"Obaba"rekin zabaldu ondoren, Winterbottom britainiarraren A cock an bull story (Zakilaren eta zezenaren istorioa) eskaini digu Zinemaldiak, literaturazko obra batean oinarritua hau ere, Laurence Sterneren "Tristram Shandy" nobelatik abiatzen baita, oso modu berezian hala ere.
Michael Winterbottomek ondo erakutsia du, bere orain arteko filmografian, gauza guztiz diferenteak egiteko gai dela, aldaketa eta ustekabea maite dituela, eta egundoko trebezia duela produktu horiek guztiak gauzatzeko. Komedia urbano zoragarria zen Wonderland, erdi-dokumental zirraragarria In this world, ganberrokeria arraroa Nine songs.
Ikonoklastia horrekin heldu dio Laurence Sterneren "Tristram Shandy"ri, literatura ingelesaren klasiko handienetakoa izan arren, bere izaera lokabeagatik filmatzeko guztiz gaitza suertatzen zen nobelari. Eta emaitza, pelikula dibertigarri eta bikaina.
Moldaketa bere kasakoa asmatu du zuzendariak, liburuaren edukitik pasadizo bakan batzuk hartuta, baina bai haren doinu jostalari eta ironikoa.Zinemaren barruko zinema formula ezaguna aukeratu du horretarako, alegia, pelikula egiten ari direneko gorabeherak, eztabaidak, azpikeriak, parrandak, zalantzak eta abar erakutsiz ("Zortzi eta erdi", "Lanuit americaine" eta beste adibide ezagunen antzera).
Itxura kaotikoa du guztiak, errodajeak eurak izaten omen diren moduan, baina azpian, bizitza bera erakusten digu Winterbottomek, epika eta dramatik urrun baina, hala ere, bere poz eta miseriak iradokiz, emozio eta adimenez. Stanley Kubrick baten maisutasun teknikoarekin (haren Barry Lindon-i egindako keinuak badira hemen)baina alaitasun bizizale eta gustagarri batekin. Iazko "Nine songs" porno-rockero hark halako gustu gazi-gozoa utzi bazigun, aurten bete-betean asmatu du. Zorionak!
Erantzun
Sartu