Teknologia albisteak

Euskara erabili nahi izatea garesti

Erabiltzailearen aurpegia
Paul Bilbao - Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria
2006-03-24 : 09:03

Hitz batera ekarri nahiko nuke aurreko astean bizi izandakoa: iraina. Iraina gure eskubideen babesa bermatu beharko lukeen justizia administraziotik, iraina herritarren eskubideak babestu behar dituen poliziengandik, iraindua oinarrizko eskubideak baliatu nahi izateagatik, iraindua legeak jasotzen duena betetzeko eskatzeagatik.

Martxoaren lehen astean bi kasuren behaketa lanak in situ jarraitzeko aukera izan dut eta, benetan, lehen pertsonan egiaztatu ahal izan dut bost urteetan zehar Behatokiak herritarren bizipenen bidez ondorioztatu behar izan duena: Euskara erabiltzeko saiakerak garesti ordaintzen dira gure herrian.

Hilaren 14an izandako epaiketan, istripu batean ikusitakoaren lekukotza euskaraz eta interprete gabe eman nahi izateagatik fiskal elebakarrak sei hilabeteko kartzela aldia eskatu zuen herritarrarentzat. Herritarrak hasieratik bertatik agertu zuen justiziari laguntzeko asmoa, baina oso argi helarazi zuen berezkoa eta ofiziala den hizkuntza batean mintzatu nahi zuela. Hain zuzen ere, orain dela hogeita bost urtetik Bizkaian izaera ofiziala duen hizkuntzan.

Eskaera horri erantzunez, bere burua euskalduntzat zuen baina gaztelania hutsean mintzo zen epaileak herritarraren eskaera bete zela adierazi zuen. Hau da, epaile elebiduna zuela aurrean. Oso harrigarria izan zen, hitzik ez baitzuen euskaraz egin. Horrela, aretoan bertan geundenok ezin izan genuen egiaztatu haren hizkuntza-gaitasuna.

Dirudienez, justiziarekiko harremana euskaraz nahi dugun herritarrok propio eskatu behar dugu epaile elebiduna eta propio helarazi behar diogu epaileari euskaraz zuzen dakigula. Ez ote da administrazioa geure hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituena? Hortaz, zergatik eskatu behar du propio herritarrak une oro eskubideak berma dakizkion? Euskaldunaren bizkarrean ote dago administrazioari haren betebeharrak gogoraraztea ere?

Baina euskaraz egin nahi zuen herritarrarekiko bereizkeriak are urrunago jo zuen. Defentsa abokatuak agertutako datuaren arabera, prozeduran jasotako txostenean istripuan beste lekuko bat izan zen. Lekuko hori ez zen epaiketa egunean agertu eta ez zaio inolako diligentziarik zabaldu. Gure herritarrari aldiz, lekukotza ematera bertaratu eta prozedura penala zabaldu diote. Nola azaldu egoera hori? Aski argi erakusten du horrek euskalduna zigortzea helburu besterik ez duela prozedura penalak, akaso aurrekariren bat ezartzea hizkuntza-eskubideekiko konpromisoa erakusten duten herritarrak kokiltzeko edo.

Bigarren kasuan 20 eguneko atxiloketa eta 120 euroko isuna eskatu dio beste fiskal elebakar batek hizkuntza-eskubideak baliatu nahi izan zituen herritarrari. Kasu horretan, duela 25 urte ofizialtasunaren izaeraren ondorioz aitortu zitzaizkion eskubideak gauzatu nahi izateagatik herritarrak Ertzain etxean amaitu zuen.

Gertaeren eta ondorioen larritasunari lekuko izan zen ertzain batek epaiketa horretan adierazitakoak erantsi beharko genizkioke. Haren arabera, herritarrak hizkuntza-eskubidea errespetatzeko eskatzea “marear la perdiz” zen. Are gehiago, ertzainaren arabera herritarrak “seguía en sus trece” euskaraz egiteko eskatzen zuenean. Bada, administrazio publikoko langile horren arabera, hizkuntza-eskubideak bermatzeko eskatzea ez da zilegia, egoera nahasteko gogoa baizik.

Nola esan dezake administrazio publikoko langile batek herritarrak egoera nahastu nahi duela, zergatik eta hizkuntza-eskubideak bermatzeko eskatzeagatik? Are gehiago, nola uler daiteke horrelako jarrera bat, herritarrari euskaraz ez erantzuteaz gain, legea eta oinarrizko eskubideak urratzen ari zela kontuan hartuta?

Horri guztiari Ertzaintzak herritarrari emandako dokumentazioaren afera ere erantsi beharko genioke. Izan ere, atxilotu ostean herritarrari emandako dokumentu guztiak gaztelania hutsean zeuden. 2006. urtean Ertzain etxeetan dokumentu ilegalak luzatzen dizkiete antza legea urratu duten herritarrei.

Aipatzekoa ere bada epaiketa hartan fiskal elebakarrak izan zuen jarrera. Ez zion erreparatzen herritarrak pairatutako tratu zakarrari, ez zion erreparatzen herritarrak oinarrizko eskubide baten bermea eskatzeari, jaramonik ez eskubideen urratzeari... Haren arabera, herritarrak ez zuen bere burua identifikatu, agindua ulertu arren. Hortaz, hego Euskal Herriko biztanleok gaztelania ezagutzeko dugun derrigortasuna lehenetsi zuen, edozein herritarrak bereizkeriarik ez izateko eta tratu duina izateko eskubidearen gainetik.

Azken boladan irakurri izan dut euskaldunok garela hizkuntzaren egoeraren erantzule. Ez dut bat egiten irakurketa horrekin eta bi herritar horiek ere ez. Bi kasu horietan herritarrek ez dute zabar eta utzikeria handiz tratatu euskara; aitzitik, euskara erabili nahi izan dute eta horren ondorioak pairatu behar izan dituzte. Herritar horiei hizkuntza erabiltzeko eskubidea urratu zaie, eta horietarik batek polizia etxean amaitzeaz gain, 6 hilabeteko kartzela aldiaren zein 20 eguneko atxiloketa eta 120 euroko isunaren zigorraren esperoan dago; besteak 6 hilabeteko kartzela aldia izan dezake. Herritar euskaldun horien jarrerak galarazten al du hizkuntzaren etorkizuna? Herritar horien jarrera al da hilgarria hizkuntzarentzat? Orduan, zerk egiten du kale?

Erantzun

Sartu