Teknologia albisteak

Akordio soziopolitikoa: 11 alderdi politiko eta sindikatuk euskararen aldeko konpromisoak hartu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Nerea Pikabea Amundarain - Kontseilua
2004-11-09 : 19:11

"Euskara sustatzeko eta euskalgintza babesteko Akordio Soziopolitikoa" sinatu dute Kontseiluaren ekimenez Bilboko Euskalduna Jauregian izandako sinaketa ekitaldian. Euskararen aldeko konpromisoak hartu dituzte publikoki 11 alderdi politiko eta sindikatuk.

Hauexek dira Akordio Soziopolitikoa sinatu duten erakundeak: ANV-EAE (Accion Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintza), Aralar, Batasuna, Eusko Alkartasuna, EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea), ELA (Euskal Langileen Alkartasuna), ESK (Ezker Sindikalaren Konbergenzia), Hiru (Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatua), LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak), STEE-EILAS (Euskadiko Irakaskuntzaren Langileen Sindikatua), Zutik eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.

Sinatzeko arrazoiak

Joanmari Larrarte Kontseiluko lehendakariak Akordio Soziopolitikoa sinatzeko arrazoien inguruan hitz egin du. Gure hizkuntzaren normalizazio prozesua une erabakigarrian dago. Batetik, moteltze kezkagarri bat eman da normalizazio prozesuan eta, bestetik, azken aldian euskalgintzak jazarpenak pairatu ditu.

Bere esanetan euskararen normalizazioaren aurkako erasoa ez da kanpaina puntuala; estatu mailako eraso estrategikoa dago horren atzean. Larrartek azpimarratu duenez, orain arte erabili ditugun hizkuntz politikek aldaketak behar dituzte, corpus juridikoa aldatu beharra dago aurrerapauso sendoak eman nahi badira; eta hori dena urgentziaz egin behar da. Bukatzeko, adierazi du normalizazioa areagotzeko eta euskalgintza babesteko sinatu dela Akordio zabal hau.

Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek berriz, ekimena anitza, iraunkorra eta sendoa dela esan du, eta gizartea inplikatzea dela horren nahia. Gizarte eragileak, instituzioak eta politikariak euskalgintzarekin batera, normalizazioan aurrerapausoak emateko aukera eskainiko du Akordio honek.

Bi zutabe nagusi ditu akordioak

Bata euskararen normalizazioak bultzada berri eta biziagoa izan dezan beharrezkoak diren ekimen politiko, instituzional eta sozialak indarrean jartzeko konpromisoa:

  • Gaur egungo proiektu eta programak indarberrituz eta hobetuz
  • Ofizialtasunaren garapena eta hizkuntz eskubideen bermea lurralde osoan ekarriko duten neurri legalak bultzatuz
  • Normalizaziorako estrategikoak diren proiektu berriak abian jarriz
  • Erakundeetan barne euskalduntze politika eraginkorrak sustatuz
  • Erabakimenik ez duten instituzio eta erakundeetan euskararen alde aipaturiko neurriak har daitezen eraginez, eta horretarako egitasmoak bultzatuz

Beste konpromisoa euskalgintza osatzen duten elkarte eta erakundeen bideragarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko bitartekoak ezartzea da.

Bukatzeko, Mendigurenek azpimarratu du ateak zabalik daude etorkizunean olatu honekin bat egiten duten guztientzat.

Honekin batera Akordio Soziopolitikoaren dokumentua.

Erantzun

Sartu