsuak izan diren azpiegitura hidraulikoak ikusiko ditu.

1. Lea ibaiaren aberastasun naturalak:

Gutxienez Europa Batasunean interesa duten 12 habitat ezberdin daude (43/92/CE Zuzentaraua) eta Lea Ibaia Europa Erkidegoan interesekoak diren lekuen zerrendan jasota dago, hau da, Natura Sarea 2000an.

Landaretza

Paduretako ezaugarri diren komunitateen eta paduretan bakarrik aurkitu daitezkeen landare guneak modu onean gordetzen dira ibaiaren ibilbidean zehar. Ur gazi eta gozoak nahasten diren uretan, aurkitu daitezkeen landareak ez ezik (hala nola lezkadiak), gazikaratan bakarrik izaten diren landareak ere badira, esaterako, ihitzak.

Euskal Herriko paduretan oso arruntak diren landareak ikusiko ditugu, adibidez, Aster tripolium edo Juncus maritimus. Salicornia obscura izeneko landarea ere badago Lea ibaiaren inguruan, hain justu, Euskal Herrian, estuario honetan eta Txingudiko badian bakarrik dagoena.

Erreka alboko mendietan aspaldi nagusi zen basotik, haritz gutxi batzuk geratzen dira (Quercus robur); gauza bera gertatzen da Kantauriko artadiarekin ere (Quercus ilex).

Fauna

Faunari dagokionez, negu-toki bihurtzen da ibai-aldea eta hegazti migratzaile askoren deskantsurako leku ere bada. Hegazti horiek, ingurune urtsuetakoak ez ezik, baso eta landazabaletakok izan ohi dira.

Errekako ur garbiak eta ibaiertzeko landaretzak, batez ere, gorengo zatietan, bisoi europarra (Mustela lutreola) ur hauetan bizi izatea ahalbidetu du. Galtze bidean dagoen animalia espeziea izanda, erreka horrek nazioartean babes berezi baten beharraz jabetzeko aukera ematen digu.

Ondare arkitektonikoa

Burdinolak, errota nagusiak zein txikiak, presa-gainak, kanalak, zubiak, dorretxeak, ermitak, karobiak, ikaztegiak, ontziolak… Ibilbideak dituen 23 kilometroetan Lea ibaiari esker, Oiz mendiaren magalean jaiotzen denetik eta Mendexa eta Lekeitio artean itsasoratzen den arte, lanbide askoren kokaleku izan da.

Lea Ibarra eskualdea azpiegitura hidraulikoetan garrantzia handikoa izan da historian zehar. Horren errudun Pedro Bernardo Villarreal de Berriz izan zen. Sasoiko injineru hidrauliko horrek bere jakituria guztia Lea ibaian praktikan ipini zuen eta munduan erreferentzia izan ziren lan hidraulikoak egin zituen. Horren adierazgarri da Gizaburuagan dagoen Bengolea, XVIII. mendeko Burdinola-Errota eta Erdi Aroko Dorretxea. Azpimarratzekoak dira bestetik, Angiz, Lariz, Marierrota, Hospital Zaharra y Kubo.

Bengolea eremua

Bengolea gunea, Bengolea dorretxeak, burdinolak, presak, errotak eta zubiak osatzen dute.

Eraikin esanguratsuena Bengolea dorrea da. Jauregi barrokoa da eta XVI. mendetik zegoen dorre-bandokidea ordezkatzen du. Oinplano lau angeluar eta lau isurietara estalia duen eraikina da. Teilatupearen alderdi guztietan almenak diruditen bao batzuk ditu. Aurrealde nagusian Bengoleatarren armarria ageri da.

Hau izan zen. Pedro Bernardo Villarreal de Berrizek, bere emaztearen izenean, administratu zuen burdinoletako bat. Jakitun noble honek, ingeniaritza hidraulikoa eta makineriari buruz lehenengo gidaliburua idatzi zuen eta XVIII. mendearen hasieran, instalakuntza gehienak berritu zituen. Teknologiako ikuspegitik, Euskal Herrian aurkitu diren burdinoletan, konplexuenetako bat da; bere garaian aurre-industriako tailer garrantzitsuenetakoa izanik.

Burdinola, tamaina handikoa da; horma-bular altuak eta estalkia bi isurietara du. Erdian dagoen 5 bat metroko harrizko jarleku batek, egurrezko estalkiaren egitura guztia igotzen du, sute arriskua murriztearren.

