Sautrela berriz ere abian
Literatura zatiak
Han hemenka literatura zatiak aurkituko dira txertaturik saio guztian zehar: Kirmen Uribe eta Pako Aristi idazleek, txandakaturik, aukeratutako literatur pitxien irakurketak egingo dituzte astero. Kritikaren atala aldiz, Jose Luis Padron, Mari Jose Olaziregi eta Amagoia Iban-en esku egongo da.
Lehen elkarrizketatuak
Lehen saioko elkarrizketatuak Mari Jose Olaziregi EHUko Euskal Filologia Fakultateko irakasle eta literatur kritikaria eta Jorge Gimenez Euskal Editoreen Elkarteko lehendakaria izango dira.
Hurrengo astean, hilaren 6an, Olaziregik Basque Short Stories edo ingelesera itzulitako euskal ipuinen antologia aurkeztuko du Frankfurteko liburu azokan. Euskal literatura mundu anglosaxoniarrean ezagutzera emateko asmoz, Renoko Unibertsitateak abian jarritako Basque Literature Series bildumaren lehen alea dugu aipatu antologia. Bilduma horretako zuzendariak Linda White Renoko Unibertsitateko irakaslea eta Olaziregi bera dira.
Basque short stories-ek hamalau euskal idazleren ipuinak biltzen ditu. Aukeraturiko egileak dira: Bernardo Atxaga, Juan Garzia, Karlos Linazasoro, Xabier Montoia, Lourdes Oñederra, Ixiar Rozas, Harkaitz Cano, Arantxa Iturbe, Anjel Lertxundi, Iban Zaldua, Joseba Sarrionandia, Javi Cillero, Inazio Mujika Iraola eta Pello Lizarralde.
Jorge Gimenez ere Frankfurten izango da, urtero legez, euskal editoreen izenean. Bai bera bai Olaziregi Basque short stories bezalako proposamenek euskal literaturari ekar diezaioketen onurez, Frankfurteko azokaren garrantziaz zein itzulpengintzaren beharraz mintzatuko dira Hasier Etxeberriarekin.
Literatura eta zinema
Bien bitartean, lehen saioko erreportaje nagusiak literatura eta zinema izango ditu hizpide. Montxo Armendariz hasia da Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuari buruzko filma egiten, baina hau ez da euskal liburu batek pantaila handira jauzi egiten duen lehen aldia. Hortxe daude Zergatik Panpox, Hamaseigarrenean aidanez, Ehun metro Euren esperientzia pertsonalean oinarrituta, literaturaren eta zeluloidearen arteko harremanari buruz hitz egingo dute Arantxa Urretabizkaiak eta Xabier Elorriagak.
Erantzunak kargatzen...