Augustin Zubikarai Ondarroako nobela laburren saria irabazi du Julian Peñak (Bilbo, 1964) Apologia deritzan obrarekin. Nihilista, ganberroa, umoretsua, kritikoa modu askotara definitu daiteke eleberri hau. Anbiguotasun bera erakusten du egileak ere, zientzia-fikzioa maite duen latin-irakasleak, matxinadaren eta etsipenaren artean.
Nola aurkeztuko zenuke zure lan hau?
Lehenengo eta behin, nobela laburra da, hori da idazteko dudan generorik gogokoena. Gero, umorezkoa eta ankerra dela esango nuke, bi ezaugarriak batera, nire aurreko lanak bezalaxekoa. Gai bat aipatzekotan, pertsonaiak bakartuak direla esango nuke, gizartean bizi arren gizarteko balio guztiak arbuiatzen dituzte, psikologikoki gizartetik erauzita daude.
Zurea ez da izan idazlearen ibilbide arrunta.
Beno, nire bizitzako pasarte batzuk ahaztuta, nahiko gizaki arrunta naizela esan daiteke. Idazle moduan, ez naiz Kafka edo Burroughs-en modukoa, ez dut uste lur jotako idazle horietako bat naizenik. Hori bai, berandu hasi nintzen idazten.
Zergatik?
Oso irakurle amorratua nintzen. Eta ezin nuen ahaztu ez nintzela sekula izango nire ereduak bezain ona. Blokeoa nuen, beraz, baina azkenean erabaki nuen ez nuela zertan klasiko bat izan. Idaztea denbora-pasa, bizio lotsagarria baino ez dela ikasi nuen.
Nobela honek halako gai gogor bat hartzen du: terrorista nihilista bat, bere kasakoa, zibilizazio honen oinarrietakoa den automobilgintzari erasotzen diona. Hala ere, umorea darabilzu etengabe. Mezua errazago sartzeko baliabidea?
Literaturan mezuak gorrotatzen ditut. Rap delakoa, adibidez, edo himnoak edo mezu aurrerakoiak zabaltzeko letrak, gorroto ditut. Ideologia asko hartu ditut bizitzan eta baditut gauza guztietarako iritziak, tertulianoek bezala. Baina idazterakoan, mezuek ez dute balio. Kritiko handi batek esan zuenez, literaturan mezu bakar bat baino ez dago: gizakien bizitza alferrikako eta zentzugabea da.
Orduan, umorea gauzen aurreko zure jarrera da?
Umorea beti erabiltzen dut. Alde batetik, uste dut umorea sortzen badut, barre eragiten badu, irakurleak ahaztuko duela Tolstoik nik baino hobeto idazten zuela... Bestetik, halako joera dut gauza guztiak desitxuratzeko. Ezin dut ezer seriotan hartu. Hala ere parodia egiteko, sakonki aztertu behar duzu parodiaren gaia.
Eta testuari darion tonu apokaliptiko hori?
Ni apokaliptikoa? Gure garaia da apokaliptikoa. Gauza gutxi dira telebistako programa batzuk baina apokaliptikoagoak.
Kotxearen kontrako borroka horrez gainera, eskola barruko bizitzaren ikuspegi erdi etsitu, erdi ziniko bat nabarmentzen da.
Etsi, oso hitz polita da hori euskaraz, bi zentzutan itzul dezakeguna. Bai, nire pertsonaiak etsita daude, bi zentzuetan.
Zure liburuan ageri den bezain negargarriak al dira gaur egungo institutuak?
Bai, egoera oso negargarria da. Nahikoa da irakasleei entzutea. Baina benetan kaltetuak gazteak dira. Hezkuntza jaso gabe, ez dute aukera izango biharko egunean. Erdi mailako klasea desagertzen ari da.
Beraz, horretan ere apokaliptiko eta etsitua zaitugu. Pedagogian esperantzarik ez?
Ez, irakaslea naiz, baina ez naiz gauza inori ezer irakasteko.
Antzinateak garantzi handia du zure obran. Gure oraina interpretatzeko ispilua ala?
Historialari askok esan dute Erromako historiako lehen mendeak, Kristoren aurrekoak, antz harrigarria duela gure mendearekin.
Nola uztartzen duzu latina irakastea edo antzinatearen garrantzia zientzia-fikzioari diozun zaletasunarekin?
Uste dut gaurko literatura pobretuta dagoela. Badirudi literatura-mota bat baino ez dagoela: nobela psikologikoa. Badirudi gai garrantzitsu bakarra pertsonaien sentimenduak, zoriontasunaren bilaketa eta ezkontzeko arazoak direla. Burgesiak garatu zuen literatura-mota hori eta beste guztiak itzalpean geratu dira. Baina zientzia-fikzioa, batzuetan umekeria hutsa izan arren, tradizio luze batekin lotuta dago, Homero edo Shakespearerekin, esate baterako: irudimena erabiltzea munduaren funtzionamendua aztertzeko.
Gure oraina dela-eta, Erromako esklaboen matxinadaren pareko zerbait iradokitzen da, kontraesanez betea: hori aldarrikatzen ari zara?
Aldaketa asko sortzen ari dira gure begien aurrean, eta oso azkar. Baina joera nagusia garbi dago: handinahiek gero eta botere gehiago dute, pobreek gero eta gutxiago, bien arteko leizea egunero eta zabalagoa dela. Film hori ikusita gaude, eta badakigu nola bukatzen den.
Eta halako eztandaren bat gertatzeko aukerak zer sortzen dizu gehiago: beldurra ala itxaropena?
Nire aldartea etsitua denez gero, ez dut iraultzetan sinesten. Mugimendu erradikalak eta utopiak zapalkuntzaren eragin gaiztoak dira: jendeak, gazteek bereziki, uste dute arau eta antolamendu guztiak apurtuz askatu egingo direla, baina lehen baino okerrago geratzen dira, hori da lortzen duten guztia.
Orduan, geldotasuna aldarrikatzen ari zara?
Ez, aldaketarik handienak inor konturatu gabe gertatu ohi dira. Eta umorea azido sendoa da.
Erantzun
Sartu