Fabian Bielinsky argentinarrak ("Nueve reinas" arrakastatsuaren egileak) "El aura" aurkeztu digu, Ricardo Darín protagonista duen film berezia, lapurreta baten ingurukoak azaldu arren ia istorio intimista baten erritmo geldoan baitago kontatua.
Hasteko, filmak ez duela argentinarra ematen esan behar: ez Buenos Airesko berbaroa, ez Patagoniako zabaldiak, ez pertsonaia berritsuak ere. Darín protagonista gizon isil, barnekoi, oinazetu bat da. Ogibidez taxidermista, komunikaziorako zaila, epilepsi atakeak izaten dituena, eta, zaletasun bitxi moduan, lapurreta perfektuak pentsatzea gustatzen zaiona. Lagun batek ehizaldi batera eramango du, eta han, istripu eta txiripen sorta baten ondorioz, egiazko lapurreta baten aukera ikusiko du bere begien aurrean.
Hitzik ezean, basoetako irudi ederrek eta musika mantsoak laguntzen dute istorioa garatzen, tonu hausnarkorrean. Ehiza gizarte-borrokaren metaforatzat hartu izan duten pelikulak etorri zaizkigu gogora (Ciminoren "The Hunter", Sauraren "La caza"..., baita Txilikuren ipuin izugarri bat ere; izan ere, animalien harrapaketatik gizakienera igaroko da filma, gaizkileen munduan sartu ahala.
Ez dugu gehiegi aurreratuko nondik norakoaz, hobe norberak deskubritzea. Filmak badu indarra, kalitatea, nortasuna, baina ezin ukatu motel samarra gerta litekeela bere bi ordu eta laurdenean.
Erantzun
Sartu