Eraikina desnibel batean kokatzen da, eta horrela bi sarrera ditu, bata, altuera samarrean dagoena, ateburu egina du, eta bestea, behe aldekoa, erdi puntukoa.

Errotak, zenbait eranskinen ondorioz, oinplano konplexua azaltzen du, eta presaren ondoan aurkitzen da. Erdi puntuko arkupeko estolda dauka eta metalezko gurpil hidraulikoa gordetzen du.

Presak, kareharrizko harlanduz eraikia, pareta laua dauka eta bi horma-bular ditu. Oso ondo aprobetxatzen du uraren indar eragilea, uhate nagusia paretara atxikita baitago. Inguruetako beste presa batzuk ez bezala, ostiko bakarra du (prisma formakoa) eta aurrealdea guztiz zuzena da..

Pedro Bernardo Villarreal de Berriz

Pedro Bernardo Villarreal de Berriz Arrasaten jaio zen 1669ko maiatzaren 26an. Bertoko jauntxo familiako semea zen. Villarreal familia Arrasaten, inguruetan, Gipuzkoan eta Madrilgo Erregearen Gortean ere ezaguna zen, Madrilgo agintarientzako idazkari eta aholkularitza lanak egindakoak zirelako Villarrealtarrak.

Pedro Bernardok lehenengo urteak Arrasaten eman ostean, hango eskolan ikasketak egin eta gero, Bergara eta Iruñean jarraitu zituen ikasketak. Handik Salamancako Unibertsitatera joan zen. Baina unibertsitatean Pedro Bernardori arinagotik zituen ikerketarako gogoak piztu zitzaizkion eta bere asmoak agintarien idazkari lanetara bideratu barik, ikasketak utzi eta ingeniaritzan hasi zen. 1694ko urtarrilaren 3an, Mariana Rosa Bengolea lekeitiarrarekin ezkondu zen, eta bere ikerketak garatzeko aukera erraztu zion.

Bengoleatarrak ere ez ziren edonor eta hainbat ondasun zituzten, batez ere, Bizkaiko Lea Artibaiko eskualdean. Bere emaztearenak ziren olek, burdinolek, baserriek zein lurrek ikerketak praktikara eramateko ezinbesteko aukera eman zioten Pedro Bernardori

Berak egindako berrikuntzarik handiena burdinola eta oletan zeuden presatan egin zuen, arkuak eta kontrahormak erabiliz eraikitako presa eta anteparak dira. Berrikuntza horren bitartez, presa askoz ere indartsuagoa eta bertatik ateratako ur indarra handiagoa zen.

Lehen zatia: Marierrota (Mendexa) – Abita (Amoroto)

Dagoeneko LEA IBILBIDEAren lehenengo zatia egokituta dago. Mendexan (Marierrota) hasi eta Amorotora (Abita) bitartean 7,335 Km.-ko oinez bidea egin da eta martxoaren 27an izango da inaugurazio ekitaldia.

Ibilbide laua da eta oinez ordu eta erdian egin daiteke. Ibilbidean zehar aurrez aipatu ditugun ondare arkitektonikoen adibideak eta flora zein fauna aldetik aberatsak diren leku eta paisaiak ikusiko ditugu. Ondare arkitektonikoari dagokionez, baina, Marierrota Learen ibai-ahoan dagoen antzinako errota nabarmentzen da.

Marierrota

Lea ibaiaren paduran kokatua dago, itsasoratzen den gunetik metro gutxira. XVI. mendean eraiki eta 1980an erauzia izan zen. Marierrota izeneko errota zaharretik dikea geratu da soilik.

Itsas-errota zen erreka-erroten antzekoa. Hauetatik bereizten zuena zera zuen: manposteriazko dike handi bat, itsasgoran bete eta itsasbehera hasitakoan poliki-poliki ura isurtzen zuen presa, errota-makina martxan jartzen zuena.

Marierrotaren aurrean, errioaren beste aldean, Leako ontzi-ola ageri da, tradiziozko itsas ontzi-olei dagokienean balio etnografiko handia duena. Ontzi-olaren, ( XIX. eta XX. mende artean egitura berritu zioten arren) Erdi Aroko ontzi-olak zeuden toki berean dago.

Erantzun

Sartu