Googlek lau unibertsitate ezagunetako eta liburutegi bateko liburuak digitalizatuko ditu. Hauek proiektu digitalerako aukeratu diren erakundeak: Michigan, Stanford, Harvard eta Oxford unibertsitateak eta New York-eko liburutegi publikoa.
Aipatu unibertsitate eta liburutegiarekin akordioa sinatu berri du Googlek. Akordio horren ondorioz, bost erakunde horien liburutegiak digitalizatuko ditu proiektu pilotu honetan. Horrela, proiektua garatzen denean, on-line ikusi ahal izango dira liburu publikoak eskaneatuta, bai ikerketak egiteko eta bai kontsulta edota irakurketa egiteko ere (Copyright gabe).
Beraz, proiektu honen bidez paperezko dokumentuak sarean jarriko dira, erabiltzaile guztien eskura. Liburuen bertsio digitalak ikuskatu eta Googlek eskainitako esteken bitartez maileguan hartu ahal izango dira.
Harvard unibertsitateak 40.000 liburuki eskaneatzeko muga jarri du. Arrakasta lortuz gero, Harvard-eko liburutegiko liburuki gehiago digitalizatzeko eta Google-n datu basean sartzeko asmoa azaldu du, beti ere, copyright arazorik ez badago.
Liburuak eskaneatzeko Googlek teknologia propioa garatu du, abiadura handikoa. Googlek Harvard-en hainbat ekipo instalatuko ditu. Eguneko liburutegiko langileek zenbait liburu emango dizkiete Googleko langileei eskaneatu ditzaten. Liburu bakoitza fisikoki aztertuko dute eskaneatzeko baldintzak betetzen dituen ikusteko (materiala ez hausteko arriskua ekiditeko). Proba gaindituz gero, liburua digitalizatuko dute.
Eskaneatzearen ondorioz sortutako imajinen fitxategiak Googlen bulegotara bidaliko dira. Bertan kalitate kontrola pasako dute eta testu bilakatuko dituzte.
Michigango unibertsitatearen kasuan, sei urteko epea ezarri dute liburutegian dauden zazpi milioi liburuki digitalizatzeko. New Yorkeko Liburutegi Publikoak copyright-a ez duten zenbait liburuki digitalizatzeko baimena eman dio Googleri.
Oxford-ek ere muga jarri du digitalizazioan. Hau da, artxibo bibliografikoan dituen XIX. mendeko liburukiak eskaneatuko dira; nobelak, obra poetikoak, obra politikoak eta arteari buruzko liburuak barne. Proiektu honetan Stanford unibertsitateak ere parte hartuko du.
Erantzun
Sartu