CONSUMER.es EROSKI-ko ikerketa baten arabera, Yahoo! eta Gmail gainerakoek baino ahalmen askoz handiagoa eskaintzen dute, erdiek baino gehiagok birusak hartzen eta igortzen uzten dute, antispam kontrola asko hobe daiteke, erantsitako fitxategia duten mezuen %20 ez da helburura iristen eta bakar bat ere ez dago prestatuta minusbaliatuek erabiltzeko
Gmail eta Yahoo! nabarmentzen dira web-posta osatuen gisa: postontziek ahalmen handia dute eta erreminta ugari posta elektronikoa antolatzeko eta kudeatzeko. Gainera, biak onenen artean daude birusak eta jaso nahi ez den posta borrokatzerakoan (spam), salbuespena badira ere: zabor postaren %70 eta birusa zuten mezuen %18 ez ziren behar bezala iragazi aztertzeko erabili ziren webmailetan. Ehuneko horiek, datu pertsonala igortzeko orri segururik ez izatea, pasahitzen ahuldadea eta orriek erabiltzaileen izenak eta sarbide gakoak gogoratzeko duten erraztasuna (erabiltzaileak sartzen den bakoitzean berridatzi behar ez izateko) izan ziren arrazoiak segurtasunaren atalean guztira suspentsoa ateratzeko.
CONSUMER.es EROSKIk, hilabete batez, posta elektronikoko zazpi zerbitzuren 155 aldagai baino gehiago aztertu ditu (Gmail, Yahoo! España, Hotmail, Lycos, Ozu, Mixmail eta Latinmail), eta hainbat proba egin ditu horien funtzionamendua neurtzeko. Aztertutako irizpide horien artean, zalantzarik gabe, postontzien ahalmena da erabiltzaileak gehien baloratzen duenetakoa web-posta bat edo bestea aukeratzerakoan, izan ere, neurri horrek adierazten du etorkizunean zenbat mezu elektroniko gorde ahal izango dituen (bere argazki, testu edo bideoekin). Gainera, ezaugarri horren bidez erakusten dira ondoen diferentziak: onenak, Gmail-ek, 220 aldiz gehiagoko ahalmena eskaintzen du (2,2 GB) postontzi mugatuenaren aldean (Mixmail, 10 MB). Baina beste elementu garrantzitsu asko hartu behar dira kontuan webmail edo beste bat aukeratzerakoan.
Web-posta edo webmail ehunka web orrik eskaintzen duten posta elektronikoko zerbitzu bat da (atariak, bilatzaileak, sarbide hornitzaileak eta abar). Doako zerbitzua da (nahiz eta sistema batzuek ahalmen eta prestazio gehiago eskaintzen duten kuota bat ordainduz gero), eta mezu elektronikoak jaso eta bidaltzeko balio du, edozein ordenagailutatik, soilik nabigatzailea erabiliz (esaterako, Explorer edo Firefox) eta konfiguratu beharrik gabe: postontzi pertsonalean sartzeko erabiltzaile izena eta gakoa baino ez dira behar.
2004ko apirilean Gmail sartu zen arte (Google), web postaren panoraman egun oso motz geratu diren Yahoo! (6 MB) eta Hotmail-ren eskaintzak ziren nagusi (2 MB). Googleren Internet bidezko posta 'beta' fasean atera zen (proban), eta horrela jarraitzen du, harpidetza gonbidapen bitartez mugatua duela, nahiz eta gaur egun oso erraza den hainbat orritan sartzea, esaterako, www.isnoop.net/gmail orrian. Horregatik, egokitzat jo da Gmail azterketa honetan sartzea, alta emateko dituen zailtasunengatik dagokion zigor eta guzti.
Ondorio nagusiak
Web-posten arteko aldeak oso handiak dira ahalemnari dagokionez: Mixmail-ek 10 MB eta Gmail-ek 2.200 MB. Hotmail-ek 25 MB eskaintzen du, eta erabiltzen hilabete bat igaro eta gero 250 MBra zabal daiteke, Microsoft-en nahiaren arabera.
