Hil honetako Literatur Solasaldian Uxue Apaolazaren "Umeek gezurra esaten dutenetik" ipuin liburua izango da solasgai. Apaolazak berak parte hartuko du solasaldian.
Solasaldia Harkaitz Canok gidatzen du, eta honako hau hilaren 27an izango da, 19:30ean hasita, Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan (San Jeronimo kalean).
Edonork har dezake parte, baina liburua irakurrita ekartzea komeni da, noski.
Nahi duenaren jakingarri, liburuaren kontrazalean Iban Zalduak egiten duen iruzkina aldatu dut honera, bai eta liburuko paragrafo bat ere:lehen ipuinaren lehen paragrafoa, hain zuzen.
"Umeek gezurra esaten dutenetik" leitzeko jarraibide batzuk:
1) Bilatu leku eroso bat irakurtzeko: besaulkia, ohea, belardi bukoliko bat. Edo ez: leku aldrebes bat balio diezazuke ere bai. Berdin-berdin sentiaraziko baitzaituzte deseroso liburu honetako orrialdeek
2) Irakur ezazu egunean ipuin bat; bi, askoz jota. Hortik aurrera ardura zurea da soilik.
3) Kontuan har ezazu Uxue Apaolaza egile gaztea eta euskalduna dela, baina, hala ere, eta gezurra irudi dezakeen arren, ez duela literatura buenistarik egiten. Ez ezazu ipini apalategian Isabel Allenderen edo Paulo Coelhoren liburuen ondoan; ez ezazu irakurri, nik zer dakit, U2ren edo Mikel Urdangarinen azkeneko CDa entzun bitartean.
4) Jakizu Uxue Apaolazaren zakilak loditu egiten direla, ez tentetu edo gogortu, euskal literaturan ohikoa den bezala; horretan pixka bat pentsatuz gero konturatuko zara ñabardura ez dela hutsala. Eta litekeena dela hemendik aurrera ikusi, ukitu edo imajinatuko dituzun zakil guztiek tentetzeari edo gogortzeari utziko diotela "loditzen hasteko. Etengabe, koipetsuki.
5) Ez egin jaramonik jarraibide hauei: hauxe da hutsik egin gabe bete behar duzun erregela bakarra. Liburu batek, are gutxiago ipuin liburu batek, ez du instrukzioen beharrik. Liburu onez ari naiz, noski: axola duten liburuez. Hau bezalakoez.
6) Baina gogora ezazu liburu hau itxi eta mundu errealaren goxotasunera atzera itzultzeko esperantza galdu behar duzula: irakurri berri duzun azkeneo ipuinaren azkeneko lerrotik bista altxatu bezain laster konturatuko zara liburuko mundu berean jarraitzen duzula. Eta, okerrago dena, bertan bizi zinela lehenago ere, Uxue Apaolazak zuretzat desestali aurretik.
Iban Zaldua
BUELTAK
Taberna luzeetako komunetatik irteten naizenetan hots egiten diot ozenen nire feminitateari, eta maskulinitateari; tabureterainoko pasarelan orkatilek aldeetarako tentaziorik izan ez dezaten, sorbalden zuzentasunak bertigoari euts diezaion, Zesar begirada pitzatu ez dadin; gaur indar bereziz; nirearen ondoan bere taburetea baitago, eta bera nire zain da. Gizon-gizon horietakoa, Miranda, nire lagun minaren bikotea (horrek ez du transzendentziarik. Ibili beharreko distantziari begira erabaki dut badudala metro aski iristen naizenerako zakila loditzen hasita izan dezan. Han urrunetik begiratzen dit., nire begiradaren sabela kilimatuz. Dei egin diot nire ibilera femeninoenari.
...
Erantzun
Sartu