Joan den abenduaren 20an Euskadiko Estatutu Berriaren Proposamena aztertzen ari den Eusko Legebiltzarreko Batzordean bozketa bidez onartutako testua ez da nahikoa euskararen normalizazioa lortzeko. Kontseiluko Zuzendaritza prentsaren aurrean agertu da gaur.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak gaur azaldu duenez, onartutako testuan aldaketak sartu dituzte euskarari buruzko artikuluetan, hizkuntz eskubideen errespetuaren kontzeptua jasotzen du testuak, eta beraz, bide onean egindako aldaketak dira, baina ez dira nahikoa Kontseiluaren ustez. Testu ausartago eta eraginkorragoa behar da euskararen normalizazio osoa lortzeko eta hizkuntz eskubideak babesteko
Jonmari Larrarte Kontseiluko lehendakariak esan duenez hizkuntz eskubideen errespetuaz hitz egiten da, eta hori aurrerapauso handia dela uste dugu, baina ez da aipatu ere egiten horiek bermatzeko ze neurri zehatz hartuko diren. Testu horrek, Gernikako Estatutuak bezalaxe, euskararen berezkotasunaz, erabiltzeko eskubideaz eta hizkuntza ofizial izateaz hitz egin du, baina ez du aipatu ere egiten euskara ezagutzeko betebeharraren ideia.
Xabier Mendiguren Kontseiluko Idazkari Nagusiak adierazi duenez, hizkuntz eskubideen kontzeptua jasotzearekin batera beharrezkoak dira ondoko puntuak ere euskararen normalizazioa lortzeko: alde batetik, euskal herritar guztiek izan behar dute euskara ezagutzeko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea. Hortaz, Administrazioak belaunaldi berriak euskaldunak izango direla ziurtatuko duen hezkuntza sistema antolatuko du eta bitartekoak jarriko ditu euskara ez dakiten herritarrek lehenbailehen ikas dezaten. Bestetik, epe eta helburu zehatzak izango dituen hizkuntz politika eta corpus juridikoa behar dira; gaur egungo egoera diglosikoak sortzen duen desoreka soziala gainditzeko balioko du. corpus juridiko horrek, lehentasunez, euskara erabiltzeko eskubidea eta hizkuntz eskubideen urraketa gainditzea bermatu behar ditu.
Kontseiluak eskatu die Estatutu Berriaren Proposamena eztabaidatu eta bozkatuko duten parlamentari guztiei aintzat har ditzatela Kontseiluak behin eta berriz egindako proposamenak.
Azkenik, PSE-EE alderdiak egindako proposamenak ez duela hizkuntz eskubideen, euskara ezagutzeko betebeharraren edota hizkuntz politika baten premiarik aipatzen esan du Kontseiluak.
Erantzun
Sartu