Teknofiloen albistegia

Oskar Arana: "Jendea hunkitzeko gaitasuna dauka Coetzee-k"

Erabiltzailearen aurpegia
Asteleheneko Goienkaria
2004-11-23 : 10:11

Oskar Aranak euskaratutako John Maxwell Coetzeeren Disgrace liburua kalean da. Joan zen egubakoitzean aurkeztu zuen Aranak Lotsaizuna, Jokin Zaitegi itzulpengintzak sariketari esker egindako lana. Iaz irabazi zuen sariketa, eta hil honen amaieran, Arrasateko AEDren egoitzan, beste aurkezpen bat egingo du, jatorrizko hizkuntzaz, ingelesez, eta Aranak eman dion hizkuntzaz, euskaraz, irakurketak tartekatuz. Asteleheneko Goienkarian egin diote elkarrizketa Aranari.

Zer sentitu zenuen liburua amaituta esku artean hartzerakoan?

Poz handia izan da niretzat. Bederatzi hileren ostean amaitu dut, eta oso gustura nago. Esperientzia oso polita izan da eta irakurle euskaldunak gozatzeko moduko lana geratu da. Autorea oso interesgarria denez, eta istorioa oso indartsua denez, irakurgaien aukeran euskaldunek duten beste aukera bat da Lotsaizuna.

Epaimahaikideek, Patxi Ezkiaga, Aintzane Ibartzabal eta IƱaki Mendigurenek, itzultzeko lan zaila zela adierazi zuten, Coetzee-k mailako hizkuntza duelako. Izan daiteke estilo hori oso gogoko dudalako edo autoreak oso esaldi zehatz eta zorrotzekin eta estilo oso dotorean idazten duelako, baina uste baino errazago itzuli dut. Itzultzen dudan lehenengo literatura lana da eta oso gertuko sentitu dut; uste dut horrek lagundu egin didala. Akaso, erritmoa lortzea izan da gehien kostatu zaidana; izan ere, bertuterik handiena erritmoa, doinuan, ironian eta zehaztasun horretan egoten da, eta autoreak hiruzpalau hitzetan gauza oso zail eta sakonak adierazteko erraztasuna dauka. Xabier Mendigurenek aurkezpenean esan zuen legez, "ez da batere zuzena politikoki". Analisirako zorroztasuna dauka.

Ezagutzen zenuen Coetzee?

Ez eta, egia esan, oso aurkikuntza polita izan da. Bere gainean idatzitako artikuluen arabera, idazle berezia iruditu zait.

Zer jakin beharko genuke John Maxweel Coetzeeren gainean?

Hasteko, harrigarria iruditu zitzaidan idazle izan arte egin zuen bizibidea: ikasketaz informatikari-ingeniaria da eta Erresuma Batuan informatika programatzaile aritu zen. Handik AEBra joan eta literatura eta hizkuntza ingelesa landu zituen unibertsitatean eta bete-betean idazteari ekin zion.

Horrez gain, bere ezaugarri nabarmena litzateke pertsonen barrua aztertzeko duen erraztasuna. Irakasle italiar batek esan zidan behin, humanistika arloan, psikologia, soziologia edo bestelako testu liburuak baino hobea dela literatura lan on bat, eta Coetzee-k egundoko gaitasuna dauka pertsonen eta sentimenduen gorabeherak aztertzeko eta, aldi berean, inguru soziologiko baten azterketa egiteko eta edozein lekutara egokitzeko istorioa idazteko.

Hego Afrikan girotzen da istorioa.

Istorio gogorra, gordina eta indartsua da. Mila gai ukitzen ditu oso hitz gutxitan. Trinkoa, bizia eta hunkigarria da; jendea hunkitzeko gaitasuna dauka. Hego Afrikan gainbeheran amiltzen den unibertsitateko irakasle andrezale baten istorioa kontatzen du. Ikasle batekin afera bat izan ondoren, unibertsitatetik botako dute, eta hortik aurrera hasiko da bere gainbehera pertsonala eta familiarra.

Askotan gaztelaniara jotzen dugu gure irakurketetan, euskarazkoak gaitzak diren aitzakian. Zurea irakurtzeko erraza da?

Bai, hiztegia zehatza eta laburra delako, eta prosa, dotorea. Euskaraz irakurtzen ohituta dagoenak erraz irakurriko du, eta ohituta ez dagoenak ere, istorioaren indarraz kutsatuta, erraz irakurriko du. Hizkuntzaren zailtasunaren arazoa gainditu egiten da baldin eta kontatzen dena erakargarria bada, eta liburu honetan kontatzen dena oso interesgarria da.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu