Teknologia albisteak

Bilbotarron ahozko euskara CD-ROM batean bilduta

Erabiltzailearen aurpegia
Asapala Euskara Elkartea - Asapala Euskara Elkartea
2004-11-12 : 09:11

Bilbon euskara aspaldi galdua zela uste zuten askok edo ia denek, baina ASAPALA Euskara Elkarteak argitaratutako Iñaki Gaminderen liburuak eta CDak ("Bilbotarron euskararen zuzuan") agerian utzi digute Bilbon euskara ez dela inoiz galdu, bizirik dagoela. Iñakik azken 25 urteotan batu izan ditu bilbotarron euskararen testigantzak. Bilboko euskaldunei entzuteko abagunea da, ordea, eskaintzen digun berrikuntza nagusia.

Bestetik, hilaren 5eko GARAk halaxe zekarren: "Saltzen diguten Bilbo hau batzuetan ez dugu ezagutzen, baina beharginak izan gara, baserriak ezagutu ditugu, ni ibilita nago ahuntzak Larraskitutik Ganekogortara eroaten, eta txikia nintzenean ikatza erosi behar nuen, gaixotu egiten ginenean geure burua sendatzeko zer egiten genuen. Horiek gauza politak dira ez ahazteko nondik gatozen eta zer garen, eta gainera aukera dago bertoko euskaran entzuteko".

Gauza politak dira bai, iraganari begiratzeko ez ezik etorkizunari baikor heltzeko ere balio digutenak. Itzelezko lana egin du Iñaki Gamindek laguntzaile talde batekin batera. Bestetik, liburuaren aurkezpen egunean Euskaltzaindiaren egoitzan Benito Fiz Asapalako presidenteak bilbotarrok kontzientziatzeko hemen euskara egin dela, egiten dela eta egingo dela adierazi zuen, hona hemen, beraz, adierazpenok oinarritzeko liburuko pasadizo bat:

"Behingo baten, munduan asko ez legez, Markina inguruko Barinagan gizon zahar batek hala zidan kontatu. Gaztea zela, hamalau urtetan edo, gurasoek, gaur baino askozaz asago zegoen Bilbora bidali zuten erdara apur bat ikas zezan. San Mames zumardian, alondegi zaharraren ondoan zegoen baserri baten ekandu zen zuen gizona morroi. Bere beharra Barinagakoaren aldean, hasikeran behintzat ez zen sano desberdina izan; ardiak erabili, ardiak jagon, betikoa. Ingurua ez zen bera baina. Orain Casilla, Errekalde, Indautxu. Zuen gizon horri itaundu diot halako baten, ia erdara ikasi duen ala ez. Eta lehengo antzean Barinagara itzuli dela esan dit. San Mames zumardiko baserrian euskaldunak izan dira eta euskara izan da bere eguneroko jardunaren berbeta."

BERTON aldizkarian Gaminde hizkuntzalari bilbotarrak aipatu zuen Bilbon euskaldunok batzen garenean euskaraz egiten dugula, ASAPALAk horretan dihardu lanean, eta dagoeneko kalean dauzkazuen liburua eta CDa beste urrats bat baino ez dira normalizazioaren bidean.

Ezetz asmatu zer esan nahi duen "Bilbotarron euskararen zuzuan"...

Erantzun

Sartu