Teknologia albisteak
1

OAI: Estandar ireki bat, Interneteko liburutegi nazional baterako abiapuntu bat

Erabiltzailearen aurpegia
CodeSyntax
2004-12-03 : 09:12

Izenburu hau duen produktu-demostrazio eta aurkezpen-hitzaldia emango dute CodeSyntax-ek eta Deustuko Deli ikertaldeak, Durangoko Azokan, datorren asteartean, hilak 7, arratsaldeko 18.30etan.

Deustuko Unibertsitateko DELI taldearekin batera egindako ikerketa proiektu baten emaitza da. Emaitza erreala, demo funtzional bat, kasu honetan.

Kasu honetan, Ikerketa + garapena proiektu bat da hau, Unibertsitate eta enpresaren arteko elkarlanean. Izenburu hau eman genion: OAC, Open Archive Catalog proiektua, katalogo irekiak sarean nola elkartrukatu. Interneten datu bibliografikoak gurutzatzeko sistema baten inguruko ikerketa. Saiotek (Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila) ekimenak lagunduta egin dugu.

OAC proiektuaren emaitza etorri da, beraz:

  • ikerketa: OAI estandarra da jarraitu beharreko bidea, horixe ondorioztatu du lanak (nagusiki Deli-ko Garikoitz Etxeberriari eskertu behar zaio hau).
  • garapena: demostrazio tekniko bat, benetako datuekin, guztiz funtzionala, sarean laster eta Durangoko ekitaldi honetan hilaren 7an aurkeztuko duguna.

Zer da OAI?

OAI da ingelesez Open Archive Initiative, Artxibo Irekietarako Ekimena. Jakintza akademikoaren argitalpena, hedapena eta katalogazioa, Internet bidez nola egin; horren inguruan lan asko egin da, eta hauxe da emaitza. Erregistro bibliografikoen hedapen eta katalogaziorako tresna bat da, beraz, OAI. Baina liburuetako datuen trukerako baino askoz gehiagorako balio du honek: inplementazio desberdinek balio dezakete liburuak saltzeko, faksimil digitalak sarean jartzeko, artikulu akademikoen argitalpena, liburutegiko katalogo kontsulta...

Funtsean, Interneteko albiste eta informazio freskoaren zabalkundean RSS Feed-ak direna, OAI da liburu eta artikulugintzan.

Artikulu bat, datu eta irudi grafiko gehiagorekin argitaratu du Luistxo Fernandezek bere blogean. Era berean, OAI zer den azaltzen duen esteka mordoa kargatu dute DELIkoek beren wiki batean.

Han jakin dezakezue gauza gehiago. Bakarrik esan, gonbidatuta zaudetela, Durangotik bazabiltzate, 18.30etan hitzaldien aretatok pasatzera. Azpimarratu nahi dugu hau ez dela utopia. Prozesu honek, albiste banaketan funtzionatzen du, 110 bat web iturri euskaldunek ematen dute informazio eguneratua RSS formatuan. Eta hainbat uzta-biltzailek jasotzen dute ereindako informazio freskoa.

Gauza bera egin daiteke liburu, artikulu eta kultur edukiekin.

Demoa laster ikusiko duzue martxan. Eta horretan benetako datuekin, laginekin, lagundu diguten zenbait lagun aipatu behar:

  • Badihardugu elkartea, Gaztelupeko Hotsak, Gerediaga elkartea, Inguma datubasea (UEU), Megadenda.com (Zabaltzen, Plazagunea eta Elkar), Armiarma proiektua (Susa), Lanbide Ekimena (hainbat erakunde), Deliren lanak... (Aurreragoko mezu batean propio eskertzea guztiak luzatuko ditugu, utzi aurkezpena egin arte).

Lagin motak desberdinak dira:

  • Erreferentziak on-line dendetan (Hotsak, Megadenda.com)
  • Dokumentu original osoak sarean eskuragarri (Armiarma, Deli)
  • Erreferentzia bibliografiko-akademikoak (Inguma)
  • Liburuak, artikuluak, diskoak, literatura, dibulgazio teknikoa...

Interneteko liburutegi nazionala honela?

Bai! Baina uler bitez kontzeptuak ondo:

OAI, edo haren bidezko liburutegi nazionala, ez da Jaurlaritzak instalatu eta finantziatu behar duen konputazio-zentro erraldoi bat.

Ez da datubase zentral bat, beste guztiok, parametro zehatzekin, egunero elikatu behar duguna.

Hori baino sinpleago da... Ikusi irudi hau.

Hori bai, bada OAI. Interneteko euskal liburutegi nazional posibleago baterako eredua non? Gipuzkoako ur hornikuntzaren antolakuntzan!

Bai, ur hornidura nola antolatuta dagoen erakusten du irudiak. Udal edo partzuergo bakoitzak, bereak sortu eta kudeatzen du, hori da koxka. Gero, sare sorta batek lotzen ditu (OAIn sare multipleak lirateke, nahi adina; batzuk globalak, besteak partikularrak; batzuk publikoak, besteak pribatuak).

Elikatzea automatikoa da: euria egin ahala toki bakoitzean, sare orokorretan ura dago.

Liburutegi nazionala argitaldari bakoitzaren eta guztien eskuetan dago, eta liburutegia, sarea bera da.

EAEko administrazioa urrats inportanteak ematen ari da alor honetan. Kontu hauek Euskal Kulturaren Planean toki inportantea dute. Eta berriki aurkeztu dira baliabide arras interesgarriak, hala nola Bilgunea edo Katalogo Bateratua

Benetan uste dugu, Katalogo Bateratua bezalako tresna bat primeran integratu daitekeela OAI eskeman. Erraz gainera.

Asteartera arte, nahi baduzue.

Erantzunak

CodeSyntax
2004-12-09 : 16:54

Eskerrik asko aurkezpenera etorri zinetenoi. CodeSyntax eta DELi pozik geratu ginen, batez ere Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Azokak emandako aukera honekin.


Demoa sarean dago jada. Aurkezpenerako prest egon zen, eta erakustaldia ere halaxe egin zen, sareko konexio batekin. Hauxe du helbidea aplikazioak: www.codesyntax.com/oai

Laginak utzi dizkigute demo honetarako, honako erakunde hauek:



Eskerrak eman nahi dizkiegu, bereziki, pertsona hauei:



  • Xabier Erauskin (Zabaltzen)

  • Josu Landa (Armiarma)

  • Fermin Lazkano (Plazagunea)

  • Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar)


Erantzun

Sartu