Antzerkiak zaku zabala izaten segitzen duelako beste bi froga izan ditut azken asteotan, biak ere literaturarekiko maitasunez eginak. Bateko, "Tramankuluak" izeneko obra bat, haurrentzat, hauen artean liburuarenganako zaletasuna piztu nahi duena; besteko, "Quien lo probó lo sabe", poesia-testuetan oinarritutako antzezlana. Komenta ditzagun banan-banan.
"Tramankuluak" antzerki-frankizia moduko bat da, Kataluniatik datorrena. Jose Antonio Portillo deritzan idazle batek asmatu zuen ideia eta sortu testua; han egin zioten eszenografia, dramaturgia, argia, musika... Orain, berriz, Tanttakak inportatu du, Bernues-en eskutik, Harkaitz Canok itzuli eta moldatu, eta Aizpea goenagak zein Jose Ramon Soroizek interpretatu (txandaka egiten baitute, aldiko bat edo bestea ikusten dugula). Koldo Mitxelena kulturunean eskaini berri dute, eta toki gehiagotan ematekoak izango dira.
Monologo honen funtsa haurrei ipuin bat kontatzea da, zenbait tresnaren laguntzarekin (izenburuko tramankuluak, alegia), istorioak kontatzeak duen garrantziaren inguruan. Jokalekua da, izatez, ederrena: egurrezko txoko bildu bat, ikusle eta antzezle sabel babesle batean elkartuko balitu bezala; aulkiak, argiak, soinuak, egurraren usainak berak... guztiak giro magiko bat sortzen du, haurrak ez ezik helduak ere liluratzeko modukoa.
Hala ere, kontatzen den istorioa ez dago eszenografiaren pare. Txukuna da kontagaia, egokia itzulpena, polita interpretazioa ere, baina ohiko ipuin kontaketen mailan jarriko nituzke horiek denak, ez inor txunditzeko, nire ustez behintzat.
Donostian bada, gure beste hiriburu guztietan bezala, bertako erdaldun kulturazaleen tradizio bat, euskarazko kulturgintzan gabiltzanokin zerikusi gutxi izan arren bere lantxoak egiten dituena. Horren adibide bat dugu "Quien lo probó lo sabe", joan den asteburuan Lugaritzen estreinatu zen ikuskizuna, testu poetikoen errezitaldi modukoa.
Hiru aktore oholtzan: Ana Miranda, Jorge Carrero eta Romualdo Salcedo, lehenengoaren zuzendaritzapean. Esan bezala, poemak errezitatzea da emanaldiaren funtsa, poemen artean antzerki-elementu batzuk sartu arren: aktore gizonezkoen arteko ika-mikatxoak andrazkoa dela-eta, poeten bizitzen inguruko txutxu-mutxuak eta abar.
Poemen hurrenkera kronologikoa da, erromantze zaharrekin hasi eta azken aldiko poetekin amaitzeko, eta, lehenengo partean batez ere, literatura espainolaren klase praktiko baten itxura hartzen du antzezpenak, eskolan ikasgai horrekin ohituak berehala ezagutuko baititu botatako testu asko eta asko: "El conde Arnaldos", "Que por mayo era por mayo", "Recuerde el alma dormida", "Vivo sin vivir en mí", "Noche oscura del alma", "Poderoso caballero es don Dinero", "Erase un hombre a una nariz pegado", "Volverán las oscuras golondrinas", "Mi infancia son recuerdos de un patio de Sevilla"... Eta abar (eta abar luze bat, hobeto esanda, Euskaltzaindiak esamolde hau espresuki gaitzetsi arren).
Azken partean, 27ko belaunaldikoen ondoren, azken berrogeita hamar urteetako poetak iritsi ziren: ez hain akademikoak eta ezagunak batetik, neurriz libreak izaki ez hain errezitatzekoak bestetik, eta horrenbestez originalagoa izan zen amaiera. Bestalde, kastizismo kastillanoaren salbuespen gisa, Bukowski sartu zuten, eta Gabriel Arestiren poema bat euskaraz ("Egia bat esateagatik").
Emaitza txukuna izan zen, fantasia handirik gabe hala ere. Musika konbentzionalegia izan zen; poemetatik aparteko jardunak topiko samarrak, baina poetikotasun gehiegizkoaren kontrentrazioa arintzeko aproposak. Poesia bera izan zen protagonista, eta hori ondo dago.
Hala ere, duda geratzen zait, ipuin-kontaketatik eta poema-errezitalditik harago joateko saio hauek behar hainbateko justifikaziorik ote duten. Justifikazio beharrik ez dago berez, antzerkia zaku zabala dela esan baitugu. Baina sustantzia gutxiko ikuskizunak sortzen ote diren...
Erantzun
Sartu