Hezkuntza arloko eta euskalgintzako hainbat eragilek "Eskolak euskaldundu" ekimena martxan jarri dugu. Kanpaina honen helburua da euskaldunduko duen eskola aldarrikatzea, herritar ororentzat, Euskal Herri osoan. Ekimenaren barruan, herri kanpaldia egiten ari gara eta gaur amaituko dugu, euskararen egunean. Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren aurrean egiten ari gara. Handik idazten dugu.
"Eskolak euskaldundu" ekimena eragile hauek jarri dugu martxan: AEK, Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Euskal Herriak Bere Eskola, Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea (EHIGE), Euskal Konfederazioa, Ikasle Abertzaleak, Kontseilua, LAB eta Sortzen-Ikasbatuaz.
Kanpaina honen helburua da euskaldunduko duen eskola aldarrikatzea, herritar ororentzat, Euskal Herri osoan. Izan ere, herri ekimenez euskararen normalizazio prozesuan urrats handiak eman badira ere, honako hau da argazki argi bezain kezkagarria: euskal eskoletan ikasten ari diren ikasleen %62 ez da euskaldunduko (268.354 ikasle). Horixe da, hain zuzen ere, A, B eta G ereduetan ikasten ari den ikasle kopurua.
Hezkuntza administrazioak egoera honen gaineko erantzuleak dira, azken bi hamarkadetan garatu dituzten hizkuntza politikek ez baitute herritar guztien euskalduntzea bermatu. Eta EAEko hezkuntza administrazioak erantzukizun berezia dauka, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan biltzen baitira euskaldunduko ez diren ikasle horietatik gehienak: 154.161 ikasle.
Nola Eusko Jaurlaritzak hezkuntza esparruan darabilen hizkuntza politika salatzeko, hala euskaldunduko duen hizkuntza politika berria aldarrikatzeko, hiru eguneko herri kanpaldia antolatu dugu, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren aurrean.
Kanpaldia gaur amaitzea, abenduaren 3an, ez da kasualitatea. Izan ere, egun horretan Nafarroaren egunaz gain, euskararen eguna ere ospatzen dugu.
Egun horren testuingurua baliatu nahi dugu diskurtso ofizialetan azalduko ez den errealitatea plazaratzeko: euskara kinka larrian dago, euskal herritar gehienek ez dute euskara ezagutzen, eta gainera administrazioek ez dute borondaterik belaunaldi berriei euskararen ezagutza, eskola bidez, bermatzeko.
Kanpaldiaren egitaraua, Sustatuko agendan, gaurko ekitaldiak ikusteko.
Erantzun
Sartu