Teknologia albisteak

Gizajoa eragile

Erabiltzailearen aurpegia
markos zapiain - blogetik
2004-11-12 : 11:11

Xabier Mendigurenen "Errautsen distira"n gerra zibilean gizajo izanikoen gomutak aldaketa garrantzitsuak eragingo dizkie gaur egungo protagonisten gurariei. Bestalde, ez da gauza bera kaputxinoa eta udaltzaina.

"Errautsen distira" izenburuak iradokitzen duenez, bada oraindik aspaldiko gerra zibil hartako suaren txingarrak barrualdea berotzen dionik, are kiskaltzen. Lau dira Xabier Mendigurenen liburua osatzen duten kontakizunak. Narratzailea protagonista bera da lauretan, lehen pertsona erabiltzen du eta gerra bizi izan ez zuen lagun bat da, gure antzekoa. "Antziñako fotografixia"n zein "Zapero, gogoan zaitugu"n, protagonistak zerbait nahi du orain (ligatu, dirua); hori lortzeko aitzakia gisa gerra hartako pasadizoren bati buruzko ikerketa bat (historikoa, kazetaritzazkoa) egin beharra erabiliko du. Baina hasieran aitzakia zen ikerketa horrek, aurrera egin ahala, protagonista liluratu eta erakarri egingo du, halako indarrez, bidean aldatu edo desegingo baititu ligatu nahia eta diru beharra

Gerra garaiko gizaseme mota batek aldaraziko ditu gaur egungo protagonistak: gizajoak hain zuzen. Hildako gizajoak zein gizajotasunari esker bizirik irtendakoak. Gizajo haien itzalek protagonisten eta beren egungo gurarien arteko harremanak eraldatuko dituzte. Orduko koitaduen berri izateak balio moral jakin bat indartuko die: duintasuna. Kolpe moral horrek zerbait EZ egiteko erabakia hartzera bultzatuko ditu: ganora barik ligatu, xoxa eskuratzearren egia ezkutatu, faxisten musikaz maiteminduta gozatu...

Zentzu horretan, azkeneko ipuina, "Biziak ez zuen txoria balio", duzu anbiguoena. Bertan, izan ere, gerra garaiko sekretuaren desestaltzeak bi bider eramango baitu protagonista ukora: aurrena, musikari faxistak protagonistaren aita inozoaren bizia salbatu izanak haren omenezko estatua zartatzea eragotziko dio (protagonistaren jokabide hori ez dator bat gurean "duintasun" hitzak bereganatu duen adierarekin); baina gero, salbatu ez zituenen oroitzapenak haren musika joko duen kontzertuari muzina dio aginduko.

Azkenik, "Aita Morlans itzuli da" ilun antologikoak kontrapuntua egingo die beste hiru ipuinei. Alde batetik, bertan ez da koitadurik ageri, fraideak direlako nagusi beharbada. Bestetik, bertakoa izango da hasieratik egia benetan ezagutu nahi duen protagonista bakarra. Bera izango da ordea egia ezagutzera helduko ez den protagonista bakarra, fraideak direlako nagusi beharbada.

Kaputxinoak dira "Errautsen distira"ko pertsonaiarik arriskutsuenak, eroenak eta biribilenak. Sasoi batean bazen gizatasun handi bat zerion makina bat fraide maltzur, minbizia baino gaiztoagoak. Orain udaltzainak nabari dira gehiago, baina gizajoagoak dira, borra bera ere lotsaz bezala erabiltzen dute.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago