Teknologia albisteak

Irakurketa ohiturak aisialdian

Erabiltzailearen aurpegia
Prospekzio Soziologikoen Kabinetea
2005-02-22 : 09:02

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 2005eko otsailean "Irakurketa Ohiturak Aisialdian" izeneko txostena argitara eman du, 18 urtetik gorako EAEko herritarrek aisialdian dituzten irakurketa ohiturak aztertzen dituena. Halaber, daturik dagoen neurrian Espainiako estatuari buruz daudenekin alderatu dira.

Ikerketaren arabera, irakur zaletasuna hedatuago dago eta gehiago irakurtzen da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren artean espainiar estatuan baino. Hala, gure artean %74 ohiko irakurleak dira (egunero edo ia egunero irakurtzen dute), beste %17 aldizkako irakurleak (noizean behin edo gutxitan irakurtzen dute) eta %9 ez dira irakurle (inoiz edo ia inoiz ez dute irakurtzen). Kopuru hauek, noski, kasuan kasu (egunkari, aldizkari, komiki edo liburuez ari garen) desberdinak dira.

Bestalde, ia ohiko irakurle guztiek gaztelaniaz irakurtzen dute eta zenbaitzuk, gaztelaniaz ez ezik, euskaraz ere bai normalean. Honela, ohiko egunkari irakurleen %18k euskarazko egunkariak irakurtzen dituzte; liburuen kasuan apur bat gutxiagok, %15ek euskarazkoak irakurtzen dituzte; bestalde, komikien ohiko irakurleen %16k euskarazko komikiak irakurtzen dituzte eta, bukatzeko, aldizkarien ohiko irakurleen %8k irakurtzen dituzte euskarazko aldizkariak.

Txostenak ondoko bost arlo hauek aztertu ditu:

1- Herritarrek, oro har, irakurketari buruz dituzten iritziak eta irakurketa maiztasuna.

2- Egunkarien irakurketa: astegun eta asteburuetako irakurketa maiztasuna, egunkari motak, egunkari kopurua eta egunkarien hizkuntza.

3- Aldizkarien irakurketa: astegun eta asteburuetako irakurketa maiztasuna, aldizkari motak, aldizkari kopurua eta aldizkarien hizkuntza.

4- Komiki eta tebeoen irakurketa: astegun eta asteburuetako irakurketa maiztasuna eta komiki edo tebeoen hizkuntza.

5- Liburuen irakurketa: etxean dagoen liburu kopurua, astegun eta asteburuetako irakurketa maiztasuna, irakurtzen den liburu kopurua, liburu motak, literatur generoak, liburuen hizkuntza eta liburuen aukeraketarako irizpideak.

Txosten osoa sarean eskura daiteke: www.euskadi.net

Erantzun

Sartu