Sustatu logoa Teknologia albisteak

Conspiration.com

Iban Zaldua - Itzaletik
2004-11-18 11:11

Luistxoren eskaerari erantzunez, hona hemen "Conspiration.com" ipuina, Itzalak bildumatik hartua, Sareko hilezkortasunaren bila-edo.

Sustatuko musikaren inguruko jolas bat aprobetxatu du Luistxok eskera hori egiteko (hemen); egia esan, ez dago idazle bat gehiegi presionatu beharrik bere obra erakus dezan, eta hementxe jarriko dut ipuina.

Duela hiru urte argitaratu nuen lehenengo bertsioa Euskaldunon Egunkaria-n, baina ezin da jada haren hemerotekan kontsultatu, denok ezagutzen ditugun arrazoiengatik.

Bestalde, ipuin hau gure letretan aurki daitekeen adibide bakarra ez den arren, espero dut Euskal Literaturaren eta Komunikazioaren Teknologia Berrien arteko harreman gero eta estuagoen seinale itxaropentsua izatea Joxe Aranzabalentzat: gogoan izango duzuenez, gure literatur lanetan mundu horrek (hots, mundu honek) duen presentzia txikiaz kexu ageri zen Sustatun bertan, "Teknologia berriak ia ikusezin ereduzko prosan" artikuluan hain zuzen ere.

Hemen duzue, edonola ere, ipuina, (autopropagandarako tartea) Itzalak liburuan (Erein 2004) argitaratu den bezala :

Conspiration.com

Ez dakit konturatzen garen zenbat eta zenbat txiste, istorio eta ipuin barregarri heltzen zaizkigun e-postaren bitartez. Izugarria da. Eta batzuk onak dira, benetan. Lehengoan, esaterako, informatika-enpresa bati egindako erreklamazioa imitatzen zuen bat iritsi zitzaidan. Sinatzailea kexu zen NESKALAGUNA 7.0 programa EMAZTE 1.0 delakoagatik aldatu berria zuelako, eta huts egiten ziolako, askotan: ustekabean birus baten ezaugarri guztiak omen dituen AMAGINARREBA 3.1 azpiprograma kargatzen zitzaiola, edo EMAZTE 1.0 funtzionatzean oso mantso doalako KOADRILA 4.2 delakoa. Etab. Nik kontatuta ez dauka grazia handirik, badakit, baina zin dagit: benetako perlak aurki daitezke mundu birtualean. Eta emazteari komentario berak egiten dizkiot beti (edo berak niri, bost axola dio): a) zenbat talentu galtzen da alferrik amaraunean zehar; b) baina nork (hostia) du halakoak asmatzeko eta weberatzeko astia? (Debagoiendar-kalbindar bertsioan: eztabe beharrik eiten, ala?).

Hori bai, istorio gehienek, edo ehuneko zabal batek behintzat, nahiko tonu edota eduki matxista izan ohi dute. Eta horrek biziki kezkatzen zuen Marge Orlee netsurfer ausarta. Izan ere, fenomenoa ez da gaztelaniara mugatzen: ingelesez zein beste hainbat hizkuntzatan gauza bera gertatzen da; are gehiago: Margek frogatu ahal izan zuenez, istorio gehienak errepikatu egiten dira, bariante gutxirekin, hizkuntza ezberdinetan. Horrenbeste kezkatzen zuen, ezen, azalpen sakonagoen bila, amarauna arakatu baitzuen bere trebezia guztiaz: ezin zuen sinetsi milaka erabiltzaile deskoordinaturen emaitza izan zitekeenik hura guztia.

Zaila gertatu zitzaion, oso zaila, eta sekulako erasoei aurre egin behar izan zien (ordenagailua birusekin bonbardatu zioten, sikarioak bidali zizkioten etxera, Eusko Ikaskuntzaren aldizkari guzti-guztien harpidedun egin zuten behin eta berriro), baina lortu zuen, azkenik. Susmatu bezala, konspirazio baten aurrean ginela deskubritu zuen Margek: Mantxako Kanaleko uharte batean, II. Mundu Gerrako bunker batean, ehunka gidoilari eta kreatibo biltzen duen erakunde beldurgarri batek zuen tinglado guztiaren ardura: Machou Corporation Inc., feminismoaren aurrerapausoei kontra egiteko sortutako transnazionala. Margeren salaketari esker, Interpolek desartikulatu ahal izan ditu erakunde beldurgarri horrek ia mundu guztian zehar sakabanaturiko tentakulu lindirgatsuak. Konturatuko zinetenez, badira egun batzuk halako mezu dibertigarririk jaso ez dugula.

Ni, nola ez, erabat konforme nago agintarien ekintza bizkor eta terapeutikoarekin: ezin da halakorik onartu. Hala eta guztiz ere, badut pena ñimiño bat, gure hizkuntzari dagokionez alegia. Zeren eta, esan bezala, txiste eta istorio horiek onak iruditzen zitzaizkidan, eta euskaraz irakurri ahal izateko aukera galdu dugu. Izan ere, Ertzaintzak prentsaurreko batean azaldu duenez, eraketa prozesuan zegoen erakunde maltzur horren euskal adarra, material guztiaren itzulpenaz eta zabalkuntzaz arduratuko zena, sustatu.com-en azpitalde sekretu baten babespean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu