Azken egunetan, aukera berriak gehitu ditugu Tagzaniara. Euskaraz ere badago interfazea, azkenean. Eta bilaketaren funtzioa ere jarri diogu. Bilaketan Euskal Herriko tokiak aurki daitezke, baina, nola eta zein hizkuntza-aldaeratan, datutegi geografikoen publikotasunaren baitan dagoen gaia da hori!
Tagzaniaren egokitzapena euskarara ez da osoa. Oraingoz, soilik erabiltzailearen interfazea dago euskaratua, eta ez dokumentazio orriak. Horien itzulpena antolatzea lan gehitxo zen oraingoz, izan ere, euskaraz gain, beste hizkuntza batzuetan ere jarri dugu Tagzania: ingelesez (hasieratik), gaztelaniaz eta polonieraz. Beste hizkuntza batzuetara zabaltzea ere espero dugu.
Euskarazko itzulpenari dagokionez, Tumatxan utzi ditugu berrerabiltzeko moduan.
Bestalde, bilaketa funtzioa ezarri diogu Tagzaniari. Datubase propioa arakatzen da lehenbizi, eta mundu osoko toki-izenen datubase bat gero, bilaketa emaitzak URL sinpleetan agertzen direlarik:
Toki-izenen bilaketa egitean, euskarazkoak aurkitzea ez da beti erraza izango. Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrien izen ofizial euskarazko batzuk ageri dira, baina ez Nafarroakoak, ezta udalerri mailatik beherako tokienak.
Badakigu badaudela herri-izendegi euskaldun zuzenak argitaratuak... baina nola bihurtu haien datuak Tagzaniako latitude eta longitude koordinatuetara? Munduko toki-izenen datubase bat darabilgu guk. Suitzan apailatu du bertako lagun batek, Marck Wick-ek, eta Geonames deritzo. Geonames-en informazio iturri nagusia, halaber, AEBetako gobernuaren datutegi libre eta publikoak dira, bereziki militarrena, munduko toki-izenen kasuan. Ikaragarrizko informazioa daukate haiek, eta publiko egin dute.
Euskal Herrian, toki-izen bat bere kokapenarekin lotzen duen datubaseak egongo dira. Informazio Sistema Geografiko publikoak egon badaude, baina haien datuak publikoki eskuratzerik.... Europan gaude, eta hemen diru publikoz ordaindutako informazio publikoa giltzapean egon ohi da. Eta egoera honek okerrera egin dezake, Europako Batasuneko Inspire zuzentarauak aurrera egiten badu.
Hortaz, militar amerikarren datuak ditugu, eta direnak dira. Ez dago Alonsotegi haien datutegian, baizik eta Alonsotegui.
Kontua da, Geonames-eko suitzarrarekin kontaktuan, modua egin dugula datuak zuzentzeko. Emaitza batean klikatu ondoren, Geonames-eko konexioa egin dezakegu, eta han zuzendu edo gehitu izenak (eta kokapenak mugitu ere bai, gutxi gora-beherakoak baitira gehienetan).
Eskuz esku, erabiltzaileen artean dugu aukera euskal herrien datubase geografikoa egiteko... Datu hauek erakundeek eman beharko lituzkeela uste dut nik, bilduak baitaude, eta ordainduak denon zergekin. Baina ohitura zabaldu samar dago Europako administrazioetan, ordainduta dagoena berriz ordainarazteko eta edukiak giltzapean edukitzeko. Geografiarekin ere berdin: Eusko Jaurlaritzak detaile izugarriko aire-irudiak ditu EAEko lurretan, Googlek eskain ditzakeenak baina xeheagoak. Baina nondik eskuratu haiek?
Mapetan dagoen potentzial ekonomiko eta soziala ez dute ikusten agintariek? Hemen, Jaurlaritzak biltzen duen informazio meteorologikoaren berri ematea debekatua dago. Euskalmet-en irakur daiteke: Debekatuta dago informazio hau, osorik nahiz zati bat, beste inon berariazko baimen idatzirik izan gabe sartzea.
Alternatiba Googlek ematen digu: iruditeria eskaintzen digu, eta Tagzania bezalako aplikazioak sor ditzakegu haiekin. Eta orain, izenak, militar amerikarrek ematen dizkigute...
Erantzun
Sartu