Bushen agintaldiak eta Irakeko gerrak argi utzi duten zerbait berresten ari da AEBetako hauteskunde kanpaina hau: hain zuzen, Internet beste edozein komunikabide bezain baliogarria dela arerioari aurre egiteko, informazioa eta propaganda beste inork baino azkarrago zabaltzeko. Informazioa, iritzia, iseka... guztiok dute lekua Interneten. Hona hemen aurkitutako gune interesgarri batzuk.
Hauteskundeen atari-atarian gaudela, hortxe dugu Osama bin Ladenek bideo forman hautesleei bidali dien mezua eta horren inguruko eraginak, Fox kate kontserbatzailearen eskutik.
Oro har, hauteskunde aurreko informazio aberasgarriena komunikabideek dute, eta horien artean, onenetariko bat da CNN katearena. Ingelesa jakitea oso gomendagarria da, jakina, baina sail askotan, ez da beharrezkoa. Grafiko, zifra eta mapa bidez oso modu ulerterrazean eskaintzen dute informazio eguneratua. Lehian geratzen diren estatuak, hautagaien agenda, hautagaiek zenbat gastatu duten kanpainan... eta jendeak hain gustuko dituen bideoak. Kanpaina polemikoeneko iragarki guztiak hor daude; baita Bush eta Kerryren aurrez aurrekoen momentu onenak gogoratzeko aukera ere. Eta inkestak inoiz baino fidagarritasun txikiagokoak direnez, hortxe daude inkesta guzti-guztiak, nork gustukoena aukera dezan. CNN-k inkesten inkesta ere egin du.
Errepublikarren eta demokraten webgune ofizialak (Ralph Nader hautagai erreformista guztiz ahaztu barik) jarraitzaileendako dira, noski; hor, propaganda asko eta informazio neutralik ez. Hala ere, bitxikeria pare bat badago: esaterako, 2000ko Floridako boto galduen mamua itzuli da. Horri oihartzuna emateko, demokratek salaketa foro bat zabaldu dute. Bestetik, Bushen gainean mota guztietako iritziak entzun ditugu, baina, Kerry -Bush ez bestea, edo Senatari demokrata ilun hori deitzen diote- da kanpainako ezezagun handia. Hori konpontzeko, demokratek Kerryry protagonismoa ematea erabaki dute... eta baita errepublikarrek ere. Kerryren fan-ek mezuak bidaltzeko aukera dute bere blog-ean -Bushen blog-era AEBetatik kanpo sartzea galarazi dute, baina errepublikarren webgune baten badago berari mezuak uzteko aukera.
Lobbyek, famatuek, giza mugimenduek... horiek ere euren iritziari indarra eman nahi izan diote: adibidez, Giza Eskubideen Kanpainak edo AEBetako hainbat musikari eta aktorek. Baina, izarrak ez ezik, senideak ere aurka jarri zaizkio George W. Bushi: izan ere, Bush familiako hainbatek argi utzi nahi izan dute ez diotela bere lehengusu horri leialtasunik zor, eta demokrata bozkatuko dutela.
Horretan demokratek irabazi badute Interneteko hauteskundea, jokoetan, ordea, errepublikarrak dira nagusi: Kerryz barre egiten duten Monopolyren bertsio berezi bat, zerga-inbaditzaileen aurkako gudua eta boxeo norgehiagoka bat dezente zabaldu dira internauten artean. Demokratek horri ostikoka erantzun diote.
Gauzak patxadaz eta umorez hartzea inoiz txarto ez datorrelako, webgune pare bat badago. Estatubatuarrek bere buruaz barre egiten ere badakite, eta hala ikus dezakegu The Onion web-komunikabide satiriko ezagunean. Lagun batek esan zidan bezala, "seguru asko, benetan egin eta esan nahiko lituzketen gauzak dakartza". Eta, abstentzio ikaragarriaren aurka jendea bozkatzeko kontzientziatzeko ezohiko modua aukeratu dutenen kasua ere badago, Votergasm webgunean. Aitzakia zein den ezetz asmatu.
Bestalde, amerikarrek hain maite dituzten hiri-legenden webguneak George Bushen eta John Kerryren inguruko zurrumurruak, usteak, esanak eta txutxumutxuak bildu dituzte. Guztiak ezin sinetsi, ordea.
Eta hori guztia ikusita, inor berea botatzeko gogoarekin gelditu bada, horretarako ere badago soluzioa: lagun bat, boto bat. Modu sinbolikoan besterik ez bada.
Erantzun
Sartu