Teknologia albisteak

Euskal bertsoek eta olerkiek badute beren lekua sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-10-19 : 13:10

Bertso eta Olerkien Hemeroteka aurkeztu dute gaur Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Julen Urkizak hasitako lanaren jarraipena da hemeroteka birtual hori. XIX mendetik gaurdainoko egileen, aldizkarien eta bertso edo olerkien fitxak bildu dituzte hemerotekan.

Urkizak 1990 bitartean XIX. eta XX. mendeko 450 aldizkaritatik 46.000 fitxa bibliografiko baino gehiago bildu zituen. Fitxa horiez gain aldizkari eta egileen zerrenda azaltzen dira haren liburuan. Ametzagaiña Taldeak Julen Urkizaren lana sareratzeko aukera izan zuen eta Susarekin hitzarmena sinatu zuen. Hala, Susaren Armiarma.com webgunean dago kokatuta hemeroteka berria.

Bi urtetako lana

2002an hasi ziren Bertso eta Olerkien Hemeroteka antolatzen eta une honetan egitura informatikoa erabat landuta dago. Urkizak bildutako fitxekin batera, 1990etik gaurdaino sortutako bertso eta olerkiak ere biltzen joango dira. Webgunean dagoeneko argitaratuta dauden bertso eta olerkien informazioa ematen da.

XIX. mendetik gaurdainoko egileen fitxa, aldizkarien fitxa, bertso edo olerkien fitxa eta berauek bidaltzeko formularioa indarrean daude jada. Fitxa hauek bakarka edo erlazionaturik ikusteko aukera dago eta hiperloturak ere nonahi erabiltzen dira.

Hemerotekaren helburuak

  • Euskaraz idatzitako eta idatziko diren bertso eta olerkien bilketa erabilgarria egitea euskal gizartearentzat.
  • Idatzi diren eta idatziko diren bertso eta olerkien identifikazio ahalik eta osatuena egitea (nork idatzi duen/zuen, non idatzi duen/zuen eta noiz idatzi duen/zuen).
  • Bertso eta olerki-egileen izendapen-irizpideak proposatzea eta finkatzea euskal kulturaren alor honen "autoritate-sistema" finkatze bidean gera dadin. Guztira 30.000 inguru sinadura daude eta horietatik asko eta asko ezezagunak izango badira ere, beste asko pertsona bat edo besteari buruzkoak izango dira.
  • Bertso eta olerkien bilketa ahalik eta era automatikoena egiteko bideak antolatzea, bai bide teknologikoak, baita onarpen-irizpideei dagozkienak ere.

Dokumentu historikoa lehenetsi dute

Bertso eta olerkien testuen eta faksimileen %20 topa daiteke webgunean, beti ere argitara emandako moduan. Digitalizazio-prozesuan dokumentu historikoa lehenetsi dute. Testu hutsarekin batera faksimilea gordetzen saiatzen dira, hainbatetan testuaren kokagunea argitaratutako aldizkarian oso esanguratsua izan baitaiteke.

Webgunea hobetzen etengabe

Euskal Bertso eta Olerkien Webgunean aldaketak, gehikuntzak, zuzenketak eta aldaketak etengabe egiten dira. Asmo nagusia ahalik eta obra osatuena lortzea da eta horretarako pausuak hauek izango dira:

  • Dagoeneko sailkatuta dauden bertso eta olerkiei testua eta faksimilea gehitzea (zenbait aldizkarien kasuan eginda dago lan hau).
  • 1990etik gaur arteko bertsoak eta olerkiak sailkatzea.
  • Autoritate sistema fidagarri bat eratzea: lan handia egiten ari dira esparru honetan.

Horretarako, ezinbestekoa da beste erakunde eta pertsonen laguntza. Horretarako jarri dute parte hartu atala.

Euskal Bertso eta Olerkien webgunea: www.armiarma.com/urkiza

Erantzun

Sartu