Teknologia albisteak

Komikialdia eta kultur astea Larrabetzun

Erabiltzailearen aurpegia
arrekikili euskara elkatea - Arrekikili Euskara Elkartea
2006-02-28 : 10:02

Alain, Gorka eta Iñaki gogoan, komikialdia Larrabetzun. Marrazkien narrazioaz bi hitz, Patxi Huarte Zaldieroarekin. Larrabetzuko Arrekikili Euskara Elkarteak Arrekikili Kultur Astearen barruan.

Martxoaren 2an, egunero Berria egunkarian komikia argitaratzen duen Patxi Huarte Zaldieroak Marrazkien narrazioaz bi hitz komikialdia egingo du.

Patxi Huartek hainbat pertsonaia (Gizon Jakintsua eta M'Ongolo, Euskal Taliban Jatorra eta Yoda, The Organitation, Xaxa katua eta beste) sortu ditu euskal herriko egoera sozio-politikoari buruzko bere ikuspuntua plazaratzeko, beti ere, ironia eta umorea akuilu direla.

Hori guztiori eta askoz gehiago jaso zuen Zaldi eroa: De rerum natura iazko abenduan kaleratu zuen komikiliburuak.

Eta aste osoko ekitaldien artean bat azpimarratu gura dugu, hain zuzen be, martxoaren 3an HORI BAI gaztetxean ospatuko dugun Arrekikili Jaia. Orduan aurkeztuko dugu arrekikili.org webgunea. Bertatik jakin ahal izango du interesa duen euskaltzale orok Arrekikili Euskara Elkartea zertan dabilen eta zeintzuk izango diren bere jopuntuak, bere azpitaldeek ( bihotz bakartien kluba, Itallen bertso-eskola, Berbalagun) antolatzen duten guztia, euskararen eta euskal kulturaren inguruko berriak eta saltsak, bertara helarazi ahal izango dira kritikak, zalantzak, kezkak eta ostantzekoak.

www.arrekikili.org aurkeztu ostean, jatordua egingo dugu eta gaueko 22:30etatik aurrera, Joseba Tapiak udaberrian grabatuko duen diska berria aurreratuko digu. Joseba Tapia laugarren diskoa argitaratzera doa datorren udaberrian, udara bitartean disko berrian agertuko diren kantuak aurkeztu nahi ditu. Dagoeneko errepertorio luze samarra dauka, hala pieza zaharretan nola berrietan. Joseba Tapiak ibilbide luzea darama bai Leturiarekin erromerietan zein bakarka kontzertuetan. Alabaina, tradizioak berrituan dauka indarra, etengabeko bilakaeran, eta bizi garen munduak ere kantu berriak sorrarazten dizkio, egunero dago zer kantatu bat. Orain arte bezala, dantzarako gisa guztietako piezak landu ditu Tapia eta Leturiarekin: baltsak, eskotixak, fandangoak, pasodobleak, zortzikoak...eta baita doinu pertsonalagoak ere; bereziki kantuan dihardu geroztik. Errepertorio berri honetan, beraz, gure tradizio zaharreko kantuak berreskuratu ditu alde batetik; bestetik, munduan dauden hainbat musika moldetatik ere elikatu da; azkenik, berak sortutako konposizioak dauzka. Doinu zahar eta berriak, bertakoak eta kanpokoak, jasoak eta sortuak...

Martxoaren 4an eta HORI BAI gaztetxean ere, Larrabetzukoa bertakoa den Kukubiltxo antzerki taldeak, bere azken lana aurkeztuko du: Argitxo eta Dir-dir. Kukubiltxo antzerki taldeak EHIKarekin elkar lanean Argitxoren pertsonaiari eta bere esanahiari dimentsio berri bat eman nahi izan diote. Argitxo, euskara zaintzen duen iratxoa izanik, hizkuntzen unibertsoan kokatu dugu eta Dir-Dirren laguntzarekin euskara zaintzearen ardurarekin batera, unibertsoko beste hizkuntza guztien distiraz ere arduratuta daude. Unibertsoa osatzen duten milioika argitxo – hitz egiteko era - hizkuntza kontzeptua landurik eta bizirik irauteko hizkuntzek behar duten barne argiarekin jolastuz, Kukubiltxo aro berri batean sartu da, zeinetan beren aurreko lanen plastika eta teknika alboratuz, argi ezberdinekin egindako panpinak edota efektuetan oinarritu du “Argitxo eta Dir-Dir” lana. Teknika aldetik ezagunak diren “argi beltza”, “itzalen antzerkia” edota “argi horma” erabiltzeaz gain esperimentazioa eta jokoak beste modu berri eta guretzat ezezagunetara eraman gaitu, etorkizunari begira ate berriak zabalduz.

Kale erabilerari buruzko azken azterketen arabera, Larrabetzuko bizilagunen %84a euskalduna da baina jakin badakigu datu horiek sarritan ez datozela bat eguneroko hartuemanetan jasotzen dugunarekin. Ekitaldiok antolatu ditugu Larrabetzun euskararen erabilera areagotu eta egonkortzeko martxan jarri beharko ditugun neurrietako beste bat delakoan, kultura euskaraz eta euskal kultura sustatzea derrigorra delakoan.

Martxoak 2, eguena. KOMIKIALDIA: Marrazkien narrazioaz bi hitz. Patxi Huarte Zaldieroa. 20:00etan Anguleri kultur etxean

Martxoak 3 barikua. ARREKIKILI JAIA. 20:00etatik aurrera HORI BAI gaztetxean. www.arrekikili.org webgunearen aurkezpena; luntxa. Kontzertua: JOSEBA TAPIAk laster kaleratuko duen Real Politic eta beste irrintzi beldurgarri batzuk diskoa aurkeztuko du

Martxoak 4, zapatua. UMEENTZAKO ANTZERKIA, Kukubiltxo: Dir-Dir. 17:30ean HORI BAI gaztetxean

Erantzun

Sartu