Gmail-en izan ezik, ordaindu beharra dago (Mixmail, Hotmail eta Lycos) edo propaganda iragarkiak jaso (Yahoo!) ordenagailuan mezuak programa kudeatzaile baten bidez jaso ahal izateko, horien artean Outlook Express, Eudora edo Thunderbird ('POP sarbidea' esaten zaio). Latinmail-ek eta Ozú-k ez dute aukera hori eskaintzen, ezta ordainduta ere.
Segurtasuna da ia suspentso orokorra merezi duen alderdi bakarra: bakarrik Gmail, Yahoo! eta Hotmail-ek eskaintzen dute konexio segurua kontuetan sartzeko. Mixmail, Ozú eta Latinmail-ek segurtasunik gabeko pasahitzak ematen dituzte, lau karaktere baino ez dituztenak.
Oro har, eskaintzen diren prestazioen maila handia da, eta erreminta ugari daude mezuak eta kontaktuak antolatzeko. Emaila mezuaren testua bilatuz aurkitzeko aukera Gmail eta Yahoo!-k ematen dute bakarrik.
Latinmail-ek erabiltzeko arazo handiak ditu Mozilla Firefox-en zein Internet Explorer-en (IE). Gainerakoak bi nabigatzaile horiekin erabil daitezke, hainbat muga duten arren: Mixmail eta Lycos-ek huts egiten dute Firefox eta Hotmail-eko alderdi batzuetan, eta Yahoo!-ren erreminta batzuek (HTML editorea, kasu) Microsoft-en nabigatzailean baino ez dute funtzionatzen.
Soilik Yahoo! eta Hotmail-ek diote hartu eta bidalitako fitxategi erantsietan birusak bilatzen dituztela, Gmail, Lycos eta Ozú ere nahiko eraginkorrak diren arren birusei ateak ixterakoan, beren orrietan horrelakorik esaten ez badute ere: bidalitako birusen %48,5 ez zen helmugara iritsi eta %34,07 spam balitz bezala tratatu zuten. Soilik Yahoo!, Hotmail eta Gmail-ek galarazi zuten beren postontzietan birusik eranstea edo igortzea.
Latinmail eta Ozú-k ez dute anti-spam karpeta edo iragazkirik, eta guzti-guztiak ezgauza dira zabor posta borrokatzeko: hartu nahi ez diren 10 mezutik 7 Sarrera Bandejara iritsi ziren, eta soilik espam-aren %17,29 sailkatu zen behar bezala.
Alta emateko prozesua oro har azkarra eta erraza da. Soilik Gmail-ek mugatzen du bere zerbitzurako sarbidea (gonbidapen bat jaso beharra dago, hori lortzen oso samurra bada ere) eta, trukean, ezinbesteko datuak eskatzen ditu. Aldiz, Ozú eta Hotmail-ek 11 eta 20 datu pertsonal eskatzen dituzte, hurrenez hurren, alta formalizatzeko.
Posta arrunten %5 ez ziren helmugara iritsi, eta %10 zakarrontzira joan ziren. Kalterik gabeko fitxategi erantsi bat bazuten, hainbat arrazoirengatik jaso gabe geratu zirenak %20 izan ziren.
Mezu gehienak abiadura handiz entregatu ziren. Halere, Hotmail oso motel ibili zen fitxategi pisuak hartu behar bazituen, eta Ozú atzeratu egin zen entregatzean zein hartzean. Latinmail, okerrena alde handiz, besteak baino askoz gehiago geroratzen da mezuak hartzen eta igortzen.
Fitxategi erantsietarako baimendutako neurria (bidaltzeko zein jasotzeko) 10 MB da, Mixmail (1 MB) eta Latinmail (2 MB) izan ezik. Segurtasunagatik, Gmail-ek ez du uzten fitxategi exekutagarririk igortzen edo jasotzen (.exe), eta batzuetan kale egiten du fitxategi konprimituak hartzerakoan (.zip), baita exekutagarririk ez dutenean ere.
Web-postetatik bakar batek ere ez du pertsona gutxituentzat egokitutako bertsiorik, eta laguntza orrietan ere ez da gaiari buruzko inolako aipamenik egiten.
Informazio gehiago:
Txostenaren testu osoa
Aztertutako posta guztiak, banan-banan
Aztertutako aldagai guztiak, banan-banan
Web-posta ideala
Web-posta erabiltzeko aholkuak
www.consumer.es
Erantzun
Sartu