Ana Toledo aukeratu dute Euskaltzaindiko kideek, Juan San Martin zenak Akademian hutsik utzitako aulkia betetzeko. Hortaz, Deustuko Unibertsitateko irakasle den filologo debagoienatarra (Antzuola, 1954) euskaltzain oso izendatzen duten bigarren emakumea izango da.
Orain arte Miren Azkarate zen emakume bakarra, gaur goizean Mungian, Agirre Jauregian, Euskaltzaindiak egin duen bileran aukeratu dute Toledo, gehiengo osoz.
Irailak 23, Euskaltzaindiak Altsasun egin zuen osoko bilkura zen Juan San Martin euskaltzain zenaren hutsunea betetzeko hautagaiak aurkezteko azken unea.
Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek: Ana Toledo, Jose Luis Lizundia, Jean Haritschelhar eta Xabier Kintana euskaltzainek proposatua.
Ana María Toledo Lezeta (Antzuola, 1954), Filologia Hispanikoan lizentziatua eta Euskal Filologian lizentziatua eta doktorea da, Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun, ikastegi horretan bertan dihardu irakasle, Giza Zientzien Fakultatean (Euskal Literatura), eta Bilboko campusean, Filosofia eta Letren Fakultatean (Egungo Euskal Eleberria eta XX. mendeko Euskal Literatura irakatsiz).
Euskal literatura du langai eta aztergai nagusiena. Horren lekuko, argitaratutako liburuez gain, kongresu eta jardunaldietan aurkezturiko txosten eta komunikazioak: literatur kritika, kontagintza, eleberrigintza. Halaber, hainbat idazleren lana aztertu du: Azkue, Mogel, Etxepare, dAbbadie Era berean, Eusko Ikaskuntzan Hizkuntza eta Literatura saileko kidea da (1993tik), eta Gipuzkoako lehendakariordea izana da (1999-2002). 1999tik 2003ra, Euskararen Aholku Batzordeko partaide izan zen.
Euskaltzaindian, Literatura Ikerketa batzordeko kidea da 1989tik, sortu zenetik hain zuzen ere, baita Sustapen batzordekidea ere (2005eko uztailetik). 1996an Euskaltzain urgazle izendatu zuten. 2003tik Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariaren laguntzailea izan da eta, 2005eko maiatzaz geroztik, Euskaltzaindiko Gipuzkoako ordezkaria da.
Hainbat literatur saritan epaimahai lanak bete ditu, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren Literatur Sarietan, Zarauzko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Xabier Lizardi Sarian, Irun Hiriko Literatur Sarian, Euskadi Literatur Sarian, Premio Nacional de Literatura sarian, eleberri atalean; edota Euskaltzaindiaren beraren Txomin Agirre sarian.
Argitaratutako lan nagusiak hauek dira:
Literaturaren gaineko hainbat artikulu ere argitaratuak ditu, besteak beste, honako aldizkarietan: Quimera, Mundaiz, Euskonews&Media, Hegats, Bidebarrieta, Oihenart.
Euskaltzaindiaren webguneko informazioa
Erantzun
Sartu